Gasteizko Udalaren kirol instalazioetan eta Bizan zentroetan hurrengo ikasturtean egingo diren jardueretarako plazen zozketaren aurreinskripzioa egiteko epea bukatu da gizarte etxeetan, eta herritarrek 126.824 izen-emate egin dituzte guztira, hau da, 2019an erregistratutako marka gainditu da, orduan 105.741 izan baitziren gainditu dutela. Zozketa ostiral honetan egin da 29.866 eskatzaileen artean sistema berria erabilita, hau da, aurreko urtean baino 177 gehiagoren artean.
Gasteizko Udalak jakinaraz duenez, bidezkoagoa eta gardenagoa den metodo berriarekin, lehen txandan 30.452 plaza esleitzea lortu da, zozketa sistemari lotutako 32.889 plaza ingurutik. Udal sailek eskainitako gainerako 5.613 plazak, 38.502ra iritsi arte, irailaren 16tik aurrera banatuko dira, izen-emate ordenaren arabera.
Zozketa bidezko plazei dagokienez, ostiral honetako lehen banaketa txandaren ondoren (eskatzaileei banaka jakinarazi zaie SMS edo posta elektroniko bidez eta emaitzak Udalaren webgunean argitaratu dira), irailaren 7ra arteko epea izango dute plaza lortu duten 25.218 pertsonek izen-ematea eta ordainketa egiteko. Ondoren, hilaren 8an eta 11n beste bi txanda egingo dira, ahalik eta plaza gehien esleitzen jarraitzeko. Hilaren 18an, inskripzio ordenaren arabera banatuko dira libre geratzen direnak.
Miren Fernandez de Landa Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotziak adierazi du Gasteizko Udala pozik dagoela "sistema berria arrakastaz estreinatu delako eta banaketa bidezkoagoa delako". "Datorren astean beste bi esleipen txanda egiten jarraituko dugu, plaza libreak banatzeko egunera ahalik eta kopuru txikienarekin iristeko, eta, horrela, ahal den neurrian, ilarak eta pertsona guztiek sartzeko erraztasun berberak ez dituzten egoerak gutxitzeko. Aukera berdintasuna nahi dugu", azaldu du.