Actualizado hace 3 minutos
'Oporrak bakean' proiektuari esker uda Gasteizen eta Arabako hainbat herritan igaroko duten 26 nerabe sahararrei eskainitako ongietorri ekitaldia egin da astelehen honetan Gasteizko udaletxean. 21 umek harrera familiekin izandako esperientzia errepikatuko dute, eta bostek lehen aldiz parte hartuko dute programan.
Programak Gasteizko Udalaren laguntza jasotzen du duela 30 urte baino gehiagotik eta 2006tik Arabako Foru Aldundiarekin eta Afanis Saharako Haurrak Hartzen dituzten Familien Elkartearekin batera koordinatzen dute.
Adingabeak haien abegi familiekin batera joan dira ekitaldira eta Gasteizko Udaleko Garapenerako Lankidetzako zinegotzi Ana Lopez de Uraldek, Arabako Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatu Iñaki Gurtubaik, Fronte Polisarioko Euskadiko ordezkariorde Fatma Brahimek, Afaniseko presidenteorde Estibaliz Barriok eta erakunde mailako beste ordezkari batzuek egin diete harrera.
Ekitaldian, Ana Lopez de Uraldek azpimarratu du Gasteiz "hiri irekia eta abegikorra" dela, "aniztasunarekiko, pentsatzeko, hitz egiteko eta bizitzeko modu guztiekiko errespetuaren alde egunero lan egiten duen hiria". "Beste leku batzuetatik iristen direnek beren esperientziarekin, kulturarekin eta balioekin aberasten gaituztela sinetsita dagoen hiria da gurea", esan du, abegi familien "elkartasuna" eskertuz.
Bestalde, Iñaki Gurtubaik esperientziarekin gozatzea eta kanpamenduetara itzultzen direnean "Arabaren zati bat bihotzean eramatea" opa die haurrei, eta abegi familiei eskerrak eman dizkie, etxeko ateak txiki horiei irekitzean izan duten "eskuzabaltasunagatik". Afanisen lana nabarmendu du, abegi familiak bilatzeko egindako ahaleginagatik.
Orobat, Fronte Polisarioaren Ordezkaritzari jakinarazi dio Arabako Foru Aldundiak "konpromisoa" duela "alderdi guztientzako irtenbide politiko justu, iraunkor eta onargarria bilatzeko, Mendebaldeko Saharako herriaren erabaki askea aurrez ikusteko".
'OPORRAK BAKEAN'
'Oporrak bakean' programak aukera ematen die haur sahararrei uztailean eta abuztuan Tindufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpamentuak uzteko; kanpaleku horietan udan 55 gradutik gorako tenperaturak izaten dira. Araban dauden bitartean, abegi familiekin bizi dira, behar duten osasun arreta jasotzen dute, elikadura orekatua izaten dute eta hezkuntza, kultur eta aisialdi jardueretan parte hartzen dute.
Duela 40 urte Araban abian jarri zenetik, programari esker, 550etik gora adingabe sahararrek kanpamentuetako baldintza gogorretatik urrun gozatu ahal izan dute udan, abegi familien inplikazioari eta erakunde eta entitate laguntzaileen konpromisoari esker.
Adingabeei 25 abegi familiak emango diete arreta. Uztailaren 1ean iritsi ziren Arabara, eta abuztuaren 28ra arte egongo dira bertan. Aste horietan, Gasteizen eta gainerako lurraldeetan antolatutako bizikidetzako, aisialdiko eta denbora libreko hainbat jardueratan parte hartuko dute, besteak beste, Sobronen egingo den jardunaldian.