Gipuzkoa

Azkoitiko PNV eta EH Bilduren ordezkariak Bergaran izango dira igandean

Ana Azkoitia alkateak eta Asier Altuna zinegotziak parte hartuko dute Foruen abolizioaren 150. urteurrena eta Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrena aitortzeko ekitaldian, Euskal Herri osoko alkate eta udal ordezkariekin
Ana Azkoitia eta Asier Altuna, Azkoitiko Udalaren ordezkariak Bergarako ekitaldian, sinaturiko adierazpenarkin. / A.U.

Azkoitiko EAJko eta EH Bilduko udal taldeek adierazpen bateratua egin dute Foruen abolizioaren 150. urteurrenaren eta Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrenaren harira.

Bergarako zita

Ana Azkoitia alkatearekin batera, hartuko du parte Asier Altuna zinegotziak datorren igandean Bergaran egingo den ekitaldi politiko-instituzionalean.

Bi efemerideen garrantzi historiko, politiko eta instituzionala aitortzen dute bi alderdiek.

Foruen galera eta alkateen bilera

1876ko abolizioak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foro erregimenaren amaiera ekarri zuen, eta, ondorioz, eskubide historikoen eta burujabetza instituzionalaren galera handia eragin zuen.

Mende bat geroago, 1976an, Bergaran bildutako alkateek testuinguru politiko berrian herriaren nortasuna, udal tradizio demokratikoa eta autogobernuaren aldeko borondatea berretsi zituzten.

Borondate demokratikoaren adierazpena

“1976ko adierazpen hartan jasotako espiritual gaurkotasun osoa du oraindik ere. Izan ere, udalerriek Euskal Herriaren historian izan duten eginkizun politiko eta instituzionala funtsezkoa izan da, eta gaur egun ere udal erakundeek herritarren borondate demokratikoaren adierazpide hurbilena izaten jarraitzen dute”, jasotzen du alderdi biek sinaturiko adierazpenak.

Orduan bezala, “euskal herritarren ahotsak bere lekua behar duela” eta ”hitzaren eta erabakiaren jabe behar dugula izan” aldarrikatzen dute.

Egungo erronkei aurre egiteko, Euskal Herriarentzat autogobernu eta burujabetza handiagoa eskatzen dute. “Horregatik, oroimen historikoaren aitortzak gaur egungo autogobernuaren inguruko eztabaida politiko eta instituzionala elikatu behar du”.

14/07/2026