Durangoko Azokaren barruan kokatutako Kabia guneak bere ateak irekiko ditu aurten ere kultura digitalaren eta teknologia berrien inguruko hausnarketa kritikoa bultzatzeko. Diana Franco arduradunaren eskutik, euskarak ingurune digitalean dituen erronkak eta aukerak aztertu ditugu.
Zein da gaur egun euskarak adimen artifizialaren garapenean duen erronka nagusia?
Internet bidez erabil daitezkeen adimen artifizialeko (AA) eredu handi komertzialek euskaraz egin dezakete, sarean dagoen testu guztia erabili dutelako euren garapenean, Euskarazko Wikipediako 500.000 artikuluak kasu. Baina bertako ereduak ere baditugu, hala nola HiTZ zentroko Latxa edo Orai zentroaren Kimu. Horiek dira euskarari sortzen zaizkion erronkak hobeto ulertzen dituztenak: datu digitalizatuen eskasia —horretan dabil lanean Euskorpora—, corpusaren zati handi bat itzulitakoa izateak euskararen kalitatean eta mundu-ikuskeran duen eragina, euskal tresnen itzaltze digitala eta mendekotasun teknologikoa. Donna Harawayk dioen bezala, «sortzen dugunaren baitan gaude; horregatik, garrantzitsua da nork sortzen dituen sorkuntzak eta nork pentsatzen dituen pentsamenduak».
Bestalde, algoritmo komertzialetatik kanpo saretzeko aukerei buruz hitz egingo duzue. Zer garrantzi du euskal komunitatearentzat burujabetza teknologikoa izateak?
Mendekotasuna zabaltzea eta aberastasuna metatzea bilatzen duten eredu digital hegemonikoetatik haratago, bada boterea eta oparotasuna banatzea bilatzen duen egitasmorik. Software libreari, sare irekiei eta azpiegitura partekatuei esker, inoiz baino teknologia gehiago dugu eskura. Euskal komunitatearentzat berebiziko aukera da, internet den ozeanoan euskaratik abiatzeko portua bilakatzen baitira.
Gamer Gela ere antolatuko duzue. Zernolako harrera izaten dute horrelako ekimenek?
Urtero, Game Erauntsia eta Rolariak taldekoek Gamer Gela jartzen dute martxan eta oso harrera ona izaten du; atean ilarak sor ez daitezen, 30 minutuko bideo-joko txandak eta lau rol-joko saio antolatzen ditugu. Haurrentzat egokiak diren jokoak daude, batzuk itzulitakoak eta beste batzuk euskaraz garatuak, lagunekin jokatu bitartean partida euskaraz komentatzeko. Rol-mahaian ere, gidariek eta jokalariek atmosferak sortzen dituzte euren kontakizunekin. Bi egitasmo hauetan argi geratzen da euskaraz aisialdia bizitzeko, euskarazko produktuez gain, komunitate euskaldunak topatzeko ekimenak beharrezkoak direla.
Azken eguna familiei eskainiko diezue. Nola susta daiteke txikitatik teknologiarekiko jarrera kritiko eta sortzailea etxetik?
Alde batetik, gurasook ulertu behar dugu egungo eredu digitala gutxi batzuk aberasteko diseinatua dagoela, eta plataformetan ematen dugun denbora mugatu behar dugu. Pantaila aurrean kontsumituko duguna aukeratzerakoan, familiartekotasuna lantzen duten proposamenak lehenetsi behar ditugu. Azkenik, teknologia ez denez pantailetara soilik mugatzen, eskuekin ere goza daitekeela erakutsi diezaiekegu txikienei.