Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak aurten 126.854 euroko laguntza ekonomikoak emango dizkie turismo sektoreko elkarte eta fundazioei, bidaiariei eskaintzen dizkieten zerbitzuak eta esperientziak modernizatzeko eta hobetzeko proiektuak finantzatzeko.
Aldundiak adierazi duenez, "erakunde onuradunak turismo ostatuen elkarteak, Arabako zenbait udalerritako sustapen elkarteak, kultura elkarteak eta turismo zerbitzuak eskaintzen dituzten fundazioak dira".
Cristina Gonzalez Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazioaren Saileko foru diputatuak azaldu duenez, "funtsezko eragileak dira turismo eskaintza osoa eta askotarikoa eratzeko eta, horrela, Araba kalitatezko helmuga gisa sendotzeko". "Horregatik, laguntza ematen diegu eskaintza hori hobetzeko, baliabide materialak eta zerbitzuak modernizatzeko eta sustapen ekintzak egiteko", gehitu du.
"Ekitaldien antolaketa ere finantzatzen dugu, oso garrantzitsuak baitira bidaiariak erakartzeko eta sektorea dinamizatzeko. Hala, besteak beste, enoturismoarekin, landa inauteriekin eta tokiko txikizkako merkataritzaren dinamizazioarekin lotutako ekitaldiak babestuko ditugu aurten, bai eta bisita gidatuak eta antzeztuak ere hainbat udalerritan", adierazi du.
Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazioaren Sailak bi deialdiren bidez ematen ditu laguntza ekonomiko horiek. Lehenengoa elkarteei eta fundazioei laguntzeko da honako hauek finantzatzeko: ekitaldiak antolatzea, kongresuak egitea, publizitatea kontratatzea, web orriak eguneratzea eta zenbait jarduera turistiko eskaintzea (bisita gidatuak, tailerrak, ibilbideak...).
Horrela, eta laguntza lerro honen bitartez, 'Samaniego in Wine', 'Villabuena Wine Fest' eta 'Salinillas de Buradon' Upategi Irekien XIX. Jardunaldiak finantzatuko dira, Samaniegoko Turismoa Sustatzeko Elkarteak, Villabuena Sustatzeko Elkarteak eta El Pilagar Kultura Elkarteak antolatuak, hurrenez hurren.
Deialdi honen bidez beste jarduera hauek ere finantzatuko dira: Billodako landa inauteriak, Iruña Okako Arkiz Kultur Elkarteak antolatzen duen Ilargiaren Festa, Correfest-Hedegile kaleko herri festa eta Udafest-Erdi Aroko Hiriguneko Elkarteen Federazioak (Fedasoc) bultzatutako hirigune historikoko merkataritzaren udako festa.
Laguntza lerro honek honako hauek ere lagunduko ditu: Añanako Gatz Harana Fundazioaren eta Artium Fundazioaren sustapen material berria editatzea, publizitate ekintzak, bisita gidatuak eta ekitaldiak; Arabako Turismo Ostatuen Elkarteak (Arabatur) sustatzen duen turismo ostatuen sektoreko Hoststik kongresua; eta Antoñanako bisita antzeztuak.
Bigarren laguntza lerroa turismo sektoreko elkarte eta fundazioen inbertsio proiektuak finantzatzera bideratuta dago, irabazteko xederik gabeko erakunde horiek bidaiarien eskura jartzen dituzten azpiegiturak eta zerbitzuak hobetze aldera. Deialdi honen bidez, Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazioaren Sailak arrapala berri bat finantzatuko du Gatz Haranean, irisgarritasuna hobetzeko.