Idazle zeharo emankorra da Asel Luzarraga Zarrabeitia (Bilbo, 1971). 'Puta jainkotiarrak' 17. eleberria du, trilogia utopiko bateko azkena. Esan gabe doa eta Zor-tzigarren hiria izenburuek osatzen dute urteetako imajinazio ariketa.
Zer nolako harrera jasotzen ari da ‘Puta jainkotiarrak’?
Oraindik jende gutxik daki argitaratu dugula, baina aurretik irakurri dutenen artean oso harrera ona izan du; batez ere, trilogia osoa irakurri dutenen artean. Esan gabe doa eta Zortzigarren hiria eleberriak independenteagoak dira, Askayalan kokatzen badira ere ematen du ez dutela hainbesteko loturarik; baina, hirugarren liburu honetan hari asko lotzen dira. Aurreko lanei lotuen dagoen liburua da.
Amaiera ematen dio trilogiari.
Orain arteko nire nobelarik onenak dira, alde horretatik oso pozik nago. Bide baten mugarria da trilogia hau, ez amaiera, jarraituko duelako. Pozik nago bai edukiaren aldetik, bai formaren aldetik: eszena guztiak oso zainduta daude, patxadaz eraiki ditut eta nire hautu literarioak hartu du beste arnas sakonago bat.
Forma aipatu duzu. Trilogiako hiru liburuak desberdin antolatuta daude. Zer garrantzia du formak?
Lehen ohitura nuen pertsonaien istorioak tartekatuz agertzeko, baina Esan gabe doa-n erabaki nuen, Bernardo Atxagaren Etxeak eta hilobiak irakurri ostean, lau kapitulutan banatzea eta bakoitza pertsonaia bati ematea. Zortzigarren hiria-n dualtasuna ageri da, Eleder predikaria eta auzo ahaztu matxinatua. Puta jainkotiarrak lanean hari nagusia da lehen nobelan agertzen den itxuran bigarren mailako pertsonaia baten, Agusen, egunkaria. Bigarren pertsonan idazten du, beste norbaiti kontatuko balio lez.
Agus hilda dago, ordea.
Nobelaren hasieran esaten da Agus hilda dagoela, eta Lore lehengusinak jaso dituela bere azken ondasunak: egunkaria bera eta Loreren eta Agusen aitaren arteko gutunak. Horiek dira plano nagusiak: Lore hildako lehengusuaren materiala irakurtzen eta iraganeko eskutitzen bitartez iragana gogora ekartzen, eta Agusek Askayalara egindako bidaia-kronika. Amaieran eranskin bat dago, Agusen doktore tesiaren zirriborroa izango litzatekeena. Jolas filosofiko bat da ausartenentzat, hori barik istorio guztia ulertzen da.
Liburuaren azala
Horregatik utzi duzu eranskin modura?
Hasieratik izan nuen idatzita. Nire inguruan filosofia maite duten lagunak ditut, nik ere filosofia, antropologia, soziologia eta abar asko irakur-tzen dut eta jolas moduan egin nuen, filosofo batzuei barre egitearren. Benetako hausnarketak daude, baina badauka adar jotzetik ere.
Askayala lurralde utopikoa ageri da trilogian, zein da egin nahi izan duzun ariketa?
2009an hasi zen hau dena ehuntzen nire buruan, eta bidean irakurketa asko izan ditut. Anarkista naiz eta banuen gogoa imajinatzeko gobernurik, dirurik, merkaturik, araurik gabeko gizarte bat. Amesteko eta irudimena erabiltzeko gonbita da. Gero eta gaitzago egiten zaigu beste bizimodu posible bat imajinatzea, historia amaitu balitz bezala, eta galdu ditugu esperimentatzeko gaitasuna eta gogoa. Gizartea aldatu gura badugu, lehenago gai izan behar dugu imajinatzeko, amesteko norantz joatea nahi dugun. Hau aukera bat da.
Zuk nola egin duzu ariketa hori?
Urte askoan egon naiz honetan pentsatzen: zelan antolatuko luketen hau edo bestea Askayalan? Etengabeko lan bat izan da, bueltak eta bueltak ematen, ezeri beldurrik izan barik: edozein galderari aurre egiteko prest eta doktrinarik gabe.
Irakurketatik eta esperientzia praktikoetatik ere edango zenuen.
Iturri nagusia antropologia izan da, batez ere herri indigenen eta guk primitibotzat jotzen ditugun herrien antolamendua, ehunka eta milaka urtez modu oso egonkorrean fun-tzionatu duten gauzak. Gaur egun martxan dauden esperientziak ere izan ditut buruan: Rojava, Txiapas, Errekaleor eta horrelako esperien-tzia autogestionatu eta horizontalak. Buenos Airesen militantzia anarkistan ezagututako kolektiboak, Antena Negra TV...
Azkenaldian euskal literaturan emankortzen ari dira utopiak eta distopiak.
Bitxia da. Bioklik lanaren lehen zirriborroa hasi nuenean, 2007 aldera, ez nuen distopiarik ezagutzen euskaraz. 2018an argitaratu nuen eta hortik aurrera gehiago hasi ziren ager-tzen. Aldi berean, orduan utopiaren bide paralelo hau nuen pentsatuta, eta trilogiarekin hasi nintzenerako ematen zuen bat-batean mundu guztiak idazten duela utopien gainean.
Nola ikusten duzu panorama?
Orokorrean, sentsazioa daukat euskaraz gero eta liburu gehiago argitaratzen dela, baina gero eta literatura gutxiago. Kostatu zait ase nauen euskarazko liburu distopiko zein utopikoak aurkitzea. Batzuk erabaki dute utopiak bultzatu behar direla, distopiak atzerakoiak direla, Orwell, Huxley eta horiek denak atzerakoiak izango balira bezala. Teknoutopien alde egiten dute horiek, solarpunk-a. Uste dut autokonplazentzian eta errazkerian jausten garela. Lehen munduko ikuspegia da, guretzat erosotasuna dakarren teknologiak salbatu gura ditugu, baina lar pentsatu barik guk berde esaten diegun teknologia horiek egiteko baliabideak nondik datozen, nortzuk erauzten dituzten eta nork jartzen dituen gure eskuetan. Ondo da, zenbat eta jende gehiago egon imajinatzeko eta amesteko prest, hobe, baina konplexutasuna falta da. Planteamendu errazak eta galdera asko saihesten dituztenak topatzen ditut.