Actualizado hace 8 minutos
Errenteriako Neguko solstizioa-San Tomas Batzordea aurtengo ospakizunak prestatzen hasi da dagoeneko. Norbanakoek zein herriko elkarteek osatzen dute batzordea, eta herritarrak antolaketan parte hartzera animatu nahi dituzte. Horretarako, lehen hitzordua urriaren 2an, ostiralean, izango da, 19.00etan Merkatuzarren egingo den bileran.
Batzordetik azaldu dutenez, herritarren eta eragileen parte-hartzea garrantzitsua da Neguko solstizioa-San Tomas egunaren antolaketan. Horregatik, ekimenean parte hartu nahi duten herritarrei urriaren 2ko bilerara gerturatzeko deia egin diete.
Txistorra postuak jartzeko eskaerak
Bestalde, Udalak jakinarazi du Neguko solstizioa-San Tomas egunean txistorra postuak jartzeko eskaera epea urriaren 2an zabalduko dela eta urriaren 13an amaituko dela.
Eskaerak ZU! Zure Udala arreta zerbitzuan aurkeztu beharko dira, udaletxean edo Aldakonean. Horretarako, interesdunek dagokion eskaera-eredua bete beharko dute. Inprimakia ZU! zerbitzuan bertan eta errenteria.eus webgunean eskuratu ahal izango da.
Izapide osoa Udalaren webgunearen bidez egiteko aukera ere izango dute interesdunek.
Azkenik, Udalak gogorarazi du txistorra postua jartzen duten elkarteek antolaketan parte hartu beharko dutela eta urriaren 2ko bilerara bertaratu beharko dutela. Horrela, postuak jarriko dituzten eragileek ospakizunaren prestaketa-lanetan ere parte hartuko dute.