Gipuzkoa

Astigarragako Sagardoetxea museoak 20 urte beteko ditu

Udazken Zaporez egitarauaren baitan, Sagar Uzta festa ospatuko da hil bukaeran
Alkatea Sagardoetxeako ordezkariekin. / Aitziber Muga

Sagardoetxeak 20 urte beteko ditu aurten, eta urteurrena ospatzeko egitarau berezia prestatu dute Astigarragan. Bi hamarkadatan zehar sagardoaren kultura ezagutaraztea, ondarea zaintzea eta sagardogintzari lotutako ezagutza belaunaldiz belaunaldi transmititzea izan du helburu museo honek.

Urteurrenaren harira, irailaren 12an ateak irekiko ditu egun osoko ospakizunarekin. Hortaz, ospakizuneko egunean bisitariek Sagardoetxearen historia eta bilduma ezagutzeko aukera izango dute ate irekien eta bisita gidatuen bidez.

Horrez gain, Idoia Lizeagaren eskutik Biribilka arte-instalazio parte-hartzailea egingo da, eta familientzako jarduerak ere izango dira, besteak beste, Sagardoetxeako lorategian egiteko tailerra eta Sagarretik sagarrera jokoaren bidez sagardoaren kultura modu ludikoan ezagutzeko proposamena. Egunari amaiera emateko, sagastian kontzertuak izango dira 3 Zur eta Zerumuga taldeekin. Ospakizunean zehar, gainera, sagardo bereziak dastatzeko aukera izango da.

Urteurrenak udazkeneko programazioaren abiapuntua izango da, baina azaroaren 1era bitartean, Udazken Zaporez egitarauak sagarraren uzta garaia izango du ardatz, eta sagardoaren kulturarekin eta ondarearekin lotutako hainbat jarduera bilduko ditu. Horien artean, izango dira dolareko lanak eskola-umeekin, sagar muztioa familian elaboratzeko tailerrak eta ondarearekin lotutako bisita gidatuak.

XXVI. Sagar Uzta

Programazioaren hitzordu nagusietako bat XXVI. Sagar Uzta izango da, irailaren 24, 26 eta 27an egingo den sagarraren jaia. Egun nagusia irailaren 27a izango da, igandea, eta sagarra izango da protagonista Foru plazan.

Han herriko familiek 2026ko uztako lehen muztioa egiteko prozesuan parte hartuko dute, Sagardoetxeako sagastian sagarrak bilduz eta ondoren, kalejiran, sagarrak plazara eramanez. Bertan, sagardogintzako lanak erakutsiko dira ipinitako baserri-dolarean, sagarrak bildu, jo eta zanpatuz.

Sagar Uzta ez da sagarraren bilketa eta elaboraziora mugatuko. Foru plazan sagarren erakusketa eta dastaketa, sagardo eta muztio dastaketak, txertaketa erakustaldiak, herriko baserritarren produktuen salmenta eta sagarrak marrazteko tailerra izango dira. Musika eta dantza ere ez dira faltako, trikitilariek herria girotuko baitute eta Sagar dantza eta kirikoketa izango baitira. Egitarauari amaiera emateko, 2026ko uztako lehen muztioarekin herri-topa egingo da txalaparta eta kirikoketaren artean. Arratsaldean, berriz, pilota partidak izango dira.

Erbetegi-Etxeberri tolarera bisitak

Udazkeneko programazioaren beste proposamen esanguratsuetako bat, eta berrikuntza bezala, Erbetegi-Etxeberri tolare zaharberritura egingo diren bisita gidatuak izango dira. Dolare hori sagardoaren ekoizpenean giltzarri izan zen XIX. mendearen amaieratik XX. mendearen erdialdera arte, eta urte luzez gordeta egon ondoren, Dolareak proiektuaren bidez berreskuratu eta zaharberritu dute Gipuzkoako, Iparraldeko eta Nafarroako zurgintzako Lanbide Heziketako ikasleek. Lana ikusteko, bi bisita gidatu antolatu dira, urriaren 24an eta 31n.

Irailaren 12tik azaroaren 1era bitartean egongo diren ekintzen izen-ematea Sagardoaren Lurraldeko webgunean egin daiteke.

03/09/2026