Gipuzkoa

Asteburu Mikologikoa ospatuko dute Legazpin

Lekanazpi elkarteko kideek mendi irteera, hitzaldia, dastaketa eta kontzertuak antolatu dituzte, besteak beste
Lekanazpi elkarteko bazkideak.
Lekanazpi elkarteko bazkideak. / N.G.

Actualizado hace 3 minutos

Ostiraletik igandera bitartean Asteburu Mikologikoa ospatuko dute Legazpin, Lekanazpi elkarteak antolatuta. Aurtengoa 30. edizioa izango da.

Ostiralean, 17.00etatik 20.00etara, herritarrek bildutako perretxikoak jasoko dituzte Lekanazpi Elkartean. Aranzadiren gomendio jasangarriei jarraituz, perretxiko bakoitzeko ale bat edo bi eramatea eskatu dute. Garrantzitsua da gainerako perretxikoak basoan geratzea. Antolatzaileekin harremanetan jartzeko 611 040 487 zenbakira deitu behar da.

Larunbatean, 9.30etik 13.00etara, ibilbide mikologiko gidatua egingo dute. San Martin auzoko arkupean elkartuko dira, 9.30ean. Bizpahiru orduko ibilbidea egingo dute. Espezieak identifikatu eta bereiziko dituzte eta perretxikoek naturan duten garrantzia ezagutuko dute. Adin guztikoentzat da eta ez da aurrez izena eman beharrik. Perretxikoak Lekanazpi Elkartean jasoko dira, 11.00etatik 14.00etara. Perretxikoen truke, salda eta txorizoa eskainiko dira. Goizeko ibilbidean bildutakoak zein herritarrek euren kasa bildutakoak jasoko dira.

15.00etatik 18.00etara perretxikoen sailkapena egingo dute azokan, Aranzadi Zientzia Elkartearen eskutik. Perretxikoak identifikatu eta sailkatuko dira, eta legazpiarrek adituei galderak egiteko eta zalantzak argitzeko aukera izango dute.

17.00etan umeen gunea irekiko dute. Jolas eta erronken bidez, txikienek perretxikoak ezagutzen eta bereizten ikasiko dute. Haurren gunea 20.00ak arte izango da zabalik.

18.00etan Jon Ander Jaka adituak Perretxikoak, eraztunarekin edo eraztunik gabe hitzaldia egingo du. Hasiberrientzat pentsatutako saioa da, modu erraz eta praktikoan perretxikoak ezagutzeko oinarrizko irizpideak lantzeko.

18.30etik 21.30era perretxikoen erakusketa egingo dute. Era askotako perretxikoak ikusgai izango dira, espezieen arteko ezberdintasunak ezagutzeko eta jatekoak direnak bereizten ikasteko.

18.30etik 21.00etara, berriz, Upelgilearen Begia apustu jokoa egingo dute. Parte hartzaileak perretxikoz betetako saskiaren pisua asmatzen saiatuko dira.

19.00etatik 21.00etara perretxiko solidarioak banatuko dituzte, borondatearen truke. Bildutako dirua Kubako herriari laguntzeko erabiliko da. 20.00etatik aurrera kubatar doinuak entzun ahal izango dira.

Larunbateko ekitaldiekin bukatzeko, 21.00etan saskia pisatuko dute eta saria banatu. Upelgilearen Begia apustu jokoaren irabazleak perretxikoz betetako saskia, makila eta labana jasoko ditu.

Azken ekitaldiak igandean izango dira. 10.00etatik 15.00etara perretxikoen erakusketa egingo dute azokan. 12.00etatik 14.00etara, berriz, Upelgilearen Begia apustu jokoa.

13.00etatik aurrera euskal musika entzuteko aukera izango da, zuzenean. 13.00etatik 14.30era perretxiko solidarioaren dastaketa egingo dute, borondatearen truke. Bukatzeko, 14.00etan saskia pisatuko dute eta saria banatu. Bezperen bezala, irabazleak perretxikoz betetako saskia, makila eta labana jasoko ditu.

2026-10-01T15:40:56+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo