Actualizado hace 4 minutos
Hondarribiko Done Pedro Itsas Gizonen Kofradiak bi argitalpen berri kaleratu ditu, herriko arrantza-sektorearen historia eta balioak gazteen artean zabaltzeko eta Aspanogi elkartearentzat dirua biltzeko asmoz. Argitalpenak ezagutzera emateko, gaur goizean aurkezpen ekitaldi bat egin da Itsas Etxea Audotirumean, udalerriko hiru ikastetxeetako (Talaia, Ama Guadalupekoa eta Egiluze) ikasleekin.
Kaleratu berri den liburuetako bat '1361 Done Pedro, Hondarribia' da. Publiko helduari zuzenduta dago, Bakarne Atxukarro eta Izaskun Zubialde idazleek idatzi dituzte testuak eta Raquel Samitierrek egin ditu ilustrazioak. Lan honek Done Pedro Itsas Gizonen Kofradiaren ibilbide historikoa kontatzen du, 1361ean jasotako lehen arautze ofizialetik gaur egunera arte.
Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren hitzetan, lehen argitalpen honek Kofradiak egin izan duen lan garrantzitsuaz hitz egiten du. "Adibidez, arrantzaleen arteko elkarbitzitza zaintzea; arriskuan zeuden ontziei laguntzea; behartsuei eta gaixoei laguntzea; humezurtzei babesa emaeta, etabar. Gaur egun elkartasuna, lehentasuna eta zaintza oraindik bizirik daude Kofradian", esan du.
Haurrentzat komiki bat
Bigarren argitalpena, 'Rufino itsasoko periletan' komikia da. XIX. mendeko haur hondarribiar baten istorio errealean oinarritutako ipuina da, Atxukarro eta Zubialderen testuak eta Asun Egurzaren irudiak biltzen dituena.
Egileek azaldu dutenez, “Rufino Berrotaran 11 urteko mutikoa itsasoaren arriskuak lehen pertsonan pairatu zituen. Berak zortea izan zuen, baina itsasoak arriskuak dituela erakusten digu".
Proiektuari dagokionez, idazleek orain dela bi urte Kofradia beraiekin harremanetan jarri zela azaldu dute, eta orduan hasi zirela ikerketa txiki bat egiten. "Testu luzeen ordez testu laburrak sortu nahi izan ditugu, ulergarriak eta haurrei zuzendutakoak, haien artean bokazioa pizteko eta itsasoarekiko lotura ez galtzeko”.
Aurkeztutako argitalpenek, gainera, ikus-entzunezko material osagarria dute. Atxukarro eta Zubialdek berretsi dutenez, “21 bideo sortu dira gazteentzat erakargarriagoak direlako”.
Liburu solidarioak
Nabarmendu behar da proiektuak Euskadiko Itsas Garapen Elkartearen eta Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren babesa jaso duela, eta euskaraz zein gaztelaniaz kaleratu direla. Ekimen solidarioari dagokionez, Kofradiak Gipuzkoako ospitale onkologikoan dauden haurrei ere helarazi dizkie aleak, Aspanogiren laguntzarekin. Liburuak Hondarribiko Done Pedro dendan egongo dira salgai, eta bildutako diru guztia Aspanogi elkartearentzat izango da.
Gaurko aurkezpenean, Igor Enparan Hondarribiko alkateak esan du ekitaldia ez zela "bakarrik liburu baten aurkezpena; gure herriaren historiari, nortasunari eta etorkizunari zuzenean lotuta dago”. Alkateak argi azaldu duenez, “Udalak eta Kofradiak ez dute beti harreman ona izan, baina gaur hemen egoteak erakusten du iraganeko errespetutik abiatuta elkarrekin eraiki nahi dugula etorkizuna”. Enparanek arrantza-sektorearen erronkei ere egin die erreferentzia, eta nabarmendu du “biderik zuzenena elkarlanean aritzea” dela. Bere hitzetan, liburuek “memoriari, ezagutzari eta aitortzari ekarpena egiten diote, eta ezin da etorkizunik egon iragana ezagutzen eta baloratzen ez duen herriarentzat”.
Gaur goizean Itsas Etxea Auditoriumean egin den ekitaldiaren argazki bat.
Bestalde, Barredok balioan jarri du ekimen solidarioa: “Liburuak ospitaleko gazteei bidaltzea eta salmentetatik ateratako irabaziak Aspanogira bideratzea guztiz esanguratsua da”.
Zentzu honetan, Aspanogiren ordezkari Nekane Lekuona Amantegik azaldu du elkartea 1998an lau familiek sortu zutela, minbizia duten haur eta nerabeak eta haien familiak laguntzeko asmoz. Gaur egun 265 familia artatzen dituzte, eta Lekuonak nabarmendu du “prozesu onkologiko osoan arreta osoa eskaintzea” dutela helburu. Gaineratu du, halaber, oso garrantzitsua dela informazioa eta kontzientziazioa lantzea, komunitatea inplikatu behar delako. "Gaixotasunak ez dio familia bati bakarrik eragiten, eta horregatik denon artean lagundu behar dugu”.
Bukatzeko, Done Pedro Itsas Gizonen Kofradiako lehendakari Norberto Emazabelen arabera, “oso garrantzitsua da etorkizuneko belaunaldiek jakitea eta ulertzea zein garrantzitsua den arrantza-sektorea gure nortasunean eta udalerrian, eta gure ogibidea lan-aukera duin eta etorkizun interesgarrikoa dela berriro ikustea”. Emazabelek emozioz aipatu du, halaber, Aspanogiko haurrei bidalitako liburuek duten balioa, eta adierazi du garrantzitsua dela liburua irakurriko duten haurrek "kai berrian itsasontziak ikusten dituztenean jakin dezatela horien atzean historia eta kultura bat dagoela, bai eta arrantzaleak nortzuk garen ezagutzea ere”.