Cultura

«Euskaldunok gara euskaraz irakurtzen ez dugunak»

Ahotseneak euskarazko sortzaileen topagune izaten jarraituko du, bost egunetan 62 liburu- eta 43 disko-aurkezpen hartuta, guztiak zuzenean eta doan, 25 minutuko formatuan
Gotzon Barandiaran / Natalia Garcia Zamora

Durangoko Azokaren atarian, Ahotseneako ordezkari eta kulturgile Gotzon Barandiaranek egungo kultur ekosistemaren erronkak aztertu ditu: PISAren emaitzek agerian utzitako irakurmen-krisia, makroekitaldien eta plaza txikien arteko talka eta emakumeen presentzia historikoaren osteko kezka berriak.

PISAren emaitzak eta irakurmenaren krisia hizpide izan dituzue. Zein da gaur egungo argazkia?

Aspalditik ikerketek eta euskal editoreek ohartarazi digute euskarazko liburuak presentzia galtzen ari direla hezkuntzan eta jendartean. Irakurtzeko eta ulermenerako gaitasuna asko apaldu da, batez ere digitalizazioaren kolpearekin, eta ikastetxeetako liburutegiak desagertzen ari dira. Europarekin alderatuta irakurketa-ohitura maila berean egon daiteke, baina kontua da euskaraz ez dugula irakurtzen, eta euskaldunok garela euskaraz irakurtzen ez dugunak; gaztelaniaz edo frantsesez irakurtzen dugu.

Zer egin dezake Ahotseneak joera horri aurre egiteko?

Guk urtero egiten dugu gure aurkezpenen irakurketa kritikoa. Aurten 62 liburu eta 43 disko aurkeztuko dira doan, eta irakurzaletasuna sustatzeko tresna indartsuena literatura da. Era berean, jendea ezagutzen duena bakarrik entzutera joaten denez, aurten inoizko bakarlari eta talde ezezagun gehienek edukiko dute lekua Ahotsenean, publikoak proposamen berriak deskubritu ditzan.

Musikagintzan makroekitaldien eta areto txikien arteko talka ere aipatu duzu. Zer egin dezakegu horren aurrean?

Hala da. Alde batetik makrojaialdiak eta ekimen pribatuak daude, eta bestetik herri-mugimendutik sortutako areto txiki eta autogestionatuak. Talka hori asko areagotu da, eta oreka bat mantentzea ezinbestekoa da. Ahotseneak hain ezagunak ez diren talde horiei 25 minutuko erakusleihoa ematen die, baina gogoeta egin behar dugu erakundeen, hedabideen eta eragileen artean, Azokaz harago ere talde horiek ikusgaitasuna izan dezaten. Aldi berean, hausnarketa bat egin behar dugu gaur egungo heziketa musikalari buruz eta gazteentzat zein den euskal musikaren eredua.

Ahotsenearen 19 urteetan lehenengoz, aurkezpenen erdietan baino gehiagotan emakume batek hartuko du parte gutxienez.

—Irizpideetako bat genero-ikuspegia izan da, eta lehenengoz lortu dugu langa hori gainditzea. Literaturan emakumeen nagusitasuna erabatekoa da, bai sortzaile bai irakurle gisa. Musikan arrakala handiagoa dago oraindik, baina bidean goaz.

Lorpen horren atzean kezka berri bat ere ikusten duzu, ordea.

Bai. Literaturan, dantzan edo arte plastikoetan gizonezkoak eta mutilak espazio horiek abandonatzen ari dira, kirolera —batez ere futbolera— lerratuta, sare sozialetako erreferenteek bultzatuta. Ikasleek ez badute irakurtzen edo sorkuntza lantzen, etorkizunean ez dugu gizonezko sortzailerik izango. Sorkuntzatik aldentzeak eragin zuzena du gizarte parekide eta feminista baten eraikuntzan.