Urteetan zehar, gastronomia hitza gero eta gehiago lotu izan da aisialdiarekin eta etxetik kanpoko esperientziekin. Jatetxeak, plan bereziak, proposamen puntualak. Bitartean, etxe askoren barruan, sukaldea pisua galduz joan da, eguneroko topagune gisa. Erritmo azeleratuek eta ohitura aldaketek transmisioan eragin dute: gutxiago egiten da sukaldean etxean eta, horrekin batera, belaunaldiz belaunaldi sutegien inguruan pasatzen zen ezagutzaren zati bat desagertzen hasi da.
Horrela sortu da ETXETIK, Mantala Basque Gastronomy elkarteak bultzatutako bilduma, Basque Culinary Center eta HAZI Fundazioaren laguntzarekin. Ideia argi batetik abiatzen da proiektua: elkarrekin sukaldatzea, egunerokotasunean, tresna boteretsua izan daiteke ikasteko, partekatzeko eta lurraldearekin birkonektatzeko. Izan ere, plater bat ez da plater bat bakarrik, baita denbora, lekua, lanbideak, hizkuntza eta harremanak ere.
ETXETIK proiektuak bultzatzen duen motibazioa ez da bakarra, elkar elikatzen duten lau ardatzen bidegurutzea baizik: hezkuntzakoa, familiakoa, kulturala eta gastronomikoa. Hala ere, motor nagusia hezkuntza eta familia dira. Proposamenak etxeko sukaldaritza espazio partekatu gisa suspertzea bilatzen du, haurrekin berriz ere janaria prestatzea eta elikagaien jatorriaren inguruko elkarrizketak irekitzea: baratzea, itsasoa, baserria edo erlauntza.
“ Liburu honetan aurkitzen diren errezetak etxean egunerokotasunean egiteko pentsatuak dira: errazak, gertukoak eta familian egiteko modukoak" ”
ETXETIK ez dela errezeta-liburu hutsa: familian kozinatzeko gonbidapena da, umeek parte hartu, ikasi eta goza dezaten, eta aldi berean produktuen jatorria (baratzea, itsasoa, ikuilua, erlauntza) ezagutzeko. Etxetik bildumak 5 liburu ditu: 4 ipuin ilustratu haurrentzat, eta errezeta liburu 1 familia osoarentzat. Azken liburu honek haurren 4 ipuinei egiten die erreferentzia, eta unibertsoka antolatuta dago (8 errezeta + umeentzako proposamen bat unibertsoko), eta errezeta askotan umeek non lagundu dezaketen ere adierazten da.
Hortik aurrera, euskarazko transmisioa indartu, erreferentzia propioak finkatu eta bertako eta sasoiko produktuari balioa ematen zaio, ohitura osasuntsuagoak eta elikadurarekiko harreman kontzienteagoa sustatuz.
eatzen. Batez ere, familian denbora pasatzeko gonbita da. Bilduma bost liburuk osatzen dute: txikienei zuzendutako lau ipuin ilustratu eta familia osoarentzat pentsatutako errezeta liburu bat. Umoretik eta haurtzarotik gertuko lengoaiatik eraikitako ipuinek aukera ematen dute baratzeko, itsasoko, baserriko eta erlauntzako unibertsoen berri izateko, eta bakoitzaren atzean dauden pertsonen lanari aurpegia jartzeko.
Nola sortu zen ETXETIK bilduma sortzeko ideia?
Mantala Basque Gastronomy proiektuak (Basque Culinary Center eta HAZI Fundazioaren babesarekin) ETXETIK liburu-bilduma sortu du helburu argi batekin: haurrak eta helduak beraien egunerokotasunean elkarrekin sukaldean aritzea, gastronomiaren bidez Euskal Herriko ondare naturala eta kulturala modu atsegin batean ezagutzeko. Azken urteetan, askotan, gastronomia hitza aisialdiarekin edo kanpoko esperientziekin lotu dugu, eta etxe barruan, erritmoek eta ohiturek transmisioa aldatu dute: etxean kozinatzeko ohiturak behera egin du, eta horrekin batera, belaunaldiz belaunaldi etxeko sukaldean egosi den jakintzaren zati bat lausotzen hasi da. ETXETIKek eten horri heldu nahi dio: plater bat ez da plater hutsa, baizik eta lurraldea, denborak, lanbideak, hizkuntza eta harremanak ere badirela gogorarazi nahi du.
“ Hortik aurrera, euskarazko transmisioa indartu, erreferentzia propioak finkatu eta bertako eta sasoiko produktuari balioa ematen zaio, ohitura osasuntsuagoak eta elikadurarekiko harreman kontzienteagoa sustatuz" ”
Zein izan zen motibazio nagusia: hezkuntzakoa, kulturala, gastronomikoa edo familiarra?
Motibazioa ez da bakarra izan, lau ardatzek elkar elikatu dute, baina nagusia hezkuntzakoa eta familiarra izan da: etxean, familian, umeekin batera kozinatzea berriz aktibatu eta elikaduraren jatorria (baratzea, itsasoa, ikuilua, erlauntza…) hizketagai izateko. Horretatik dator gainerakoa: kulturala (euskararen transmisioa eta gure erreferentzia propioak indartzea) eta gastronomikoa (tokiko eta garaiko produktuak balioan jarri, ohitura osasuntsuak eta jakin-mina sustatuz).
Zer helburu dituzue bilduma honekin?
ETXETIK bildumaren helburua da etxeetako sukaldeak berriz topagune bilakatzea eta elikaduraren jatorriaz konsziente izatea: umeek parte hartu, ikasi eta gozatu dezatela, baratzea, itsasoa, ikuilua edo erlauntza bezalako unibertsoetatik abiatuta. Aldi berean, bertako eta garaiko produktuak balioan jarri, euskarazko transmisioa indartu, eta eguneroko plateren bidez ohitura osasuntsuagoak eta jakin-mina sustatu nahi ditu.
Nola deskribatuko zenukete ETXETIK esentzia oraindik ezagutzen ez dutenentzat?
ETXETIK aitzakia bat da familian elkarrekin denbora pasatzeko: batetik ipuinak elkarbanatuz, umoretik eta txikienentzako hizkuntza batetik abiatuta baratzea, itsasoa, ikuilua eta erlauntza ezagutzeko, eta zeharka sektore hauen atzean dauden pertsonen lana balorean jartzeko; bestetik, sukaldean eguneroko denbora hori elkarbanatuta, liburuetan ikasitakoa errealitatean aplikatu eta kozinatzeko ekintza bera jakin-mina, transmisio eta gozamenerako espazio bihurtzeko.
Nolako errezetak aurki daitezke liburu honetan?
Liburu honetan aurkitzen diren errezetak etxean egunerokotasunean egiteko pentsatuak dira: errazak, gertukoak eta familian egiteko modukoak. Bertako eta garaiko produktuan oinarritzen dira, eta pausoz pauso azaltzen dira, umeek ere parte hartu ahal izateko. Lau unibertsoren logikarekin antolatuta daude (baratzea, itsasoa, ikuilua eta erlauntza/loreak), eta horregatik badaude bai plater gaziak (barazkiak, arraina, esnekiak…) bai gozo tradizionalak ere.
Zer erronkari egin behar izan zenioten aurre euskarazko errezeta liburu bat idaztean?
Erronka handiena liburu ulerterraz eta zehatzak idaztea izan da: sukaldeko hiztegia ondo finkatzea, pausoak argi idaztea, eta familiek etxean benetan jarraitu ahal izatea. Hori guztia, haurrentzako liburuak eta helduentzako liburua publiko ezberdinarentzat direla ulertuta: ez da berdina heldu bati baratzaren dinamika infografia baten bidez azaltzea, edota ume bati tomatetxo bat protagonista duen ipuin baten bitartez azaltzea. Horrez gain, beste erronka garrantzitsu bat izan da gure erreferentzia propioetatik eraikitzea: bertako produktu-barietateak aipatzea, garai eta urtaroak ondo islatzea, baserria eta itsasoa modu naturalean txertatzea.
Zer garrantzi du bertako eta garaiko produktuak errezeta horietan?
Bertako eta garaiko produktua funtsezkoa da ETXETIKen, proiektuaren mezua hortik hasten delako: jatorria ezagutzea eta etxean egiten duguna lurraldearekin konektatzea. Natura ulertzea, ekoizleen lana balioan jartzea… Sasoiko produktuekin kozinatzeak logika naturala ematen dio sukaldeari, eta bertakoa aukeratzea ezinbestekoa da inguruko ekoizleek eta gure lehen sektoreak bizirauteko. Azkenean, ez da “osagai bat” bakarrik: ohitura bat eta begirada bat da.
Ba al dago euskal tradizioa bereziki ordezkatzen duen errezetarik?
Bai. Izan ere, liburuaren sarreran bertan esaten dugu errezeta guztiak euskal sukaldaritza tradizionalean oinarrituta daudela, bertako produktuei eta kulturari balioa emanez. Adibide oso adierazgarriak badira: bakailaoa Bizkaiko eran, txipiroi beteak tintan edo antxoa arrautzeztatuak bezalako itsasoko klasikoak; eta gozoetan, goxua edo arroz-esnea, etxe askotan belaunaldiz belaunaldi egin izan direnak.
“ Urteetan zehar, gastronomia hitza gero eta gehiago lotu izan da aisialdiarekin eta etxetik kanpoko esperientziekin" ”
Zer errezeta gomendatuko zenukete familian egiteko?
Aukera oso polita da azalore-pizza prestatzea: umeek tomate saltsa zabaldu, gazta bota eta bakoitzak bere “pizza” gustuko topping-ekin osatu dezake. Etxean elkarrekin egiteko dibertigarria izan daiteke.
Familiako errezeta-liburu gehiago euskaraz edo beste gai batzuetan oinarritutakoak argitaratzeko planik baduzue?
Momentuz, gure lehentasuna ETXETIK bilduma ondo finkatzea da: familiek etxean erabiltzea, errezetak probatzea eta proposatzen ditugun dinamika/esperientziak praktikara eramatea. Baina bai, ate irekia dago jarraipenerako: ETXETIKek planteatzen duen logikatik abiatuta (familia, jatorria, transmisioa), etorkizunean beste eduki edo formatu batzuk lantzeko aukera ikusten dugu, beti euskaraz eta etxeko sukaldea erdigunean jarrita.
Nola ikusten duzue sukaldaritzaren tradizioaren eta sormenaren arteko lotura familiako sukaldaritzan?
Tradizioa eta sormena eskutik doazela uste dugu. Tradizioak oinarriak ematen dizkigu: platerak, teknikak, garaiko produktuak eta etxeko ohiturak; eta sormenak, berriz, hori guztia gaurko erritmoetara eta familiek duten errealitatera egokitzeko aukera. ETXETIKen ideia da “betikoa” errespetatzea, baina aldi berean umeekin probatu, moldatu eta jolastu ahal izatea: sukaldea transmisiorako eta irudimenerako espazio bizia delako, ez gauzak egiteko modu itxi bat.
“ Erritmo azeleratuek eta ohitura aldaketek transmisioan eragin dute: gutxiago egiten da sukaldean etxean eta, horrekin batera, belaunaldiz belaunaldi sutegien inguruan pasatzen zen ezagutzaren zati bat desagertzen hasi da" ”
Nortzuk hartu dute parte liburuaren sormenan?
Mantala Basque Gastronomy-tik, ni neu (Imanol Zubelzu), Chroma Estudiotik Irene Arin eta Juan Urretavizcaya, eta ilustrazioak Deiff MG-ren eskutik.
Ba al dago 30 minutu baino gutxiagoan presta daitekeen errezetarik?
Bai. Liburuan badira oso azkarrak diren errezetak: adibidez, sagar eta intxaur irabiatua 10 minututan egiten da, eta antxoa arrautzeztatuak 15 minututan presta daitezke. Eta denbora pixka bat gehiago baduzue, 30 minutuan inguruan egiten diren beste batzuk ere badaude; adibidez barazki muffinak edo barazki krema.
“ ETXETIK proiektuak bultzatzen duen motibazioa ez da bakarra, elkar elikatzen duten lau ardatzen bidegurutzea baizik: hezkuntzakoa, familiakoa, kulturala eta gastronomikoa" ”
Errezetaren bat bereziki egokia al da haur txikiekin prestatzeko?
Bai: barazki muffinak oso egokiak dira haur txikiekin egiteko. Umeek arrautzak irabiatu, osagaiak nahastu eta orea moldeetan banatzen lagun dezakete; gero, labearena helduek kudeatzen dute.
“ Proposamenak etxeko sukaldaritza espazio partekatu gisa suspertzea bilatzen du, haurrekin berriz ere janaria prestatzea eta elikagaien jatorriaren inguruko elkarrizketak irekitzea: baratzea, itsasoa, baserria edo erlauntza" ”
Nola alda dezake errezeta-liburu batek familia batek janaria prestatzeko eta elkarrekin jateko modua?
Errezeta-liburu batek, eta bereziki ETXETIK bezalakoak, familia baten ohiturak alda ditzake sukaldaritza “egin beharreko” zerbaitetik elkarrekin egiteko plan bihurtzen duelako. Errezetek pauso argiak ematen dituztenean, umeek ere parte hartzen dute, eta horrek etxean errutina txikiak sortzen ditu: erosketa elkarrekin pentsatzea, sukaldean zereginak banatzea eta mahaian gehiago hitz egitea. Gainera, produktuen jatorria eta sasoia kontuan hartzen hasten zara, eta horrek erabakiak aldatzen ditu: zer erosi, nola prestatu eta zer baloratu. Azkenean, sukaldea eta mahaia topagune bihurtzen dira berriro.