Erketz Euskal Dantzari Taldeak Euskal Astea antolatu du lehen aldiz Lasarte-Orian, euskal kulturaren hainbat adierazpide herritarren eskura jartzeko eta horien inguruan parte hartzeko aukera eskaintzeko. Ekimena irailaren 21etik 27ra garatuko da, eta programazioaren barruan dantza, musika, janzkera tradizionala eta bestelako ondare-elementuak izango dira protagonista. Astearen erdigunea, berriz, irailaren 26ko Euskal Jaia izango da.
Egitaraua Estitxu Alkorta Barragan, Lasarte-Oriako Udaleko Euskara zinegotzi eta bigarren alkateordeak, eta Erketz Dantza Taldeko ordezkariek aurkeztu dute. Udalak eta Ttakunek antolatzen duten Euskal Jaian Erketzek eta herriko beste hainbat eragilek parte hartuko dute aurten ere, baina oraingoan dantza taldeak ospakizunari beste dimentsio bat eman nahi izan dio, egun bakarreko ekitaldia aste osoko programazio bihurtuz.
Helburua euskal kulturaren ezagutza zabaltzea eta herritarrei kultura hori gertutik ezagutzeko eta parte hartzeko espazioak eskaintzea da. Euskara zinegotziak Erketzen ekimena eskertu du eta taldeak “urte osoan gure kultura bizirik mantentzeko eta transmititzeko egiten duten lana” nabarmendu du. Era berean, Euskal Asteak “Euskal Jaia egun bakarretik harago eramateko aukera ematen du”, eta euskal kulturara hurbiltzeko modu ezberdinak eskaintzen dituela adierazi du.
Bi erakusketa Antonio Mercero aretoan
Programazioaren zati handi bat Antonio Mercero aretoan egingo da. Bertan, irailaren 21etik aurrera, bi erakusketa izango dira ikusgai. Alde batetik, euskal jantziei buruzko erakusketa izango da, Errenteriako Jantziaren Zentroak prestatua. Bertan, gainera, Iraultza Dantza Taldearen jantziak ikusi ahal izango dira.
Bestetik, Oiartzungo Soinuenea museoak Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan erakusketa ekarriko du. Euskal musika tradizionalean erabilitako instrumentuak izango ditu ardatz, eta euskal musikaren ondarearen inguruko ikuspegi zabala eskainiko du.
Bi erakusketak irailaren 21ean, 19.00etan, inauguratuko dituzte, eta hilaren 27ra arte egongo dira zabalik. Irailaren 21etik 26ra, 11.00etatik 13.00etara eta 17.00etatik 20.00etara bisitatu ahal izango dira. Igandean, hilaren 27an, berriz, 11.00etatik 13.00etara egongo dira irekita.
Erakusketen osagarri, irailaren 22an, asteartean, Soinuenearen eskutik musika-tresnei buruzko bisita gidatua egingo da, 11:00etatik 12:30era. Parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da, izen-abizenak eta telefono zenbakia kultura@lasarte-oria.eus helbidera bidalita.
Entsegu irekia eta baserritarren janzkerari buruzko hitzaldia
Egun berean, arratsaldean, Erketzek bere ohiko entsegua kalera aterako du. 20.00etan Okendo plazan egingo duten saioa irekia izango da, eta taldeak bere lana herritarrei erakusteaz gain, euskal dantza ezagutu, ikasi edo taldean parte hartu nahi duten pertsonengana hurbiltzea du helburu.
Asteazkenean, hilaren 23an, berriz, Ramon Garcia, Errenteriako Jantziaren Zentroko kideak, baserritarren janzkera tradizionalari buruzko hitzaldia eskainiko du. Saioa 18.00etatik 20.00etara izango da eta gaztelaniaz egingo da, euskarazko itzulpenarekin. Hitzaldian Iraultza Dantza Taldearen jantziak ere izango dira ikusgai.
Euskal Astearen hitzordu nagusia irailaren 26an, larunbatean, izango da, Euskal Jaiarekin. Eguna Euskal Jirarekin hasiko da, 11.00etan, eta arratsaldean, 18.00etan, erromeria egingo da.
Erketz Euskal Dantzari Taldeak adin guztietako lasarteoriatarrak animatu ditu astean zehar antolatutako jardueretara gerturatzera, euskal kulturaren adierazpide ezberdinak ezagutzera eta Euskal Jaian parte hartzera. Lehen Euskal Aste honekin, beraz, taldeak Euskal Jaiaren inguruko programazioa zabaldu eta euskal kultura herritarren egunerokotasunera gerturatzeko beste espazio batzuk sortu nahi izan ditu.