Beasain – Beasaingo udalerrian bide-segurtasunean eta trafikoan egindako hobekuntzen helburu nagusia ibilgailuen trafikoaren segurtasuna hobetzea eta talka-arriskua ezabatzea izan da, Udal Gobernuak adierazi duenez.
Horren harira, Leire Artolaren Gobernuak beharrezkoak ikusten zituen bi aldaketa egin dira Beasaigo bi puntu desberdinetan: seinale horizontaletan eta bide-marretan.
Segurtasuna hizpide Lehenengo aldaketa Katea kalean egin da. Aparkalekuak mugatzen dituzten arrastoen orientazioa aldatu da, ibilgailuek atzera eginez aparkatu behar izan dezaten.
Aldaketa horrekin, aparkalekutik irtetean, ibilgailuak errepidera sartuko dira zirkulazioaren noranzkoan, eta hurbiltzen ari diren gainerako ibilgailuak hobeto ikusiko dituzte. Horrela, segurtasunean irabaziko da batik bat.
Bestalde, bigarren aldaketa Gurea gasolindegitik, Bernedoeneako aparkalekuan, osasun-zentrora doan zirkulazio-erreian egin da.
Egindako bigarren aldaketarekin, lehentasuna izango dute aipatutako bidetik datozenek eta ez diete bidea utzi beharrik izango orain arte bezala, osasun-etxearen albotik hurbiltzen direnei. Hauek izango dira derrigorrean gelditu beharko dutenak marraztu den Stop seinaleztapen berriarekin.