Actualizado hace 2 minutos
Mendekosteetarako 25 ekitalditik gora antolatu ditu Lezoko Jai Batzordeak maiatzaren 22tik 24ra bitartean murgilduko da herria urteroko festa giroan. Lezoko Udalaren laguntzarekin prestatu duten egitarauak adin eta gustu guztietarako proposamenak bilduko ditu, herriko kaleak musikaz, kolorez eta jardueraz betetzeko helburuarekin.
Aitzol Saizar Viaña Kultur zinegotziak eskerrak eman dizkie Jai Batzordeko kideei eta urte osoan lanean aritu diren eragileei. Haren hitzetan, “jai herrikoiak herriarenak dira”, eta Lezon badagoela auzolanean oinarritutako antolakuntza sendoa nabarmendu du. Hilabete luzez landutako egitaraua dela gogorazi du, eta herriko taldeek erakutsitako konpromisoari esker egingo direla aurtengo ospakizunak.
Zabarre eta Maria Labaien
Aurten ere ostiralean iritsiko dira Zabarre eta Maria Labaien Lezora. Portutik lehorreratu eta kalejiran egingo dute plazarainoko bidea, pirata giroa herri osora zabalduz. Pirata txikien pregoiarekin emango zaie hasiera ofiziala festei, eta ordutik igandera arte etengabeko jarduerak izango dira. Jai Batzordeak herritarrak animatu ditu kaleak “musikaz, kolorez, errespetuz eta alaitasunez” betetzera.
Ainhoa Salaberria Garmendia kultur teknikariak azaldu duenez, programak askotariko ekintzak jasotzen ditu, herritar guztiek euren tokia izan dezaten. Ostiraleko afari autogestionatu herrikoia izango da hitzordu nagusietako bat, baina ez da faltako kirolik, kulturarik eta kale animaziorik ere.
Arkirun Klubeko finalak, buruhandi eta erraldoien kalejirak, dantza emanaldiak, kontzertuak, kale ikuskizunak eta musika saioak izango dira hiru egunetan zehar. “Aniztasunak aberasten ditu herriko festak, eta gustu guztietarako hitzorduak izango dira”, azaldu du Salaberriak.
Jai parekideak eta seguruak
Festetako giro herrikoiari eustearekin batera, antolatzaileek azpimarra berezia jarri dute berdintasunean eta errespetuan. Lezoko Jai Batzordeak, Udalak eta Mugimendu Feministak urte osoan egiten duten lanketaren emaitza ere badira jaiak, eta aurten ere indarkeria matxistaren aurkako baliabideak aktibatuko dituzte.
Honenbestez, ostiral eta larunbat gauetan, 00.00etatik 06.00etara, arreta eta salaketarako telefono zenbaki bat egongo da martxan: 688 696 204. Antolatzaileek gogorarazi dute jaiak espazio seguruak izan behar direla herritar guztientzat.
Horrez gain, jaietan sortzen den hondakin kopurua gutxitzeko neurriak ere hartuko direla jakinarazi dute. Edalontzi berrerabilgarrien erabilera sustatuko da hainbat gunetan, eta herritarrei dei egin diete kaleak garbi mantentzeko eta jaiak modu arduratsuan bizitzeko. Jai Batzordeak nabarmendu du ospakizunak komunitatea indartzeko eta herritarren arteko harremanak sendotzeko aukera ere badirela.
Mendekosteetako programa etxeetara iritsi da eta ikusgai dago Lezoko Udalaren webgunean eta aplikazioan.
Saizarrek herritarrak pirata jantziak prestatzera animatu ditu, “gazte, heldu, haur eta tarteko guztiak”, Zabarre eta Maria Labaieni ongietorria egin eta Mendekosteak gogoz ospatzeko.