Actualidad

Errenta aitorpena telefonoz egiteko 1.710 aurretiko hitzordu hartu dira Bizkaian lehen sei egunetan

Errentaren kanpaina hasi zenetik 472.507 telefono dei jaso dira
Errenta aitorpena telefonoz egiteko 1.710 aurretiko hitzordu hartu dira Bizkaian lehen sei egunetan. / Utzitakoa

Errenta aitorpena telefonoz egiteko aurretiko hitzordua abian jarri eta sei egun igarota, Bizkaiko Foru Ogasunak dagoeneko 1.710 hitzordu kudeatu ditu, aldi horretan eskainitako %96,41, hain zuzen. Bizkaiko Foru Aldundiak irekita daukamaiatzareb 20ra arte aurretiko hitzordua hartzeko aukera, eta epea zerbitzuaren eskariaren arabera luzatuko da.

Foru erakundeak jakinarazi duenez, sistema berriak posible egiten du aurretiko hitzordua eskatzea www.bizkaia.eus/errenta webaren bidez, edo Errenta25 kanpainaren telefono zenbakian (94 406 660). Bi kasuetan, data bat eta ordu biko tarte bat esleitzen dira, eta, tarte horretan, Ogasuneko langileak zergadunarekin harremanetan jarriko dira.

Telefono bidezko arreta profesional kualifikatuek ematen dute, Ogasuneko 12 bulegoetan bezala, zerbitzu pertsonalizatu eta kalitatezkoa bermatuz. Gainera, areagotu egin dira errenta aitorpena errazago egiteko aukerak, alternatiba eroso eta irisgarria ematen baitzaie herritarrei.

Kanpainaren lehen hilabetean (29 egun), guztira 353.558 aitorpen aurkeztu dira, aurreko urteko aldi berean baino 52.370 gehiago, hau da, %17,39 gehiago. Era berean, Ogasunak 352,3 milioi euro itzuli dizkie Bizkaiko zergadunei.

Ohikoa denez, bide digitala da zergadunek aitorpena aurkezteko gehien erabiltzen dutena: 279.486 aitorpen (%79,05). Ondoren, telefono bidezkoa erabili da gehien (61.402 aitorpen, %17,36), eta azkenik aurrez aurrekoa, (12.669 aitorpen, hau da, aitorpen guztien %3,59).

Foru erakundeak nabarmendu du hitzartutako 40 bat hitzordu bete gabe gelditzen direla egunero bulegoetan, nahiz eta Ogasunak zergadunei SMS bidez gogoratzen dizkien esleitutako data eta ordua. Txanda horiek ezin dira berresleitu hain denbora laburrean, eta horrek zaildu egiten du zerbitzua era efizienteagoan kudeatzea eta arreta hobea ematea herritar guztiei.

Iaz bakarrik, 3.500 hitzordu inguru artatu gabe gelditu ziren kanpaina osoan, erreserbatutako hitzordu guztien %7,11. Hori dela eta, Foru Ogasunak gogorarazu du inportantea dela hitzordu horiek aldez aurretik ezeztatzea, bertaratzea posible ez bada, beste pertsona batzuek txanda horiek aprobetxatu ahal izan ditzaten.

Errentaren kanpaina hasi zenetik 472.507 telefono dei jaso dira; beraz, seguruenik, aurreko kanpaina osoan jasotako 488.465 deiak gaindituko dira asteazken honetan. Apirilaren 20an izan zen dei gehien: 35.450.

14/05/2026