Gipuzkoa

'Azala' izango da Oiartzungo VI. Poesia Egunaren ardatza

Uztailaren 4an egingo den egitarauak errezitaldiak, mahai-ingurua, kontzertuak eta poesia ekintza berezia bilduko ditu
Iazko errezitaldia. / Mendi Urruzuno

Oiartzungo Poesia Egunak seigarren aldiz ospatuko dira aurten, eta, lehen aldiz, egun bakarreko egitarauan bilduko dituzte jarduera guztiak. Uztailaren 4an egingo den ekimenaren antolaketan, ohi bezala, 1545 Argitaletxeak, Hitzen Lihoa taldeak eta Metrokoadrokak elkarlanean jardun dute, Oiartzungo Udalaren eta herritarren laguntzarekin.

Antolatzaileek azaldu dutenez, aurtengo edizioaren ardatza Azala izango da. Kontzeptu horren bidez, poesiak gizartearekin duen harremana azpimarratu nahi dute, azaleko irakurketatik harago joanez. Haien esanetan, Poesia Egunen helburua da poesiaren bidez elkarlana sustatzea eta egungo gizartearen zein kulturgintzaren kezkei buruzko gogoeta kritikoa plazara eramatea.

Goizetik gauera arteko egitaraua

Poesia Eguna uztailaren 4an hasiko da, 11.00etan, Ugaldetxon egingo den ibilbide poetikoarekin. Futbol zelaitik abiatuta, herriko poeta eta irakurleek parte hartuko dute saioan, Arantzazu Lizartza, Ione Gorostarzu, Peio Iturralde eta Maria Oses idazleekin batera.

Arratsaldean, 17.00etan, Poesian oinarritutako kultur ekimenak: badago sarerik? izeneko mahai-ingurua egingo da udaletxeko areto nagusian. Bertan, Hernaniko Kale Literatura, Hatsa elkartea, Azpimarra, Balea Zuria eta Lekeitioko Irailekoak poesia-jaialdiko ordezkariek poesia ekimenen arteko lankidetza eta etorkizuneko erronkak izango dituzte hizpide.

Egitarauko kartela. N.G.

18.30ean hasiko da eguneko ekitaldi nagusietako bat: Arizmendieneko lorategian egingo den errezitaldi poetiko musikatua. Oholtzan izango dira Oihana Arana, Leire Bilbao, Itxaro Borda eta Jon Garmendia Txuriya, eta haien hitzak musikaz lagunduko dituzte Xabi Belaunzaranek, Julen Etxebestek eta Oihan Gastesik.

Ordutegi berean, 18.30etik 20.30era, Arizmendieneko lorategiak beste proposamen berezi bat ere hartuko du: Poetattoo izeneko zuzeneko tatuaje-saioa. Le Titareren eskutik, nahi dutenek euskarazko poema baten zatia doan tatuatzeko aukera izango dute, aldez aurretik izena emanda.

Egunari amaiera emateko, 21.00etan, Miren Narbaiza MICEren kontzertua izango da Arizmendieneko lorategian.

Poesia etxeetako buzoietara

Edizio honetako proposamen berezienetako bat Zuretzat izeneko ekimena izango da. Antolatzaileek ohiko posta bidezko harremanak berreskuratu nahi izan dituzte, literatura eguneroko bizitzara eramanez.

Horretarako, Oiartzungo etxe guztietako buzoietan Zuretzat hitza besterik ez duen gutun-azal zuri bat banatzen ari dira. Barruan, bost idazlek poesiari idatzitako gutunetako bat eta bost ilustratzailek sortutako irudietako bat aurkituko dituzte herritarrek. Bilduma osatzeko, auzotarrek elkarrekin partekatu beharko dituzte jasotako piezak.

Gutunak idatzi dituzte Iñigo Astizek, Hedoi Etxartek, Miren Agur Meabek, Ixiar Rozasek eta Leire Vargasek. Ilustrazioen egileak, berriz, Malen Agirre, Udane Ansa, Allende Arnaiz, Arkaitz Barriola eta Idoia Beratarbide dira.

Antolatzaileen esanetan, Poesia Eguna ez da errezitaldien segida hutsa. Helburua da poesia herritarren eguneroko bizitzara hurbiltzea, artearen bidez elkarrizketa sortzea eta sormen garaikidea komunitatearekin partekatzea. Horregatik, herritarrak gonbidatu dituzte uztailaren 4ko jardueretan parte hartzera eta poesiak herriko kaleetan eta etxeetan utziko duen arrastoarekin bat egitera.

03/07/2026