Usurbilek euskal kulturaren historian mugarri izan zen sorkuntzaren 50. urteurrena ospatzeko hitzordu berezia izango du uztailaren 18an. Egun horretan, 22.30ean, Loraldiak ekoitzitako Ikimilikiliklik vol. 2 ikuskizuna eskainiko dute Dema plazan, doan, 650 Usurbil Bizi proiektuaren eta Noaua! Kultur Elkartearen ekimenez.
Emanaldiak 1976an Joxan Artzek, Jexux Artzek, Mikel Laboak eta Jose Luis Zumetak sortutako Ikimilikiliklik sentikariari egingo dio keinua, baina ez omenaldi soil gisa, baizik eta haren espiritua gaur egungo sorkuntzarekin berrinterpretatzeko proposamen artistiko gisa.
Usurbilgo emanaldiak, gainera, berezitasun bat izango du. Antzokietarako sortutako ikuskizuna aire zabalean eskainiko dute lehen aldiz, Dema plazan. Loraldiaren ustez, erronka teknikoa izateaz gain, aukera paregabea ere bada euskal kultura herritarren eguneroko espazioetara eramateko.
Edurne Azkaratek zuzendutako ikuskizunean belaunaldi eta diziplina ezberdinetako sortzaileak elkartu dira. Besteak beste, Iñaki Salvador musikariak, Oreka TX taldeko Harkaitz Martinez de San Vicentek eta Itziar Navarrok, Libe Kortazarrek, Intza Alkainek eta Itziar Garalucek parte hartzen dute, musika, hitza, irudia eta arte eszenikoak uztartzen dituen proposamen batean.
Ekitaldiaren aurkezpenean, Usurbilgo Udaleko, 650 Usurbil Bizi proiektuko, Noaua! elkarteko eta Loraldiako ordezkariek nabarmendu zuten ikuskizunak lotura estua duela herriaren nortasunarekin.
Usurbilekin lotura estua
Agurtzane Solaberrieta Mesa alkatearen esanetan, euskal kulturaren historian Usurbilek izan duen lekua ezin da ulertu Artze anaien, Mikel Laboaren eta Jose Luis Zumetaren ekarpenik gabe. Joxan eta Jexux Artze Ez Dok Amairu mugimenduko kide izan ziren, eta Laboak ere lotura estua izan zuen herriarekin, Artze anaiekin eta Zumetarekin izandako harreman pertsonal eta artistikoari esker. Bestalde, Zumetak Laboaren hainbat diskoren azal ikonikoak sortu zituen, eta Joxan Artzeren hitzek bizia eman zieten kantautorearen abesti ezagunenetako askori.
Harreman horren arrastoak gaur egun ere ikus daitezke Usurbilen. Horren adibide da Jose Luis Zumetaren muralaren ondoan dagoen plazak Mikel Laboaren izena eramatea. Solaberrietaren hitzetan, horrek erakusten du herriak artistari zion eta oraindik dion aitortza. Horregatik aldarrikatu zuen Usurbil “Ez Dok Amairuren herria” dela, mugimendu haren sorreran eta garapenean izan zuen garrantziagatik.
Testuinguru horretan ulertu dute 650 Usurbil Bizi proiektuak eta Noaua! elkarteak Ikimilikiliklik vol. 2 Usurbilera ekartzeko erabakia. Bi eragileen ustez, ikuskizunak bat egiten du proiektuaren helburuekin: herriaren memoria kulturala belaunaldi berriei transmititzea eta euskal sorkuntza garaikidea herritarren eskura jartzea.
Gainera, Noaua! elkarteak aurten 30 urte bete dituenez, urteurreneko ekitaldi nagusietako bat ere izango da.laren 18ko emanaldia.Antolatzaileek herritar guztiak gonbidatu dituzte uztailaren 18an Dema plazara hurbiltzera. Haien esanetan, gau horretan ez da soilik ikuskizun bat eskainiko; duela 50 urte euskal kulturaren berrikuntzan giltzarri izan zen sormenaren espiritua berriz ere plazara eramango dute, memoria, transmisioa eta gaur egungo sorkuntza artistikoa berriro elkartuz.