Actualizado hace 6 minutos
Duela mende erdi erein zen lehen hazia. Eta 50 urte geroago, ibilbide luze baten ondoren, Kilometroak abiapuntura itzuliko da. Lazkao prest dago igande honetan euskararen plaza nagusi eta euskaldun guztiontzako arnasgune bihurtzeko. “Ez da ohiko edizioa izango; bost hamarkadaren ibilbidea ospatzeko aukera paregabea izateaz gain, urte hauetan guztietan euskararen, hezkuntzaren eta herrigintzaren alde lanean aritu diren pertsonak omentzeko eguna ere izango da”, azpimarratu du Lazkaoko Ikastolako lehendakari den Irantzu Amundarainek.
Urte osoan zehar ilusioz eta gogoz lanean aritu den Lazkaoko Ikastolako komunitatearen ahalegina borobiltzeko unea iritsi da. Hala, biharkoa Kilometroen 50. edizioaren ospakizun nagusia izango da, Ibilian ibilian buelta! lelopean.
'Ibilian-ibilian, buelta!' lelopean, festa giroan murgiltzeko prest daude Lazkaoko Ikastolan.
Lau gunetan banatuta
Jaia herriko lau gunetan banatuko da: Ikastola inguruan, Iturrialdean, Lazkao Txiki plazan eta Gurutze auzoan. Guztira, 30 ekintza baino gehiago izango dira heldu zein haurren gozamenerako: musikatik hasi eta euskal kulturaren beste hainbat adierazpenetaraino. Beraz, proposamenez beteriko egitaraua izango da.
Eszenatokietan, besteak beste, Edu Zardoya, Skabidean, Nafarroa 1512, Goxua’n Salsa, Eider Saez lazkaotarra eta Gozategi arituko dira; horiekin batera, herri kirolak, dantza saioak, bertsolariak, herri bazkaria, artisau azoka... ere izango dira programaren parte, egunari jai-giroa eta euskal kulturari presen-tzia emanez.
Festaren erdigunean, Hirigoien kalean urte guztian zehar arropa saltzeko jarritako Enparantza guneak ere bere lekua izango du. Bertan kokatuko da 'KMK irratia', eta eguneko protagonisten hitzak biltzeaz gain, jaiak emandakoaren berri emango du zuzenean.
Herritarren proposamenak
50. edizioa izanik, iraganari begiratzeko tartea ere izango du egunak. Horren erakusgarri da 'Denboraren tunela' ekimena, ikastolako euskara taldeko ikasleek prestatutakoa. Antolakutzaren esanetan, jai eremuan bost tunel jarriko dituzte, hamarkadaka banatuta, eta bakoitzaren barruan hamarkada horietako Kilometroak ospakizunen inguruko informazio panelak egongo dira, jendeak bisitatu ditzan. Atzera begirako ariketa horrekin batera, ordea, etorkizunari ere erreparatuko diote; horretarako, seigarren tunel bat sortuko dute, herritarren ekarpenak jasotzeko.
Egitarauaren baitan izango da, halaber, 'Erronkako finala' izenburuko ekimena. Bertan, 25 ikastolatako Bigarren Hezkuntzako ikasleak norgehiagoka arituko dira, frogarik froga euren abilezia erakusten.
Lazkaoko Ikastolako irakasle eta langile batzuk.
Garraio publikoa
Lazkaora iristeko, antolakuntzak garraio publikoa erabiltzeko deia luzatu du, eta horretarako, zerbitzu gehiago eskainiko dituzte bai Renfeko aldirietako trenek, baita Lurraldebusek ere. Era berean, ibilgailuentzako aparkalekuak egokituko dira, eta lehen aldiz, bizikletak uzteko toki itxi eta zaindua atonduko da jaiaren erdigunean.
Sexu erasorik gabeko jaia
Segurtasunari eta zaintzari dagokienez, argi adierazi dute sexu-erasorik gabeko festa nahi dutela. Horren harira, gune guztietan puntu moreak ipiniko dituzte, sexu-erasoren bat gertatuz gero, biktimek bertara jotzeko aukera izan dezaten, laguntza, babesa eta orientazioa jasotzeko. Testuinguru honetan, tabernariek ere protokoloa jaso dute, horrelako egoeren aurrean nola jokatu jakiteko.
Duela 50 urte, 1977an, Lazkao eta Beasain artean egin zen lehen aldiz Kilometroak jaia. Ordutik, euskararen eta ikastolen aldeko auzolana lau haizetara zabaldu da, eta bost hamarkadatan zehar milaka herritar elkartu ditu helburu beraren inguruan. “Euskaratik eta euskararentzat egindako auzolan erraldoia da. Euskara komunitatea josteko, aisialdian bizitzeko, kulturan parte hartzeko eta pertsonen egunerokoan presente egoteko hizkuntza izatea nahi dugu. Horretarako, tresna paregabeak dira Kilometroak bezalako jaiak”, nabarmendu dute ikastolatik.
Mende erdi geroago, Kilometroak berriro abiapuntura itzuliko da, egindako bidea gogora ekarri eta etorkizunari begira jartzeko.
Egitarau osoa hemen.