Buscar
Actualidad

Euskadiko ekonomiak %2,1eko hazkundea izan du bigarren hiruhilekoan

BPGaren urte arteko igoera aurreikusitakoa baino handiagoa izan da, eta enpleguak ere %1,3 egin du gora 2026ko bigarren hiruhilekoan
Euskal ekonomiaren sendotasuna nabarmendu du Mikel Torresek, hazkunde irmoa eta segurua izan baititu, baita aurreikuspen ekonomikoak hobetu ere.
Euskal ekonomiaren sendotasuna nabarmendu du Mikel Torresek, hazkunde irmoa eta segurua izan baititu, baita aurreikuspen ekonomikoak hobetu ere. / Utzitakoa

Actualizado hace 3 minutos

Euskadiko Barne Produktu Gordina (BPG) %2,1 hazi da 2026ko bigarren hiruhilekoan aurreko urteko aldi berarekin alderatuta, Eustaten aurrerapenaren arabera. Mikel Torres lehendakariordeak datua modu positiboan baloratu du, aurreikuspenak gainditu dituela nabarmenduta, eta hazkunde ekonomikoarekin batera enpleguak ere %1,3ko igoera izan duela azpimarratu du.

Mikel Torres Lehendakariordeak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak modu positiboan baloratu du Eustatek argitaratu duen 2026ko bigarren hiruhilekoko kontu ekonomikoen aurrerapena; izan ere, Euskadiko Barne Produktu Gordinaren (BPG) hazkundea urte arteko %2,1ekoa da, Ekonomia Zuzendaritzak ekainean egindako aurreikuspena baino hamarren bat handiagoa.

Ziurgabetasun geopolitikoak eta Europako ekonomia nagusien hazkunde ahulak markatutako nazioarteko testuinguruan, Torresek nabarmendu du euskal ekonomiak bilakaera “sendoa eta erresilientea” duela. “Hiruhileko kontuen aurrerapenak balorazio oso positiboa utzi digu bigarrenean. Ziurgabetasunak eta Europako ekonomia nagusien hazkunde ahulak markatutako nazioarteko ingurunean, euskal ekonomiak sendoa eta erresilientea izaten jarraitzen du”, adierazi du.

Bilakaera horren jarraipena nabarmendu du Lehendakariordeak, honako hau gogorarazita: “Euskadik ondoz ondoko zortzi hiruhileko daramatza %2tik gorako urte arteko hazkundeekin”. Horrek erakusten du ez dela datu isolatu bat, bi urtez iraun duen joera bat baizik, gure ekonomiaren indarra eta nazioarteko egoera konplexu batean ere hazteko duen gaitasuna erakusten duena. “Horren ondorioz, euskal ekonomia modu sendo eta seguruan ari zaio aurre egiten nazioarteko testuinguruari”, adierazi du.

Eustaten aurrerapenak, gainera, baieztatu du hazkunde hori lan merkatuan ere islatzen dela. 2026ko bigarren hiruhilekoan enplegua %1,3 hazi zen aurreko urteko aldi beraren aldean, hori ere Ekonomia Zuzendaritzak egindako estimazioa baino hamarren bat gehiago.

Hazkunde ekonomikoak lanpostu gehiago sortzen jarraitzen du, Gizarte Segurantzan afiliatutako pertsona gehiago daude eta, batez ere, enplegu egonkorragoa dugu”, nabarmendu du Torresek.

Emaitza horiek ikusita, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak uste du kontu ekonomikoen aurrerapenak hobetu egiten dituela jardueraren eta enpleguaren aurreikuspenak, eta indartu egiten duela %1,9ko hazkunde aurreikuspena 2026 osorako.

Hala eta guztiz ere, nazioarteko testuinguruaren bilakaeraren aurrean zuhurtziaz jokatzeko beharra azpimarratu du Lehendakariordeak. “Datu horiek erakusten dute Euskadin egoera egonkorra, erresilientea eta sendoa finkatu dela. Ingurune geopolitikoan eta geoekonomikoan dauden zalantzak gorabehera, Euskadik bide seguruan aurrera egiten jarraitzen du, enplegua sortuz eta hazkunde ekonomikoarekin”, gaineratu du.

2026-08-26T13:51:29+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo