Zer kontatzen dute gure zuhaitzek Euskal Herriaz? Zer harreman izan dugu euskaldunok haiekin historian zehar? Zenbateraino baldintzatu dituzte gure paisaia, hizkuntza, kultura, lanbideak eta bizimodua? Galdera horiei eta beste hainbat gairi heltzeko aukera izango da ostegunean Urretxun, Amuak programaren baitan. Jakoba Errekondo eta Markel Arriolabengoa, Iñaki Etxebesterekin batera Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian liburuaren egileak, Aizpurunea kultur etxean izango dira, argitalpenaren nondik norakoak eta bertan bildutako jakintza herritarrekin partekatzeko. Hitzaldia 18:00etan hasiko da.
Argiak argitaratutako lan mardulak 493 orrialde, 116 zuhaitz eta arbola espezie, 1.096 argazki eta 86 mapa biltzen ditu. Zuhaitzak identifikatzeko eta haien ezaugarriak ezagutzeko tresna izateaz gain, euskal kulturari eta ondareari egindako ekarpen zabala da.
Izan ere, mendeetan zehar, zuhaitzek gure gizartearen garapenean berebiziko garrantzia izan dute. Elikagaiak eta lehengaiak eman dizkigute, eta ezinbestekoak izan dira ontzigintzan, burdingintzan, artzaintzan eta eraikuntzan, besteak beste. Haien arrastoa gure hizkuntzan, leku izenetan, abizenetan, esaera zaharretan, bertsoetan eta ohituretan ere aurki dezakegu.
Liburuak belaunaldiz belaunaldi transmititutako jakintza hori bildu eta gaur egungo begiradatik aztertzen du. Aldi berean, gure basoen egoeraz, ekosistemen osasunaz, naturarekiko harremanaz eta etorkizuneko paisaiaren kudeaketaz hausnartzeko abiapuntua eskain-tzen du.
Ez da, beraz, botanikan edo basogintzan adituak diren pertsonei soilik zuzendutako lana. Naturarekiko, euskal kulturarekiko, historiarekiko edota inguruko paisaiarekiko interesa duen edonorentzat egindako argitalpena da. Gainera, jakintza modu ulergarrian eta erakargarrian eskaintzeko asmoz sortua da.
Osteguneko hitzaldia aukera paregabea izango da bi egileen eskutik lanaren atzean dagoen ikerketa eta bilketa ezagutzeko, eta egunero inguruan ditugun zuhaitzei beste begirada batekin erreparatzen hasteko.
Urretxuko Udalak herritar guztiak gonbidatu nahi ditu hitzaldian parte hartzera. Izan ere, Urretxuk ere oso harreman estua du zuhaitzekin. Hasteko, herriaren izena bera zuhaitz batetik dator:Urretxu herri izenak hurritz asko dauden lekua esan nahi du eta Urretxuko Udalaren egungo irudian hurritz hosto bat ageri da.
Horretaz gain, Urretxuk Euskal Herriko zuhaitz ezagunenarekin ere harreman estua du:Gernikako Arbola ereserkia Joxe Mari Iparragirre urretxuarrak konposatu zuen. Eta Urretxun Gernikako Arbolaren hiru kimu daude:bi udaletxeko plazan (Iparragirreren estatuaren ondoan) eta hirugarrena hilerrian (Iparragirreren mausoleoaren ondoan).