Nola eraikitzen du artistak bere unibertsoa? Abeslari batek bere marka pertsonala izan dezan, kantuetatik haratago joan behar du: bideo-klipak, diskoetako ilustrazioak, emanaldietako jantziak, sare sozialak... Asko dira zaindu, mimatu, beharreko elementuak sortzailearen arrastoa antzeman dadin egiten duen horretan guztian.
Hori horrela, ikus-entzunezkoek artista baten bilakaeran duten eraginari buruz hausnartzeko proposamen batekin dator oraingoan Tabakalerako 2deo ikus-entzunezkoen laborategia: Izaro Eraikiz. Datorren astelehenean izango da, 2deo gunean, eta bertan abeslariaren unibertsoaren sorreran parte hartu duten profesionalak eta Izaro Andres bera elkartuko dira.
Sarrerak agortuta daude, Izarok izenpetzen dituen ekitaldi guztietan gertatu ohi den bezala. Ildo horretatik, Tabakaleran argi daukate zein garrantzitsua den euskal sorkuntzan nabarmentzen ari diren artistei ahotsa ematea: “Euskal Herrian ditugun sortzaile guztiei ahotsa ematea da 2deoren erronka. Ikus-entzunezkoen sorkuntzaren arloan talentu handiko euskal sortzaile asko daude eta hauek beti izango dute toki bat 2deon”, nabarmendu du Tabakalerako ikus-entzunezkoen koordina-tzaile Alexander Padillak, topaketan gidari lanak egingo dituenak.
2deoren urte oparoari amaiera borobila emateko aukera paregabea izango da asteleheneko hitzordua. “Izaro oso momentu profesional onean dago, euskal artista gazte erreferenteetako bat da eta, gainera, Donostian bertan bizita, ezin genuen pertsona hoberik aurkitu horrelako topaketa baterako”, adierazi du Padillak.
Izaroren unibertsoa
Topaketak Mallabiako abeslariaren bilakaera ikaragarria errepasatzeko aukera emango du, eta horretarako, bere “unibertsoa” eratzen lagundu dioten profesionalak izango ditu ondoan: Ander Merino zinemagilea (Limoiari eztia dokumentalaren egilea), Markel Idigoras diseinatzaile grafikoa, Claudia Chocarro moda diseinatzailea eta Sergio Cruzado agentea.
2016. urtean Om izeneko estreinako diskoa kaleratu zuenetik, bilakaera ikaragarria izan du Izarok, eta Tabakalerako proposamenaren harira, horren inguruan bereziki pentsatzeko aukera izan du egunotan: “Uste dut ariketa oso interesgarria dela. Azken sei urtetako bilakaera hitz gutxitan adieraztea ez da erraza. Asteleheneko mahai-inguruan emango ditut xehetasunak, baina aurrerapen modura esango nuke bi inflexio puntu izan ditudala: 2018 eta 2021. urteetan”, esan du.
Izaro Andrés
“ Azken sei urtetako bilakaera hitz gutxitan adieraztea ez da erraza, baina oso ariketa interesgarria izango da ”
Izaro Andres - Abeslaria
Hasierako Izaroren esentzia galdu ez badu ere, “urteen poderioz, gauza pilo bat irabazi” dituela aitortzen du, bide batez, gauzak “joaten uztearen garrantzia” azpimarratuz: “Gauza horien nondik norakoak nireak direla ikasi dut, eta intimitatean gauza pila gordetzen eta babesten ari naiz orain”, gaineratu du.
Sortzaile izan nahi duzu?
Izaro bezalaxe, sortzaile izan nahi duten gazteek toki aproposa aurkituko dute Tabakalerako 2deo laborategian. Izan ere, zabalik dago bere deialdi iraunkorra, euskarazko eduki berritzaileak sortzen dituzten gazteen ikus-entzunezko proiektuak tutorizatzeko eta babesteko helburua duena. Horretarako, programak mentoreak, banakako aholkularitza eta 2deo laborategiko tresnak eta instalazioak erabiltzeko aukera ematen dizkie parte-hartzaileei.
Aurkezten diren proiektuek nahitaez izan beharko dituzte euskarazko ikus-entzunezko edukiak. Dena den, askotarikoak izan daitezke landutako gaiak, hartzaileen sektoreak eta erabilitako ikus-en-tzunezko euskarriak: artea edo aldaketa klimatikoari buruzko gai dibulgatiboak; podcastak; filosofiari, historiari, politikari edo umoreari buruzko kanalak; musika, lifestyle delakoa edo bidaiak hizpide dituzten sare sozialetako kontuak, eta abar.
Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatu eta Tabakalerak kudeatutako ikus-entzunezkoen laborategia da 2deo. Euskarazko edukien ekoizpena eta kontsumoa sustatzea, sormenerako testuinguru berriak sor-tzea, formatu berriekin esperimentatzea eta sektoreko eragileen arteko elkarlana sustatzea dira, besteak beste, 2deo laborategiaren erronkak.
Informazio gehiago: tabakalera.eus webgunean.