Gipuzkoa

Hernanikua, elikadura estrategiaren marka berria

Lehen sektorea eta haren balio-kate osoa biltzeko proiektua aurkeztu dute
Hernanikua markaren sustatzaileak.
Hernanikua markaren sustatzaileak. / N.G.

Actualizado hace 6 minutos

Hernaniko elikadura estrategiak marka propioa izango du aurrerantzean: Hernanikua. Udalak eta Hernani Burujabeko Elikadura Mahaiak astelehen honetan aurkeztu dute ekimena, Hernaniko lehen sektorea ikusgarri egin, tokiko produktuei balioa eman eta elikadura burujabetzaren inguruan ari diren eragileak sare berean biltzeko helburuarekin.

Hernanikua markak hainbat esparru hartuko ditu bere baitan: Hernanikua baratzeak, Hernaniko ekoizleen produktuak, Nekazaritza Eskola eta elikadura burujabetzarekin eta elikaduraren sektorearekin lotutako egitasmoak. Aurkezpena Hernanikua espazioan egin dute, duela gutxi arte Karabeleko gisa ezagututako gunean. Bertan izan dira Patxi Ibarguren Tokiko Garapeneko zinegotzia eta Hernani Burujabeko Elikadura Mahaiko ordezkariak: Kontxi Zubiondo HENASEtik, Bidatz Barrenetxea Bertatik-etik eta Oihana Aristegi Herrilurretik.

Ibargurenek elikadurak herriaren eta lurraldearen egituraketan duen garrantzia azpimarratu du. “Bizitza mahaiaren inguruan gertatzen da. Gure elikadurak errotzen du gure lurraldea eta lurrak elikatzen gaitu”, adierazi du. Haren hitzetan, herriko elikadura-komunitatea osatzen duten eragileek, bakoitzak bere esparrutik, tokiko alternatibak sustatzeko aukera dute. “Izan ere, elikadura gara. Kontsumitzen duguna gara. Herrian sustatzen duguna gara”, gaineratu du.

Lehen produktuak, ostiraleko azokan

Hernanikua markaren lehen produktuak urriaren 2an, ostiralean, ikusi eta erosi ahal izango dira. HENASEk bertako produktuen azoka antolatu du egun horretan, Bakailao Astearen barruan. Azoka Plaza Berrian egingo da, 10.00etatik 14.00etara, eta euria eginez gero Atsegindegira lekualdatuko da.

Aurkezpenean azaldu dutenez, dagoeneko Bertatiken eraldatu dituzte Hernanikua marka eramango duten lehen produktuak, eta ostiraleko azokan jarriko dituzte salgai. Aurrerantzean, Hernaniko produktuak Hernanikua pegatinarekin identifikatuko dira, herritarrek jakin dezaten herrian bertan ekoitzi edo transformatu direla.

Azokan bertan, gainera, Hernanikua markak bere postua izango du eta marka daramaten erosketa-poltsak banatuko dituzte. Horrela, proiektu berriak lehen urrats praktikoa emango du, tokiko elikaduraren inguruan sortutako sarearen eta herritarren arteko lotura indartzeko.

Hernanikua pegatina daramaten produktu batzuk.

Hernanikua pegatina daramaten produktu batzuk. N.G.

Hernanikua markak, halaber, bertako produktuen ikusgarritasuna handitzeko eta herritarren kontzientziazioan eragiteko bokazioa izango du. Ibargurenen arabera, tokiko produktuaren garrantziaz kontzientzia zabaltzea, tokiko elikaduraren balio-kate osoaren emaitza erakustea eta estrategiaren atzean dauden balioak, hala nola jasangarritasuna eta inklusioa, sakontzea dira proiektuaren helburuetako batzuk.

“Hernanikua gure herriko elikaduraren nortasuna izango da”, azaldu du zinegotziak. Haren esanetan, herriko lehen sektorearen egungo egoera eraldatzeko estrategia baten marka izango da. Horretarako, elikadura-kate osoa bildu nahi du: nekazariak, abeltzainak, dendak, ostalaritza, hezkuntza-komunitatea eta herritarrak.

Elikadura Mahaiko kideek ere sarearen ikuspegia nabarmendu dute. Haien arabera, “Hernanikua guztion artean osatutako sare bizi bat izango da”.

Baserritik mahaira, kate osoa

Kontxi Zubiondo HENASEko kide eta baserritarraren arabera, Hernanikua “hemengoa eta gurea” da. Markaren barruan sartuko dira Hernaniko baserrietan, herriko lurretan eta dagokion sasoian ekoitzitako elikagaiak. Horien atzean dagoen lana, zaintza eta dedikazioa ere aldarrikatzen ditu proiektuak, tokiko ekonomia eta lurraldea indartzeko konpromisoarekin batera.

Ekoizpenaren ikuspegitik, Hernanikuak bertako ekoizpena eta produktuak ezagutarazi eta balioan jartzeko eta ekoizpen jasangarria indartzeko balioko du, Zubiondok azaldu duenez.

Bidatz Barrenetxeak, Bertatikeko ordezkariak, berriz, “kate osoa” dela nabarmendu du. “Baserritik transformazio gune edo sukaldeetara, eta tokiko denda, jatetxe, etxe eta eskoletara iristen da”, azaldu du. Horrenbestez, Hernanikua kate horretan parte hartzen duten eragileak artikulatzeko tresna ere izango da: ekoizleak, saltokiak, kontsumo taldeak, enpresak, jantokiak eta transformazio-guneak, besteak beste.

Barrenetxearen esanetan, elkarren arteko ezagutza eta koordinazioa sustatzea izango da helburuetako bat, eragile bakoitzaren errealitatea eta beharrak kontuan hartuta. “Azken finean, komunitatea sortzeko” balioko duela adierazi du.

Herrilurreko Oihana Aristegik ere baserritarren lana eta kontsumo arduratsua lotu ditu markarekin. Bere ikuspegitik, Hernanikua baliagarria izango da dendetan eta jatetxeetan bertako produktuak erraz identifikatzeko eta hautatzeko, tokiko ekoizpenaren salmenta bultzatzeko eta merkataritza txikia indartzeko.

Ibargurenek, azkenik, “Hernanikua herriari bizia emateko modu” gisa definitu du proiektua. Haren esanetan, markak “itzalpeko lana agerian jartzen du” eta, besteak beste, herriko baserrietan jarduera mantentzen, proiektu sozialak garatzen, lanbide eta bizibide berriak sortzen eta nekazaritza-lurrak zaintzen lagundu nahi du.

Etiquetas
2026-09-28T14:30:59+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo