Udalak Zumarraga Lagunkoiaren bigarren diagnostiko parte hartzailea aurkeztu du. Ekimen hori Gizarte Zerbitzuek bultzatu dute, Zumarraga adinekoekin lagunkoiagoa izan dadin.
Aurkezpen ekitaldian Arantxa Gonzalez Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, Andrea Pozo Matia fundazioko ikertzaile eta Euskadi Lagunkoiako teknikariak eta Beatriz Santamaria Bizipoz aholkularitzako kideak parte hartu dute.
Euskadi Lagunkoia Eusko Jaurlaritzak bultzatu zuen 2012an, adinekoen parte hartzea sustatzeko eta herri lagunkoiagoak egiteko. Zumarragak duela 10 urte egin zuen bat proiektuarekin.
Bigarren diagnostikoa egiteko herritarren inplikazio aktiboa funtsezkoa izan da. Analisia zortzi esku hartze arlotan oinarritu da. Hiru ingurune fisikoarekin lotuta daude (aire zabaleko eremuak eta eraikinak, garraioa eta etxebizitza), beste hiru gizartearekin (gizartea eta komunitate egitura, errespetua eta inklusioa eta herritarren partaidetza eta enplegua) eta azken biak zerbitzuekin (komunikazioa eta informazioa eta gizarte zerbitzuak eta osasuna).
Metodologiari dagokionez, bi tresna erabili dira: herritarren topaketak eta bilerak talde tekniko eta politikoarekin. Herritarren topaketetan emakumezkoen parte hartzea gizonezkoena baino askoz ere handiagoa izan da.
60 hobekuntza ekintza identifikatu dira. Aire zabaleko espazioei eta eraikinei dagokienez, 24 ekintza jaso dira: itzalguneak sortzea, aisialdirako guneetarako sarbidea erraztea (Matxaingo parkean eta Belokiko ibilbidean, adibidez) eta txirrindularien, gidarien eta oinezkoen arteko bizikidetza araudi bat ezartzea, besteak beste.
Diagnostikoak garraioarekin lotutako 11 ekintza jaso ditu: irisgarritasun plana eguneratzea, Renferi tren guztietan arrapalak jartzeko eskatzea, Lurraldebusi auzoetan geralekuak jartzeko eskatzea... Etxebizitzan hiru proposamen jaso dira: hutsik dauden etxebizitzak birgaitzea sustatzea, etxeen egokitzapenetarako dauden laguntzak ezagutaraztea eta energia eraginkortasuna hobetzeko laguntzen berri ematea.
Gizartean eta komunitate egituran bost ekintza proposatu dira: auzoetan topaguneak sustatzea herritarren arteko harremana eta laguntza indartzeko, boluntariotza sustatzeko estrategiak zabaltzen jarraitzea, tokiko jarduera ekonomikorako udal kanpainak indartzea...
Beste hiru ekintzek errespetuarekin eta inklusioarekin lotura dute: geriatrikoan bizi direnen parte hartzea sustatzea, gailu elektronikoak erabiltzen ikasteko prestakuntza saioak ezagutzera ematea eta udal ekimenak ezagutzera ematea eta horietan parte hartzea sustatzea.
Herritarren partaidetzarekin eta enpleguarekin lotutako ekintzak lau dira. Horien artean daude lan mugikortasunari buruzko azterketa egitea garraio beharrak hobeto ulertzeko eta boluntariotzaren ikusgarritasuna bultzatzea.
Komunikazioarekin eta informazioarekin lotutakoak beste lau dira. Horien artean, udalak WhatsApp bidezko informazio kanal bat sortzea. Bukatzeko, gizarte zerbitzuekin eta osasunarekin lotutakoak sei dira. Adibidez, komunitateari zuzendutako saioak bultzatzea.