Zumarragako goiko auzoetako 20 bat bizilagunek, gehienak 18 eta 25 urte bitarteko gazteak, jaiak berreskuratu dituzte. Ostalariekin, El Salvador gizarte zentroarekin, La Amistad elkartearekin eta Zumarragako Udalarekin elkarlanean lortu dute helburua. Jaiak duela hamar bat urte desagertu ziren. Asteburu honetan ospatuko dira.
Berpizte horren ernamuina Gizarte Zerbitzuek bultzatuta antolatu zen Tau-Taupadak proiektua da. Bere helburua auzoa biziberritzea zen eta egitasmoaren baitan antolatutako festan ehunka lagunek parte hartu zuten. Handik egun gutxira, auzoko jaiak berreskuratu nahi zituzten bizilagunek WhatsAppeko talde bat sortu zuten.
Jaiak ostiralean hasiko dira. 19.00etan txupinazoa eta trikipoteoa izango dira, Zaldua anaiekin. Antonino Oraako terrazatik Leturiatarren plazara joango dira eta Izazpiko estalkian amaituko dute. Ordu berean, buruhandiak izango dira txikienentzat.
Larunbatean, 16.00etan, mus txapelketa jokatuko da Izazpiko estalkian. 17.00etan partxis eta tute txapelketak jokatuko dituzte El Salvador gizarte etxean (Leturiatarren plaza). 17.30ean txokolatada egingo dute Izazpi parkean, La Amistad elkartearen laguntzarekin. 19.30ean Lasko txarangak kalejira egingo dut (ostiraleko ibilbide bera). Gauean zehar auzoko tabernek ogitartekoak eskainiko dituzte. Larunbateko ekitaldiekin bukatzeko, 22.30ean Joselu Anayak taldeak kontzertua egingo du, 0.30ean txapel jaurtiketa eta zaku lasterketa egingo dituzte eta 1.00ettik aurrera DJ Zazarekin dantza egingo dute.
Azken ekitaldiak igandean izango dira. 11.30ean aurpegi margoketa egingo dute Leturiatarren plazan. 12.00 Altxorraren Bila jolasean arituko dira, toki berean. 14.30ean bazkari herrikoia egingo dute Izazpiko gune estalian, Euskal Parrillaren eskutik.
Helduek entsalada mistoa, otarrainxkak, baserriko oilaskoa parrillan, txerri-saiheskiak eta pasteltxoak jango dituzte. Haurrek, berriz, iberikoak, urdaiazpiko-kroketak, hanburgesa patatekin, izozkia, ogia eta edariak.
Bazkarirako txartelak auzoko tabernetan jarri zituzten salgai eta larunbata izan zen erosteko azken eguna.
Bazkalostean, 17.30ean hain zuzen ere, jaietako azken ekitaldia hasiko da: dantzaldia egingo dute Chuchin Ibañez y los Charros mariatxien eskutik.
Zumarragako goiko auzoetako jaietako antolatzaileek prentsaurrekoa egin zuten duela egun batzuk, jaiak aurkezteko. Ekitaldian Iñaki Mendiluze Gazteria zinego-tziak ere parte hartu zuen. Izan ere, goiko auzoetako bizilaguna da. Oso gustura azaldu zen jaiak berpiztea lortu delako. “Jaien berpizteak aparteko balioa du, zenbatzea ezinezkoa dena. Ez bakarrik eskain-tzen den programazioagatik, baizik eta sortutako ilusio eta konpromisoagatik”.
Jaien antolaketa auzo bizitzan “benetako inflexio puntua” dela gehitu zuen. “Udala hunkitzen du, batez ere elkarteetan belaunaldien arteko erreleboa lortzea hain zaila den garai honetan”, esan zuen.