Gipuzkoa

Zumarrragako Udalak 80.000 euro banatuko ditu garapen ekonomikoa eta merkataritza sustatzeko

ZumarragarEkin programa 2016an jarri zen martxan eta ordutik ia 600.00 euro banatu ditu
Mikel Serrano alkatea, aurkezpen ekitaldian. / Asier Zaldua

Mikel Serrano Zumarragako alkateak ZumarragarEkin programaren aurtengo edizioa aurkeztu du Zelai Arizti kultur etxean. Aurten ere sei diru-laguntza ildo jarriko dituzte martxan, garapen ekonomikoa eta merkataritza bultzatzeko. 80.000 euro banatuko dira guztira.

ZuEkin Berritu programaren helburua enpresen berrikuntza eta modernizazio prozesuak sustatzea da. Alkateak azken urteetan izandako bultzada nabarmendu du, bereziki ehungintza, estetika eta elikaduran. Aurten 10.000 euro banatuko dira.

ZuEkin Hazi programaren helburua, berriz, merkataritza establezimenduetan eta lehen sektoreko jardueretan hobekuntzak eta egokitzapen inbertsioak sustatzea da. “Zumarragako saltoki eta negozio txiki askori modernizazioan, egokitzapenean eta hobekuntzan jarraitzeko aukera ematen die. Hala, merkataritza sare modernoago eta lehiakorrago bat dugu”, azaldu du alkateak. Aurten 10.500 euro banatuko dituzte.

Diru-laguntza handiena ZuEkin Eskolara programakoa da. Aurten 50.000 euro banatuko ditu Zumarragako Udalak. Programa horrek eskola adinean dauden haurren familiei laguntzen die. “Laguntza ildo honek familien babesa eta gertuko merkataritzaren dinamizazioa uztartzen ditu. 2018an sortu zenetik, tokiko saltokietan eragin ekonomiko handia izan du, batez ere eskola materialaren eta kirol materialaren erosketan. Laguntzak horrek hezkuntzarekiko, aukera berdintasunarekiko eta familien ongizatearekiko konpromisoa erakusten du”.

ZuEkin Sortuz laguntzaren helburua, berriz, ekintzailetza eta enplegu sorrera bultzatzea da, tokiko ekonomia “berritzen eta dibertsifikatzen” laguntzen duten jarduera berriak bultzatuz eta aukera berriak sortuz. Aurten 5.000 euro banatuko dira.

ZuEkin Merkatari laguntzari dagokionez, merkataritza eta lehen sektoreko ekintzailetza sustatzen ditu, negozio berrien sorrera, belaunaldi erreleboa eta saltoki berrien irekiera babestuz. Aurten 3.000 euro banatuko dira.

Bukatzeko, ZuEkin Berpiztu programaren bidez lokal hutsen dinamizazioa sustatzen da, erabilera berriak eta negozio aukera berriak ahalbidetuz eta herriko merkataritza sarea biziberritzen lagunduz. Aurten 1.500 euro banatuko dira horretara.

Laguntza eskaerak Zumarragako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu ahal izango dira, laguntza ildo bakoitzean ezarritako epeen barruan. Laguntza hauek iazko azaroaren 1etik aurtengo urriaren 31ra egindako jardueretarako dira.

2016an martxan jarri zenetik, ZumarragarEkin programak ia 600.000 euro bideratu ditu. “Udalerriaren garapen ekonomikoa sustatzeko laguntza ildo nagusietako bat bihurtu da. Programaren helburua aukerak sortzen jarraitzea da, berrikuntza, merkataritzaren modernizazioa eta gertuko jarduera ekonomikoa sustatuz eta, aldi berean, herriaren sustraiak eta bizitza soziala indartzen lagunduz”, amaitu du Zumarragako alkateak.

Etiquetas
30/04/2026