Araba

Gasteizko XVI. Liburuen Truke Azoka egingo da urriaren 24an eta 25ean Iradier Arenan

Liburu trukeak egiteko orduan 2000. urtetik aurrerako edizioak bakarrik onartuko dira
Gasteizko XVI. Liburuen Truke Azoka egingo da urriaren 24an eta 25ean Iradier Arenan. / Utzitakoa

Gasteizko Udal Liburutegien Sareak Liburuen Truke Azokaren XVI. edizioa antolatu du, urriaren 24an ospatzen den Liburutegien Eguna dela eta, eta aurten egun horretan bertan eta biharamunean egingo da, Iradier Arenan. Lehen egunean 11:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:30era egongo da zabalik, eta bigarrenean goizez bakarrik.

"Liburutegien Eguna ospatuko dugu Iradier Arena liburutegi handi bihurtuz. Liburuak trukatzeko eta familian ondo pasatzeko gune ireki eta atsegina izango da. Pandemiaz geroztik, azoka honekiko interesa nabarmen hazi da, eta ziur nago edizio honetan joera hori mantenduko dela", ziurtatu du Sonia Diaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntza zinegotziak.

Trukeekin batera, familia osoarentzako jarduera osagarriak antolatu dira. Urriaren 24an haurrentzako bi tailer elebidun izango dira, 11:30etik 13:30era hatz txotxongiloak sortzeko, eta 17:30etik 19:30era paperezko pertsonaia artikulatuak egiteko. Horrez gain, zuzeneko bi musika saio egongo dira, Caoba ahots eta gitarrako bikote akustikoarekin, 11:30etik 13:00etara eta 18:00etatik 19:30era.

Urriaren 25ean haurrentzako beste tailer bat antolatu da 11:00etatik 13:00etara, ipuinetako pertsonaia hegalariak kartoi mehearekin egiten ikasteko. Era berean, Caobak asteburuko azken emanaldia egingo du 11:30etik 13:00etara.

Gainera, asteburu osoan zehar Gazte Hitzak 2026 lehiaketaren erakusketa ikusi ahal izango da. Bertan, kontakizun irabazleak eta IDArte Arte eta Diseinuko Goi Mailako Eskolako ikasleek ad hoc egindako ilustrazioak daude.

"Liburuen Truke Azokaren helburua irakurtzeko ohitura bultzatzea, liburuei bigarren bizitza emanez jasangarritasuna indartzea eta Liburutegien Udal Sarearen jarduera sustatzea da", gaineratu du zinegotziak.

BALDINTZAK

Liburu trukeak egiteko orduan 2000. urtetik aurrerako edizioak bakarrik onartuko dira, liburuen kalitatea eta gaurkotasuna hobetzeko, eta pertsona bakoitzak gehienez bost truke egin ahal izango ditu.

Era berean, ez dira onartuko testuliburuak, unibertsitatekoak, informatikakoak, teknikoak, geografiakoak, azterketa soziodemografikoetakoak, bidaia gidak, azpimarratuta, puskatuta edo egoera txarrean daudenak, liburuki solteak, aldizkariak eta entziklopediak.

Herritarrek ekarritako liburuak osatzeko, Gasteizko Udal Liburutegien Sareak horretarako emandako beste 5.000 liburu egongo dira, eskaintza askotarikoagoa izan dadin. "Herritarrak Liburu Truke Azokatik pasatzera animatzen ditut, etxeko liburutegiak berritzeko eta liburuen inguruko familia giroaz gozatzeko", adierazi du Daz de Corcuerak.

16/10/2026