Bizkaia

Egitarau zabalarekin ospatuko ditu Foruak San Martin jaiak

Azaroaren 6tik 11ra bitartean, ohiko meza, kirol partida, herri kirolak, briska, mus zein tute txapelketak eta XXIV. Nekazal Azoka bilduko ditu herriak
San Martin jaiak azaroaren 11n amaituko dira
San Martin jaiak azaroaren 11n amaituko dira / Turismo Euskadi

Foruko herritarrek eta inguruko bizilagunek badute zer ospatu asteburu honetan. Urtero legez, San Martin jaiak bueltan dira Busturialdeko udalerrian eta Udalak, Kultura sailaren eskutik, adin tarte guztiei zuzendutako egitarau askotarikoa prestatu du azaroaren 11ra arte. Musika, tradizioa, gastronomia eta lehiaketa ezberdinak izango dira herriko giroa berotzeko ardatz nagusiak.

Festak gaur azaroak 6, hasi dira XXXVII. Briska Txapelketarekin, eta bihar, azaroak 7, egun osoko egitarau indartsua izango da nagusi. Goizeko 10.30ean kirolak hartuko du zelaia 'Ezkonduak Vs Ezkongabeak' futbol partida klasikoarekin. Jarraian, herri kirolek jantziko dute eguerdia: 11.00etan umeentzako saioa egingo da eta 12.00etan erakustaldia eskainiko dute. Bazkalaurretik, 13.30ean, Igel Txapelketa jokatuko da Batzokian. Arratsaldean, berriz, mahai-jokoen txanda izango da berriz ere tabernan, XXX. Mus Txapelketarekin 18.00etan (izen-ematea 17.30ean). Eguna amaitzeko eta gaua luzatzeko, 21.00etan erromeriaz gozatzeko aukera egongo da.

Igandean, azaroak 8, azokaren eta euskal tradizioaren aldarrikapena iritsiko da. Goizeko 11.00etatik aurrera XXIV. Nekazal Azoka zabalduko da, bertako ekoizleen lanari balioa emanez. Eguerdiko 12.30ean Meza Nagusia ospatuko da eta, amaitutakoan, Urdaibai Dantza Taldearen erakustaldi politaz gozatu ahalko da. Arratsaldean, 18.00etan, XXXVII. Tute Txapelketa jokatuko da tabernan, izen-ematea 17.30ean irekiz.

Jaiak azaroaren 11n, San Martin egunean, bideratuko dira amaierara. Egun horretan, 12.00etan Meza Nagusia egingo da eta ondoren odolkien usaina zein gustua izango dira nagusi herrian, tradiziozko odoloste janarekin aurtengo festak agurtzeko.

Etiquetas
2026-11-06T18:05:56+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo