Gipuzkoa

Erromeria egingo dute San Joan egunean Urretxun

Udalak bazkariarekin eta trafikoarekin lotutako hainbat ohar plazaratu ditu
San Joan eguneko erromeria.
San Joan eguneko erromeria. / Asier Zaldua

Actualizado hace 5 minutos

Urteroko moduan, San Joan egunean erromeria egingo dute urretxuarrek Santa Barbaran. Dena prest dago jada eta Udalak hainbat ohar helarazi ditu. Harrizko mahaien zozketa asteazkenean izango da. Asteartea da izena emateko azken eguna, kultur etxean (943 03 80 88).

Bestalde, San Joan egunean autobus zerbitzua izango da, erosoa eta irisgarria, Santa Barbarara joateko: 10.00etatik 20.30ak arte. Geltokia Labeaga 14an (Jose Mari Lasa plaza) izango da. Kotxean igo behar izanez gero, paseak eskatu daitezke udaltzaingoan ekainaren 11tik 19ra, honako ordutegi honetan: astelehenetik ostiralera 7.00etatik 21.00etara eta larunbatean eta igandean 09.00etatik 21.00etara.

Santa Barbarara igotzeko Pagoeta auzoko errepidea bakarrik erabili ahal izango da. Nekolaldetik joateko bidea moztuta egongo da eta baimenik ez dutenek Erratzu poligonora bakarrik igo ahal izango dute. Nekolaldetik Santa Barbarara joateko bidea jaisteko bakarrik erabiliko da. Hala ere, Nekolaldetik Etxaburura igotzeko aukera egongo da.

Azkenik, herri bazkarirako txartelak salgai daude kultur etxean hilaren 16a arte edo agortu arte: helduen menua 28 euroan eta haurrena (12 urtetik behera) 14 euroan.

Helduek, itsaskiz betetako piperrak, penka onddo saltsarekin, sahieskia eta goxua jango dute. Kafea, kopa, ogia, ura eta ardoa ere izango dute. Haurrei dagokienez, makarroiak tomatearekin, oilasko bularkia patata frijituekin eta Danonino jango dute. Ogia, ura eta freskagarriak ere izango dituzte.

Bestalde, San Joan herri dantzarako entseguak ekainaren 16an eta 18an izango dira Lizeoko gimnasioan. 20.00etan izango dira eta irekiak dira.

Urretxuko Udala Santa Anastasia jaiak ere prestatzen ari da, oraindik hiru hilabeste baino gehiago gelditzen diren arren. Joan zen astean egitarako azala aukeratzeko lehiaketaren berri eman zuen eta atzo Euskal Jaiko ibilaldian parte hartu nahi dutenek dagoeneko izena eman dezaketela. Karroza egin nahi duten kuadrillek hilaren 19a baino lehen eman behar dute izena, kultur etxean (943 03 80 88).

2026-06-08T15:34:52+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo