Orain dela bost urte hartu zuen Beñat Gaztelurrutiak Durangoko Azokako koordinazioaren lekukoa, eta ordutik urte osoko erronka bilakatu da euskal kulturaren hitzordu nagusia. Abenduaren 4tik 8ra bitartean ospatuko den 61. edizioaren atarian, azokaren bilakaeraz, sortzaileen lanaz eta adimen artifizialak kulturgintzan dituen arriskuez mintzatu da.
Zenbagarren edizioa da zuretzat koordinazio lanetan, eta zenbat denbora eskatzen du halako azoka bat antolatzeak?
2021ekoa izan zen nire lehen edizioa. Guretzat azoka urte osoko lana da. Azoka amaitzen denetik oraindik bi edo hiru hilabete behar izaten dira aurreko edizioa ganoraz ixteko. Egia da Aste Santura arte lasaiune txiki bat egoten dela, baina handik aurrera hurrengo edizioa prestatzen hasten gara: aurreko balorazioetatik abiatuta, hobekuntzak sartzeko eta eragile ezberdinen proposamenak aztertzeko.
Aurten sortzaileengan jarri duzue arreta berezia. Zergatik iruditu zaizue garrantzitsua haien sormen-prozesuari eta egiten duten lanari ikusgarritasuna ematea?
Arrazoi askogatik. Besteak beste, 'Kulturaren Jaialdia' deitzen diogun hitzordu berezi honetarako edukiak eurek ekartzen dizkigutelako; sorkuntzarik gabe ez dago kultur industriarik, ezta azokarik ere. Gainera, sorkuntza ez da berezko agerpen bat: atzean formakuntza, lan handia eta egoera zailetan aurrera egiteko konpromisoa dago. Sortzaile izatea ez da erraza, posizionamendu publiko handia eskatzen baitu, baina zorionez badago jende asko horretarako prest.
Iaz hasi zineten azoka jaialdi moduan ulertzen, iluntze eta gauetako eskaintzarekin. Bide horretan sakondu duzue aurten?
Bai. Azoka liburu eta disko azoka moduan jaio zen, baina gaur egun askoz gehiago da. Diziplina asko batzen dira —ikus-entzunezkoak, eremu digitala, arte eszenikoak, arte ederrak, podcastgintza— eta horrek guztiak jai giroan eta giro ederrean euskal kultur nortasuna bizitzeko eta garatzeko balio du. Iaz azokak ateak itxi eta ordu eta erdira hasi ginen ikuskizunak antolatzen, eskaintza egun osokoa izan dadin eta 'Kulturaren Jaialdia' benetan borobiltzeko.
Eremu digitala aipatu duzu, eta alde batetik aurtengo kartela oso analogikoa da, eta bestetik adimen artifizialaren eztabaida ere puri-purian dago. Mehatxu ala aukera moduan ikusten duzue?
Guk sortzaileen lana aldarrikatu nahi izan dugu. Andoni Beristain egileak proposatutako irudian tresna analogiko asko ikusten dira, baina falta dena da sortzailea bera, eta ausentzia horrek hartzen du garrantzia. Sorkuntza prozesuan sortzailea ezinbesteko pieza da. Adimen artifiziala etorri da eta erabiliko da, baina baliabide moduan ulertu behar da, ez sortzailea ordezkatzeko. Horri mugak ipini behar zaizkio, eta hala diote adimen artifiziala sortu duten enpresetako buruek ere. Artea humanizazioaren mugarria da; gizatasunaren galeria ekarriko luke artea makina batzuek egiteak.
Azken aldian euskarazko kontzertuek sekulako arrakasta izan dute Madrilen, Bartzelonan edota BECen. Pizkunde horrek mesede egiten dio Durangoko Azokari?
Azken hilabete eta urteetan halako ekitaldi handiek jakin-min handia piztu dute euskal kulturarekiko, eta guk pozez eta txaloka ikusi ditugu. Horrek bidea ematen digu arreta piztu zaien pertsona horiei guztiei dei egiteko: agian izebergaren punta ezagutu dute, oso ederra dena, baina horren azpian beste mundu oso bat dago. Hori guztia aldi berean, toki bakarrean eta eskura Durangoko Azokan dago.
Bukatzeko, zer desio duzu abenduaren 4tik 8ra bitarterako?
Guk urtez urte gozatzen dugu, eta benetan nahi duguna da edizioa ondo ateratzea, urte osoko lana borobiltzeko. Lehenengo aurtengoa ondo atera dadila, eta gero hasiko gara datorren urteari begira.