Arriarango historia ez da baserri batzuen eta haien bizilagunen kontakizun hutsa. Mendeetan zehar eraikitako komunitate baten memoria da; jauntxoen, apaizen eta baserritarren bizimoduek osatutako hari luzea, inguruko herrien bilakaerarekin lotua, baina bere berezitasunak izan dituena. Hari horri heldu dio eslaviar filologo eta historiazale den Iker Sanchok, 'Arriaran, mendez mende: 1305-2026' liburuan. 'Beasaingo Paperak' bildumaren 34. alea da, eta 2027ko udan Arriaran Itsasotik bereizi eta Beasaini lotu zitzaioneko mendeurrenaren atarian argitaratu da.
Sanchok ez zuen hasieran zazpi mendeko historia jasotzeko asmorik. Amaren aldetik Arriarango sustraiak dituenez, genealogia ikertzen hasi zen, baserrien izenak eta ahaidetasun-loturak arakatuz. Baina berehala ohartu zen ikerketak norabide zabalagoa hartu zuela: “Auzo guztia” bere familia zela konturatu zen. Hala, ahaideen historia aztertzetik auzo osoaren iragana ikertzera igaro zen. Genealogia-lana duela hamar urte inguru hasi zuen, baina liburuak azken lauzpabost urteetan hartu du forma. Pandemia aurretik hasitako ikerketari konfinamenduan eman zion bultzada handiena. Lan horrek, halaber, ordu askotan udal liburutegi eta artxiboetan murgiltzera eraman du, baita Baiona, Simancas eta Madrilgo dokumentu funtsak aztertzera ere.
Iker Sancho, liburua eskuetan duela.
Nobleak, eliza eta baserritarrak
1305ean hasten da liburua, Arriaran izena lehen aldiz ageri den urtean. Ekainaren 22ko dokumentu batean, Gaztelako erregeen eta Oñatiko Gebara leinuko noble baten arteko lur-trukea jasotzen da: Gebaratarrek Arabako lurrak eman zizkieten erregeei, eta haiek Gipuzkoako ondasunak eman zizkieten trukean; horien artean zegoen Arriaran. Hortik abiatuta, 721 urteko historia berreraiki du, auzoan bizi izan diren pertsona klaseak, hiru estamentuen eskema horri jarraituz: nobleak, eliza eta baserritarrak. Bakoitzaren ezaugarriak eta historia aztertzen ditu, eta elkarren arteko elkarrekintza zein izan den ere. 41 apaizen izenak bildu ditu, noble familien bilakaera aztertu eta, etxez etxe, baserrien historia osatu du.
Arriaranen berezitasun administratiboak ere leku nabarmena du liburuan. Ez zen udalerri independentea, baina ezta beste herri baten auzo arrunta ere: jauntxoen jaurerria zen. “Handiegia eta garrantzitsuegia zen beste herri txiki bateko auzoa izateko”, adierazi du Sanchok. Jauntxoek zituzten lurrak eta etxeak, eta bizilagunek mendeetan baserriak errentan hartzen jarraitu zuten , belaunaldiz belaunaldi etxe berean bizi arren. “Nahiz eta 500 urte etxe berean bizi, beti errentan zeuden”, gogoratu du egileak.
Jabetzarik ez izateak, gainera, erabakietan parte hartzeko aukerak mugatu zizkien. XX. mendean, jauntxoak baserriak saltzen hasi zirenean, bizilagunek etxeak erosteko aukera izan zuten. Baina askok, baserriak erosi eta handik gutxira, auzotik alde egin zuten, industrializazioak eta zerbitzuen kontzentrazioak gertuko herriguneetara erakarrita. “Arriaranen historia inguruko edozein herri txikirena ere bada”, dio egile lazkaotarrak.
Itsasotik, Beasain izatera pasatu zen Arriaran
Liburua 1927an amaitzen da, Arriaran Itsasotik bereizi eta Beasaini lotu zitzaion garaian. Abuztuaren 10ean gauzatu zen aldaketa, eta 2027ko udan ehun urte beteko dira. Sanchoren arabera, arriarandarrak izan ziren bereizketa eskatu zutenak, XIX. mendean Itsasorekin izandako istiluen ondorioz; Beasainek, berriz, prozesuan lagundu zien.
Beraz, hiru eragile egon ziren gertaera hartan: Itsaso, Beasain eta Arriaran bera. Urteurrena mahai gainean jartzeko aprobetxatu nahi izan du argitalpena. “Liburuak ikusgarritasun pixka bat ematen lagundu du”, nabarmendu du Sanchok.
Mahai-ingurua azaroaren 21ean
Mendeurrena ospatzeko, hainbat ekitaldi antolatuko ditu Intxaurpeko kultura taldeak. Hasteko, datorren larunbatean, hilaren 21ean, mahai-ingurua egingo dute auzoko elkartean, Itsasoko, Beasaingo eta Arriarango ordezkariekin (12:00), eta ondoren bazkariak hartuko du lekukoa. Udan, San Pedro jaien inguruan ospakizunei jarraipena emango diete, eta, aldi berean, Beasaingo antzerki taldearekin, duela ehun urte gertatutakoa oholtzara eraman nahi dute.
Ekitaldi hauen helburua ez da iragana gogoratzea bakarrik, auzo txikiak aldarrikatzea ere bada. “Herrigune handietatik aparte ere badago bizia, eta bizirik jarraitzea nahi dugu”, azpimarratu du Sanchok. Arriarango historia lau baserriren kontakizun soil gisa ez geratzea da bere xedea. Eguneroko bizitzak eta komunitatearen gorabeherek osatzen dute bere historia. Liburuaren orrialdeetan, beraz, Arriaranen iragana aipatzen da, eta 100. urteurreneko ospakizunek auzo honen etorkizunari begiratu nahi diote.