Actualizado hace 2 minutos
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) langabezia tasa %6,9ra igo da 2026ko bigarren hiruhilekoan, aurrekoan baino %0,2 puntu handiagoa. Orotara, 74.500 langabe daude, hau da, lehenengo hiruhilekoan baino 1.200 gehiago. Era berean, 1.011.100 landun zenbatetsi dira EAEn urteko bigarren hiruhilekoan, hots, aurrekoan baino 2.500 landun gutxiago, eta horrela, 16-64 urteko biztanleen okupazio tasa ez da aldatu eta %71,5era iritsi da, Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera.
Urte arteko bilakaerari dagokionez, EAEn 13.200 langabe gehiago daude 2025eko bigarren hiruhilekoaren aldean, eta langabezia tasak %1,2 puntuko igoera izan du. Halaber, biztanleria landunean 3.000 pertsona gutxiago daude iazko bigarren hiruhilekoan baino, eta 16-64 urteko biztanleen okupazio tasa %0,6 puntu jaitsi da.
Lurralde historikoen arabera, eta lehen hiruhilekoarekin alderatuta, Bizkaian 3.200 landun gutxiago daude, Gipuzkoan 1.000 gutxiago, eta Araban, berriz, 1.800 gehiago. Hiriburuei dagokienez, Donostian 1.100 landun gutxiago daude, Bilbon 300 gehiago eta Gasteizen 1.900 gehiago.
Okupazioaren jaitsierak emakumeengan izan du eragina, landunen kopurua 5.800 txikiagoa izan baita; gizonen kasuan, berriz, landunak aurreko hiruhilekoan baino 3.400 gehiago izan dira. Nazionalitateari dagokionez, Espainiako nazionalitatea duten landunak 4.000 gutxiago izan dira (-%0,4), eta atzerriko nazionalitatea dutenak 1.600 gehiago (+%1,5).
Sektoreka, urteko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, EAEko landunen kopuruak behera egin du zerbitzuetan (3.300 pertsona gutxiago, hots, -%0,4) eta lehen sektorean (700 pertsona gutxiago, hua da, -%7,5); aitzitik, gora egin du eraikuntzan (1.200 pertsona gehiago, hots, +%1,9) eta industrian (500 pertsona gehiago, hau da, +%0,3).
Okupazio tasa edo 16-64 urteko landunek adin horietako pertsonen guztizkoan duten ehunekoa aurreko hiruhilekoan izandakoaren berdina da, eta %71,5era iritsi da. Tasa hori %74,3koa izan da gizonen kasuan, aurreko hiruhilekoan baino %0,4 puntu handiagoa, eta %68,7koa emakumeen kasuan, %0,4 puntu txikiagoa.
Adinaren arabera, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, okupazio tasa %0,6 igo da 16-24 urteko pertsonen kasuan eta %29,4ra iritsi da. 45 urte eta gehiagoko pertsonen kasuan ere igo egin da, %0,2 puntu, hain zuzen ere. 25-44 urteko pertsonen kasuan, berriz, %0,2 puntu txikiagoa izan da, eta %82,2ra iritsi da.
Nazionalitateari erreparatuta, okupazio tasarik handiena Espainiako nazionalitatea duten pertsonena da, %73,3koa. Atzerriko nazionalitatea duten pertsonen kasuan, %0,3 puntu igo eta %59,7ra iritsi da.
Lurralde historikoen arabera, okupazio tasak %0,6 puntuko igoera izan du Araban eta %0,4 puntukoa Gipuzkoan, eta %72,1era eta %73,4ra iritsi da, hurrenez hurren; Bizkaian, berriz, aurreko hiruhilekoan %0,3 puntu txikiagoa izan da eta %70,2ra iritsi da.
Soldatapeko pertsonen kontratazio modalitateari dagokionez, urteko lehen hiruhilekoan baino 8.100 pertsona gutxiagok dute kontratu mugagabea, eta 2025. urteko bigarren hiruhilekoan baino 5.500 gutxiagok.