Cultura

30. Euskal Denda, tradizioa eta berrikuntza

Arbaso elkarteak antolatutako azokak 30. urteurrena beteko du, eta 53 artisau bilduko ditu abenduaren 4tik 8ra Durangoko Merkatu Plazan, Bizkaiko ordezkaritza zabalarekin eta hamar postu berrirekin
Guztira 53 artisau bilduko dira aurtengo Euskal Dendan / Arbaso

Durango prest dago berriro ere Euskal Herriko artisautzaren erakusleiho nagusi bilakatzeko. Abenduaren 4tik 8ra bitartean, Euskal Denda azokaren 30. edizioa hartuko du Durangoko Merkatu Plazak. Urteurren borobila da aurtengoa Arbaso elkartearentzat —Euskal Herriko Artisautza Tradizionala Bizkortzeko Elkartea—, hiru hamarkadaz lanbide zaharrak bizirik mantentzeko eta garaikidetasunera egokitzeko egindako apustuaren erakusgarri. Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Durangoko Udalaren babesarekin, azokak sektorearen indarra, aniztasuna eta belaunaldi berrien bultzada erakutsiko ditu bost egunez.

Inaugurazio-ekitaldi ofiziala abenduaren 4an izango da, eguerdiko 12.00etan. Une horretatik aurrera, Merkatu Plazako 1.600 metro koadroek 52 stand eta 53 erakusle hartuko dituzte. Espazioaren mugek ez dute ekoizle kopurua gehiago handitzea ahalbidetzen, baina antolatzaileek kalitatearen eta aniztasunaren aldeko hautua lehenetsi dute beste behin ere. Azokaren ordutegia goizeko 11.00etatik 14.30era eta arratsaldeko 16.30etik 20.30era izango da egunero, abenduaren 8an izan ezik, azken egunean arratsaldeko 19,00etan itxiko baititu ateak.

30. urteurrena ospatukoda aurten

Hogeita hamar urteko ibilbidea ospatzeko, Arbasok hainbat jarduera berezi eta keinu sinboliko prestatu ditu edizio honetarako. Horien artean nabarmenena aurtengo kartelaren diseinua da. Antolatzaileek Nafarroako Zapatari tailerra omendu nahi izan dute bertan, 1996ko lehen ediziotik gaur egunera arte Euskal Denda guztietan hutsik egin gabe parte hartu duen artisau bakarra baita. Horrez gain, lehen edizio hartan Kukuxumuxuk sortutako irudia egokitu dute vintage kartel berezi bat kaleratzeko, eta aurreko urteetako kartel historikoen erakusketa txiki bat ere ikusgai egongo da plazan bertan.

Musikak eta arteak ere izango dute beren tartea irekiera-jardunaldian. Izan ere, MCD musika-talde mitikoaren sortzaile eta baxu-jotzaile Niko Vazquez izango da inaugurazioko gonbidatu berezia. Vazquezek Bizkaia industrialaren irudikapen hiperrealista erakusten duen artelan bat —koadro bat— emango dio azokari dohaintzan, eta pieza hori azokaren amaieran zozkatuko dute parte-hartze postala eskuratzen duten bisitarien artean. Bestalde, publikoaren fideltasuna eskertzeko, antolatzaileek joko ezagunenetako bat berreskuratu dute: Artisau despistatua. Horren bidez, stand bateko produktu bat beste postu batean ezkutatuko dute, eta bisitariek aurkitu beharko dute saria irabazteko. Arbasoko arduradunek nabarmendu dutenez, azokaren arrakasta ez da kasualitatea, publikoaren konpromisoari esker baizik. Aurreko edizioan, lau egunetan, 41.453 bisitari zenbatu zituzten sarrerako kontagailuetan, aforo mugatuko espazio batean marka ikusgarria lortuz. Antolatzaileen hitzetan, Euskal Dendara hurbiltzen den jendea publiko fidela da, «azoka hau bisitatzen duenean nora doan eta zertara doan badakiena», artisauen zuzeneko lanaz gozatzeko eta ikasteko gogoz gerturatzen dena.

Belaunaldi berriak

Aurtengo edizioak agerian utziko du artisautza sektore bizia eta etengabe berritzen ari dena dela. Guztira bilduko diren 53 sinaduretatik, hamar berriak dira Durangoko plazan iazko edizioarekin alderatuta; hau da, parte-hartzaileen ia % 20 berritu da. Antolatzaileen esanetan, garai zailetan sortu berri diren tailer horiek sektorearen belaunaldi-erreleboa bermatzen dute, baina erakundeen babesaren beharra ere azpimarratzen dute.

Lurraldekako banaketari dagokionez, Bizkaiak izango du ordezkaritzarik zabalena beste behin ere, 32 artisau bertaratuko baitira —guztizkoaren % 60 baino gehiago—. Gipuzkoatik 9 tailer etorriko dira, Nafarroatik 8 eta Arabatik 4. Durangaldeak ere pisu nabarmena izango du bertako bost profesionalen eskutik.

Sektoreei erreparatuta, ehungintzak marka guztiak hautsiko ditu, 16 postu izango baititu —osagarriak, moda eta berokiak eskainiz—. Gabonen atarian egonda, bitxigintzak (7 erakusle) eta zeramikak (5) ere leku garrantzitsua izango dute, larrugintza eta kosmetika (3na) atzetik dituztela. Horiez gain, bisuteria, koadernaketa artisaua, panpinagintza eta beiragintza (2na), eta ilustrazioa, egurra, txotxongiloak, euskal kirola eta frontoiko pilotak (1na) ere ordezkatuta egongo dira. Nekazaritzako elikagaiek ere beren txokoa mantenduko dute sei espezialistarekin.

Aurtengo hamar berritasunen artean, Bizkaiak zazpi tailer berri ekarriko ditu Durangora, bisuteria, koadernaketa artisaua, zeramika eta elikagaien arloetakoak. Gipuzkoatik, berriz, ehungintza-tailer bat etorriko da. Azkenik, Nafarroako berrikuntza Sukha izango da, alanbrezko panpinak eta naturan jasotako materialekin egindako pieza organikoak sortzen dituen proiektua, etxeei arima eta ongizatea emateko asmoz sortua.

30

Hogeita hamar urteko ibilbidea ospatzeko, Arbasok hainbat jarduera berezi eta keinu sinboliko prestatu ditu edizio honetarako. Horien artean nabarmenena aurtengo kartelaren diseinua da. Antolatzaileek Nafarroako Zapatari tailerra omendu nahi izan dute bertan, 1996ko lehen ediziotik gaur egunera arte Euskal Denda guztietan hutsik egin gabe parte hartu duen artisau bakarra baita.

53

Guztira 53 artisau bilduko dira bertan, eta hamar berriak dira; hau da, parte-hartzaileen ia % 20 berritu da. Lurraldekako banaketari dagokionez, Bizkaiak izango du ordezkaritzarik zabalena beste behin ere, 32 artisau bertaratuko baitira —guztizkoaren % 60 baino gehiago—. Gipuzkoatik 9 tailer etorriko dira, Nafarroatik 8 eta Arabatik 4.

Euskal Dendaren atzean dagoen motorra Arbaso da. Ia ehun tailer biltzen ditu bere barruan, eta helburu argi batekin lan egiten du: euskal artisautza tradizionala zein garaikidea sustatzea, haren eguneroko erabilera bultzatzea eta kalitatezko jatorri-deitura edo label propio bat lortzea. Elkartetik azpimarratu dutenez, XXI. mendeko artisauek antzinako teknikak menperatzen dituzte, baina aldi berean diseinuaren, berrikuntzaren eta material berrien bilaketaren aldeko apustua egiten dute. Horri esker, kultur ondarea babesteaz gain, garapen ekonomikoari ekarpen zuzena egiten diote, desagertzeko arriskuan leudekeen lanbideak bizirik mantenduz. Abenduaren 4tik 8ra, Durangoko Merkatu Plaza izango da sorkuntza horien guztien topagune.