Vida y estilo

Animalia baten galera

Animalia bat galtzea mingarria da, baina gizarteak askotan ez du galera horrek eragiten duen dolua aitortzen

Etxean dagoen hutsunea izan ohi da aldaketarik nabarmenena. Urteetan eguneroko bizitzaren parte izan den animalia bat hil ondoren, ohiko errutinak aldatu egiten dira: ez dago paseatzera ateratzeko beharrik, ez da janaria prestatzen, eta etxeko txoko batean lehen zegoen presentzia desagertu egiten da. “Etxera iritsi eta atea irekitzen nuenean, beti etortzen zen nire bila. Lehen egunetan, oraindik ere bere zain egoten nintzen”, azaldu du Malen Lópezek, bere txakurra galdu zuenak.

Maskota baten heriotzak tristura eta hutsunea eragin ditzake, baina dolu hori ez da beti ingurukoek aitortzen duten zerbait. “Batzuetan, pertsonak berak ere zalantzan jartzen du sentitzen ari dena, animalia bat zelako. Baina dolua ez du zehazten galdu dugunaren espezieak, harekin genuen loturak baizik”, azaldu du Maite Aranburu psikologoak.

Aranbururen arabera, maskotarekin urteetan sortutako harremanak lotura emozionala eta eguneroko ohiturak uztartzen ditu. Horregatik, bere heriotzak pertsona baten bizitzan eragin nabarmena izan dezake. Hala ere, psikologoak argi utzi du maskota baten eta pertsona baten heriotzak ez direla berdinak: “Ez dira galera baliokideak, eta dolu-prozesuak ere ez du zertan berdina izan. Baina horrek ez du esan nahi maskota baten heriotzak eragin emozionalik ez duenik”.

Un grupo de cachorros de gatos alimentados en un centro de acogida. Freepik

Dolu erreala baina desberdina

Maskota baten heriotzaren ondoren agertzen den dolua ulertzeko, ezinbestekoa da berarekin sortutako lotura kontuan hartzea. Animalia etxean urte askotan bizi denean, eguneroko bizitzaren parte bihurtzen da: ordutegiak, paseoak, zaintzak eta elkarrekin igarotako denborak errutina bat sortzen dute. Heriotzarekin, animalia bera ez ezik, eguneroko ohitura horiek ere desagertzen dira. “Batzuetan, jendeak ez du ulertzen zergatik zauden hain triste. Baina ez da egun batetik bestera desagertzen den sentimendua; urteetarako harremana amaitzen da”, dio psikologoak.

Doluaren lehenengo egunetan emozio desberdinak ager daitezke: tristura, hutsunea, haserrea edo erruduntasuna. Azken hori bereziki presente egon daiteke animalia gaixorik egon denean edo eutanasia erabaki behar izan denean. “Pertsonak bere buruari galdetu diezaioke ea gehiago egin zezakeen, ea une egokia aukeratu zuen edo ea erabakia zuzen izan zen”, azaldu du Aranburuk. “Erruduntasun hori doluaren parte izan daiteke, eta ez du zertan esan nahi pertsonak erabaki okerra hartu zuenik”.

Malenek ere antzeko sentsazioa izan zuen bere txakurra hil zenean. “Azken asteetan etengabe pentsatzen nuen ea nahikoa egiten ari nintzen. Hil zenean, lasaitasuna eta tristura batera sentitu nituen, eta horrek errudun sentiarazi ninduen”. Bere kasuan, ingurukoen erreakzioek ere eragina izan zuten dolua bizitzeko moduan. “Batzuek ulertu zuten, baina beste batzuek esaten zidaten denborarekin ahaztuko nuela. Horrelako esaldiak ez dira lagungarriak, nik ez dut nire txakurra ahaztu nahi”.

Psikologoaren ikuspegitik, egoera horrek badu berezitasun bat: maskota baten heriotza ez dago beti gizartean beste galera batzuek bezala aitortuta. Ez dago beti hiletarik, baimenik edo dolua partekatzeko espaziorik. Horregatik, pertsona batzuek bakarrik bizi dezakete prozesua. “Dolu mota horri dolu desbaimendua edo sozialki aitortu gabeko dolua deitu dakioke. Inguruneak galeraren garrantzia aitortzen ez duenean, pertsonak zailtasun handiagoa izan dezake bere emozioak adierazteko”, dio Aranburuk.

Animalia bat galtzeak ere dolu-prozesu bat eragiten du Magnific

Galerari aurre egitea

Maskota beten heriotzaren ondoren, ez dago dolua gainditzeko epe zehatzik. Pertsona bakoitzak modu desberdinean bizi du prozesua, eta eragina izan dezakete animaliarekin izandako harremanaren iraupenak, heriotzaren baldintzak edo pertsonaren egoera pertsonalak. “Ez dago doluaren egutegi unibertsalik. Pertsona batzuek aste batzuk beharko dituzte, eta beste batzuek hilabeteak. Garrantzitsuena ez da zenbat denbora igarotzen den, baizik eta pertsonak pixkanaka bere eguneroko bizitzari berriro heltzea”, azaldu du Aranburu psikologoak.

Prozesu horretan, emozioak ezkutatzen edo azkar gainditzen saiatu beharrean, gertatutakoa onartzea lagungarria izan daiteke. Animaliaz hitz egitea, bere argazkiak gordetzea edo agur esateko erritual txiki bat egitea lagungarria izan daiteke pertsona batzuentzat. “Niri asko lagundu zidan bere gauzak berehala ez kentzeak. Hasieran ez nuen ezer ukitu nahi izan, eta denborarekin, prest sentitu nintzen, bere gauzak gordetzen hasi nintzen”, azaldu du Malenek.

Eutanasia erabaki behar izan duten pertsonentzat, doluaren hasiera bereziki konplexua izan daiteke. Animalia sufritzen ari denean, bere ongizatea lehenestea izan daiteke erabakia hartzeko arrazoia, baina horrek ez du esan nahi erruduntasuna edo zalantzak desagertzen direnik. “Askotan, pertsonak pentsatu ahal du agian egun bat gehiago itxaron ahal zuela. Pentsamendu horiek oso ohikoa izan daitezke. Horregatik, garrantzitsua da erabakiaren testuingurua eta animaliaren sufrimendua kontuan hartzea”, dio Aranburuk.

29/08/2026