Gipuzkoa

Ereñotzuko Mendi Lasterketa izango da larunbatean

Hernaniko Udalak autobus zerbitzu berezia jarriko du joan-etorriak errazteko
Erenotzu Mendi Lasterketa
Erenotzu Mendi Lasterketa / Aitor Urkia Etxeberria

Ereñotzuko Mendi Lasterketa izango da larunbatean, maiatzaren 31n, auzoko San Antonio jaien aurretik. Goizeko 10.00etan hasiko da, Ereñotzuko frontoitik abiatuta. 13. edizioak aurreko urteetako ibilbide bera izango du: 11,75 kilometro eta 835 metroko desnibela gorantza, Aiako Harria Parke Naturaleko paraje ederretan barrena. Urdaburuko tontorra izango dute punturik altuena, zazpigarren kilometroan, Akola, Igorin, Malbazar eta Pagosardeko inguruetan ibili ondoren. Urdaburutik, jaitsiera azkarra eta teknikoa izango dute korrikalariek, Ereñotzura bueltatzeko.

Lasterketaren ondoren, urtero bezala, hamaiketakoa izango dute parte-hartzaileek, indarrak berritu eta lasterketako bizipenak partekatzeko. Sariak izango dira aurreneko hiru gizonezko eta emakumezkoentzat, eta ereñotzuar onenentzat. Gainera, kamixeta tekniko bana eta hainbat produktu jasoko dituzte parte-hartzaile guztiek, korrikalarien poltsan; eta aurreko urteotan bezalaxe, dozenaka opari zozkatuko dituzte parte-hartzaile guztien artean.

Probarako izen-ematea oraindik zabalik dago, www.rockthesport.com webgunean, 18 euroan. 200 parte-hartzailerentzat dago tokia.

Haurren lasterketa eta autobusa

Lasterketa nagusiaren aurretik, haurren lasterketa izango da aurten ere, urtez urte gero eta parte-hartzaile gehiago biltzen dituena. Auzoan barrena, ibilbide labur bezain aldapatsua osatuko dute gaztetxoek, eta indarrak berritzeko aukera izango dute helmugan.

Bestalde, Hernaniko Udaletik jakitera eman dutenez, Ereñotzura bertaratzeko doako autobus zerbitzua izango da Ibarluze poligonotik Aditzera eman dutenez, Ereñotzuko futbol-zelaia zena birmoldaketa lanetan dago, beraz, aurreko urteetan aparkaleku gisa erabili den eremua ez dago aurten erabilgarri. Hori dela eta, autobus zerbitzu berezia jartzea erabaki da, korrikalariak eta ikusleak Ereñotzura hurbildu daitezen.

Ibarluze eta Ereñotzu lotuko dituzten bi autobus ibiliko dira joan-etorrian 8.00etatik 14.00etara. Ereñotzuko Auzo Udaletik gomendio argia egin dute: “Garaiz ibili”.

2025-05-29T09:24:03+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo