Gipuzkoa

“Duela 50 urte lekua eskatzen zen euskararentzat; gaur, irabazitako espazio horiek zaindu eta zabaldu behar ditugu”

Lazkaoko Ikastolako zuzendariak 50. urteurrena ospatzeaz harago, euskararen eta hezkuntzaren etorkizuneko erronkei erantzuteko abagune gisa ulertzen du Kilometroak
Ion Martinez, Lazkaoko Ikastolako zuzendaria.
Ion Martinez, Lazkaoko Ikastolako zuzendaria. / Iker Azurmendi

Actualizado hace 6 minutos

Kilometroak duela 50 urte bere bidea hasi zuen lekura iritsi da berriro. Euskararen eta hezkuntzaren alde jaso diren fruituak goraipatzeko eguna izango da biharkoa. Baina urteurrenak ez du bakarrik egindako ibilbidea gogoratzeko balio Ion Martinez Lazkaoko Ikastolako zuzendariaren hitzetan. “Etxera itzultzea da, baina ez iraganera begiratzeko, baizik eta beste pauso bat emateko”, nabarmendu du. Hori izan da urte osoko lanaren eta festaren ardatza.

Zer suposatzen du Kilometroak 2026 Lazkaon ospatzeak?

Niretzat eta Ikastolarentzat ohore eta ardura handia da. Kilometroak Lazkaon sortu zen 1977 urtean, eta 50. edizioa berriro hemen ospatzea oso garrantzitsua da. Etxera itzultzea da, baina ez iraganera begira ger-tzeko, baizik eta egindako bide horretatik abiatuta beste urrats bat emateko. Gainera, ez dugu soilik Ikastolaren jaia bezala ulertu nahi. Herri oso baten proiektua izan da, eta urte osoan ikusi dugu hori. Auzolana, komunitatea, euskara eta herrigintza dira guretzat Kilometroak 2026ren oinarriak. 

Nola bizi izan du Ikastolako komunitateak jaiaren antolaketa?

Oso intentsitate handiz, baina baita ilusio handiz ere. Hasieratik ulertu genuen ez zela pertsona edo talde baten proiektua izango, komunitate osoarena baizik. Eta horrek batzorde asko, lanordu asko eta pertsona askoren inplikazioa ekarri ditu. Gurasoak, ikasleak, langileak eta herriko eragileak aritu gara elkarlanean. Nik uste dut politena izan dela bakoitzak bere lekua aurkitzea. Azkenean, auzolanak hori dauka: norberak bere ekarpena egiten du, eta ekarpen txiki horien guztien artean proiektu handi bat eraikitzen da.

‘Ibilian-ibilian, buelta!’ da aukeratu duzuen leloa. Zer dago horren atzean?

Leloak oso ondo laburbiltzen du bizi dugun momentua: Kilometroak 1977an Lazkao eta Beasainen hasi zen, eta 50. edizioan Lazkaora itzultzen da. Beraz, buelta handi bat ixten da, baina beste bat hasiko da. Eta logoan ere ideia hori ageri da: ibilbidea, buklea, 50a eta komunitate irekia.

Urtean zehar ekimen ugari antolatu dituzue. Zeintzuk nabarmenduko zenituzke?

Asko izan dira, eta zaila da batzuk aukera-tzea. Baina nik hiru ideia azpimarratuko nituzke. Batetik, Kilometroak Txikia, lehen Kilometroen historia eta etorkizuna belaunaldi berriekin lotu zituena. Bestetik, kantu-jiraren X.urteurrena eta' Ibilian-ibilian, buelta!' abestiaren aurkezpena, herriko eta Ikastolako jende asko elkartu dituena. Eta, noski, Korrikarekin eta herriko festekin egindako ekimenak ere oso esanguratsuak izan dira: festetan txupinazoa bota genuen eta momentu oso berezia izan zen. Azken batean, ekimen horiek guztiek erakutsi digute Kilometroak ez dela urriaren 4an gertatzen den zerbait bakarrik. Urte osoan eraikitzen den proiektua da.

"Herritik eta herriarentzat"

Nola bilatu duzue herriaren inplikazioa Kilometroak antolatzerako orduan?

Hasieratik oso argi izan dugu: “herritik eta herriarentzat” egin nahi genuela. Horregatik, 2025eko ekainaren 12an herri topaketa bat egin genuen, lazkaotarren proposamenak jasotzeko eta helburuak elkarrekin definitzeko. Hortik aurrera, herriko eragileekin elkarlanean aritu gara: kultur taldeak, kirol taldeak, musika, merkataritza, elkarteak, herritarrak... Eta erantzuna oso ona izan da. Esango nuke, une askotan, ez dela erraza izan jakitea non hasten den Ikastola eta non herria, eskutik joan garelako.

Zein dira egungo Lazkaoko Ikastolaren ezaugarri nagusiak?

Gaur egun, 778 familiatako 1.214 ikasle eta 115 langile gara, 0 eta 18 urte arteko eskaintzarekin. Baina zenbaki horietatik harago, nik hiru gauza azpimarratuko nituzke: herrian oso errotuta dagoen Ikastola izatea, euskararen inguruan komunitatea eraikitzea eta pertsona osoak heztea. Gure hezkuntza-proiektuak ikasle euskaldunak, autonomoak, ekintzaileak, eraldatzaileak eta kooperatiboak hezi nahi ditu. Hau da, ezagutza akademikoa ez ezik, bizitzarako pertsonak prestatzea. Eta hori guztia komunitatearen barruan egitea.

Festaren bilakaera

1977an lehen Kilometroak Beasain eta Lazkao artean ospatu zenetik 50 urte igaro dira. Nolakoa izan da jaiaren bilakaera, eta zer aldatu da urte hauetan guztietan?

Asko aldatu da, baina oinarria mantendu da. 1977an testuingurua oso bestelakoa zen, eta orduan euskarari eta euskarazko hezkuntzari lekua egiteko beharra oso nabarmena zen. Kilometroak eta ondoren sortu ziren beste ikastolen aldeko jaiak bide horretan tresna garrantzitsuak izan dira. Gaur egun, gizartea eta beharrak aldatu dira, eta jaiak ere egokitu egin dira. Baina euskara bultzatzea eta Ikastolen proiektuari babes soziala eta ekonomikoa ematea mantendu diren helburuak dira. Horregatik, 50. urteurrena ez dugu soilik ospakizun bezala ulertu nahi; egindako bidea aitortu eta hemendik aurrera zer egin behar dugun pentsatzeko aukera ere bada.

Gaur egun, zein da Ikastolaren eguneroko erronka nagusietako bat?

Niretzat, erronka nagusietako bat ikasle euskaldunak eta euskararekiko konpromisoa duten pertsonak heztea da, gaur egungo errealitate anitz eta aldakor batean. Ikastolan errealitate eta jatorri desberdinetako familiak elkartzen ditugu, eta hori aberastasuna da. Baina, aldi berean, euskara izan behar dugu komunitate hori lotzen duen elementuetako bat. Horregatik, ez da nahikoa euskaraz irakastea: euskarak ikasleen bizitzan presentzia izan behar du, Ikastolatik kanpo ere bai.

“ ”

Kilometroak jaiak zer ekarpen egingo dio Ikastolari? Zer proiektu eraman nahi dituzue aurrera bildutako diruarekin?

Alde ekonomikoa garrantzitsua da, baina ez da bakarra. Bildutako baliabideak eraldaketa pedagogikoa sendotzera bideratuko ditugu: bereziki 3. zikloko geletan eredu berrira egokitzeko esku-hartzeak eta baliabide pedagogikoak indartzea aurreikusten dugu. Baina Kilometroak utziko digun ondarerik handiena ez da dirua bakarrik izango. Komunitatea sendotzea, herriarekin dugun harremana indartzea eta euskararen inguruan elkartzea ere ekarpen handiak izango dira.

Zein esparrutan jarri beharko genuke arreta euskararen etorkizunari begira?

Nik uste dut arreta erabileran eta euskararekiko atxikimenduan jarri behar dugula. Euskaraz irakastea ezinbestekoa da, baina ez da nahikoa. Euskara ikasgelatik atera eta aisialdira, kulturara, plazara eta eguneroko harremanetara eraman behar dugu. Horregatik dira garrantzitsuak Kilometroak bezalako ekimenak: euskara espazio askotan ikusarazteko eta bizitzeko aukera ematen dute. Eta, gainera, euskaratik komunitatea eraikitzeko balio dute. Askotariko errealitateak elkartu ditzakegu, euskarak zubi lana eginez. 

“ ”

Erronka horiek kontuan hartuta, eta Kilometroak jaiaren 50 urteko ibilbideari begira, zer zentzu du gaur egun horrelako ekitaldi bat antolatzen eta ospatzen jarraitzeak?

Ikastola proiektua ezinbestekoa da Euskal Herrian, hori azpimarratu nahi dut. Horregatik, gaur egun ere zentzua du, baina agian beste ikuspegi batetik. Duela 50 urte lekua eska-tzen zen euskararentzat. Gaur, irabazitako espazio horiek zaindu, zabaldu eta erakargarri egiten jarraitu behar dugu. Eta horrelako jai batek badu beste balio bat ere: milaka pertsona auzolanean jartzeko gaitasuna, eta denak, Ikastolengatik. Gaur egun ez da erraza hainbeste pertsona helburu baten inguruan elkartzea. Kilometroek erakusten dute posible dela. Horregatik, niretzat Kilometroak ez da kontsumo hutseko jai bat; ikastolen proiektua, komunitatea eta euskara indartzeko tresna bat da.

Adin eta gustu guztietarako egitaraua prestatu dutela azpimarratzen du Martinezek.

Adin eta gustu guztietarako egitaraua prestatu dutela azpimarratzen du Martinezek. Iker Azurmendi

Lazkao osoa festa bihurtuta

Zer topatuko du jendeak igande honetan Lazkaon?

Lehenik eta behin, Lazkao osoa festa bihurtuta aurkituko du. Adin eta gustu guztietarako egitaraua prestatu dugu: musika, dantza, herri kirolak, bertsolaritza, haurrentzako ekintzak, Erronka, herri bazkaria, artisau azoka, euskal kulturako eragileak... Eta nik bereziki azpimarratuko nuke 'Denboraren tunela'. Sei tunel izango dira: lehen bostetan Kilometroen hamarkadak ezagutuko dira, eta seigarrena etorkizunari begirakoa izango da. Hau da, iragana ezagutzeko eta etorkizunari ekarpena egiteko proposamena. Eta, batez ere, jendeak herria, Ikastola eta komunitatea elkarrekin aurkitzea nahiko genuke.

Lazkao herri euskalduna da, eta euskarak presentzia handia du herriko egunerokoan. Baina, gure hizkuntzaren etorkizunari dagokionez, zer mezu helarazi nahi diozue herritarrei?

Herri euskalduna izateak ez du esan nahi egindako lana amaitu denik. Euskara erabiltzeko espazioak sortzen jarraitu behar dugu, batez ere belaunaldi berrien artean. Eta herritar berriak ere euskararen komunitatera erakartzea ezinbestekoa da. Azken batean, euskarak guztion hizkuntza izan behar du, eta horretarako komunitate irekia eta anitza eraiki behar dugu.

Eta, oro har, ikastolen mugimenduari?

Ikastola mugimenduari egiten ari garen hori egiten jarrai dezagula eskatzen diot, elkarrekin aurrera egiten. 50 urteotan ikastolek erakutsi dute herritik abiatuta gauza handiak egin daitezkeela. Baina mundua aldatzen ari da, eta gure hezkuntza-proiektuak ere etengabe egokitu behar du. Beraz, mantendu dezagun hasierako ausardia eta komunitatearen indarra, baina begira diezaiogun etorkizunari. Euskarazko hezkuntza, pedagogikoki aurreratua, propioa eta Euskal Herri osoan indartsua eraikitzen jarraitzeko, ikastolen arteko elkarlana ezinbestekoa izango da. Bat gara eta horrela jarraituko dugu. Ez dugu ahaztu behar Ikastolak dela Euskal Herri osoan, administrazio-banaketen gainetik, hezkuntza sare nazional, euskaldun eta herritar bat osatzen duen mugimendu bakarra.

2026-10-03T05:13:09+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo