Gipuzkoa

'Harro hadi', 2027ko Kilometroak jaiaren leloa

Jarrera bat eta “aktibaziorako deiadar bat” dela adierazi dute Aranzadi Ikastolako ordezkariek, "Bergara eta Euskal Herria Ikastolek defendatzen duten herri-eredutik eraikitzeko"
'Harro hadi’ leloa aurkeztuko dute gaur Bergarako udal pilotalekuan egindako ekitaldian.
'Harro hadi’ leloa aurkeztuko dute gaur Bergarako udal pilotalekuan egindako ekitaldian. / A.D.

Udal pilotalekua jendez lepo beteta, 2027ko urriaren 3an Bergaran ospatuko den Gipuzkoako Ikastolen aldeko jaia aurkeztu dute gaur. Leloa, logotipoa, arropa eta datozen hilabeteetako ekintzak ezagutarazteaz gain, ezustekoetarako tartea ere izan da: Pantxoa eta Peio frontoian bertan izan dira lau abesti kantatzen.

'Harro hadi' izango da Kilometroak festaren leloa; “jarrera bat” iradokitzen duen leloa, "egiteko eta egoteko" modu bat irukikatzen duena, adierazi dute: “Inurri-lanaren bidez, txikitik eta isilean egindako elkarlana bistaratu nahi du. Harrotasuna piztu eguneroko lanaren bidez eraikitako guztiagatik, edota deseraikitzeko hartutako erabakiegatik. Harro Ikastola eta herria kontzientziaz elikatzeagatik".

Azaldu dute leloa deiadar bat ere badela, “aktibaziorako” deiadarra. “Bergara eta Euskal Herria Ikastolok defendatzen dugun herri-eredutik eraikitzeko beharra adierazten du. Herrien eta norbanakoen askatasuna kolokan dagoen honetan, hizkuntza eta kultura txiki eta gutxituen aldeko defentsara deitzen du”, azpimarratu dute.

Aldi berean, bere baitan laia bat du, “esangura ikur bat” . “Garai batean, mekanizazioa iritsi aurretik, lurra eskuz iraultzeko, prestatzeko eta sakon ereiteko erabiltzen zen laia Euskal Herriko soroetan” -gaineratu dute- “auzolanaren eta komunitatearen adierazgarri leiala da, eta erabat lotuta dago lurrari eta oparotasunari”. 

Eta horixe da, hain justu, 2027ko Kilometroetan egin nahi dutena: “Lurra irauli, sakon landu, hazia erein eta uzta emankorra jaso”. Izan ere, argi dute kontzeptu horrek bat egiten duela Kilometroen filosofiarekin: “Gure sustraiak aldarrikatu, komunitatearen indarra erakutsi eta datozen belaunaldientzako lur emankorra prestatzera goaz”, aipatu dute.

Dirua, teilatua konpontzeko

Ikastola-ereduarekiko atxikimendua estutzea; Bergarako herrigintza osatzen duten eragile eta kolektiboekin eskuz esku lanean jardutea; gero eta gizarte "indibidualistagoaren" aurrean, auzolanaren kultura ere hauspotzea, eta euskararen aldeko pizkunde berri baterako akuilu izatea dira lau helburu sozialak.

Arlo ekonomikoari dagokionez, 'Teilaz teila' kanpaina aurkeztu dute, Ikastolaren teilatua konpontzeko egitasmoa, alegia. "Ikastolako teilatua egoera kaskarrean dago eta hori konpontzera bideratuko dugu batutako dirua. Jakin badakigu jasotakoak ez duele kostua osorik estaliko, baina lehen pausoa izan dadin nahi dugu”, nabarmendu dute.

Pantxoa eta Peio bikote lapurtarrak bat egin dute Kilometroak jaiaren aurkezpenarekin.

Pantxoa eta Peio bikote lapurtarrak bat egin dute Kilometroak jaiaren aurkezpenarekin. N.G.

Telesforo Monzonen erreserkia

'Plazara euskara', Ikastolen ereserkia, Telesforon Monzonek 1969an idatzitakoa da, eta Pantxoa eta Peiok eman zieten bizia hitz haiei. Gaurkoan bi abeslariak ekitaldian bertan izan dira, Monzoni omenaldia egin eta Ikastolen proiektua babesten. Inork espero gabe agertu da bikote lapurtarra oholtzara, eta bertaratu direnekin abestu dute ereserkia. Amaieran, gainera, 'Txikia', 'Urtxintxak oihanian' eta 'Azken dantza' ere jo dituzte.

Arropa eta osagarrien denda

Oinarrizko eta udazkeneko kolekzioak ere aurkeztu dituzte. Oinarrizko kolekzioa urte osoan zehar egongo da eskuragai, eta udazkeneko kolekzioa, berriz, urtaroaren bueltako kolore eta diseinuekin. "Linea beltza" ere atera dute, estetika beltza oinarri duen kolekzioa. Bi estilo uztartu dituzte. Batek logotipoaren bueltako diseinu korporatiboa du; bestea, aldiz, Ikastolen ereserkia abestiko letrez osatuta dago.

Arropa eta osagarriak Zaiazko dendan egongo dira salgai (Telesforo Aranzadi 3). Lehen astean, azaroaren 30etik abenduaren 4ra bitartean egunero zabalduko dute 17:00etatik 20:00etara bitartean, eta larunbatean 9:30etik 13:00etara. Handik aurrera, ostegun eta ostiral arratsaldeetan, eta larunbat goizetan egongo da zabalik. Dena den, aurreratu dute, hitzordu berezietan, ezohiko ordutegia izango duela.

Lau bozeramaile

Aranzadi Ikastolaren komunitatea osatzen duten lau lagun izango dira Kilometroen bozeramaileak: Leire Urzelai gurasoa eta Ikastolako lehendakari ordea (abenduko batzar orokorrean hartuko du lehendakari kargua), Aritz Oteiza ikasle ohia eta guraso izan-berria, Ion Andueza Ikastolako gurasoa eta Artezkaritza Kontseiluko kide izandakoa, eta Aroa Elortza, Aranzadiko ikasle ohia.

Hurrengo ekintzak

Gaurko ekitaldiarekin Kilometroak hasi besterik ez dela egin gogorarazi dute. Urriaren 3ra arte ekintza andana antolatuko dute, ezarri dituzten helburuak betetzeko asmoz. Esaterako, urtarrilaren 16an, txapeldunen bertso-saioa egingo dute udal pilotalekuan, 22:00etan hasita. Euskal Herriko herrialdeetako txapeldun guztiak igoko dira taula gainera: Alaia Martin (Gipuzkoa), Aitor Etxeberriazarraga (Bizkaia), Maddi Ane Txoperena (Iparraldea), Xabat Illarregi (Nafarroa) eta Iñaki Viñasprek (Araba).

Horrez gain, martxoaren 13an, herri-kantaldi erraldoiarekin gozatzeko aukera egongo da frontoian bertan, Bergarako Musika eta Dantza Eskolarekin elkarlanean, euskal kantugintzaren errepaso handi bat egiteko, herriko musikari eta abeslarien ahotsetan.

En directo
Onda Vasca En Directo