Actualizado hace 8 minutos
Hona hemen gure mundu berri hau ulertzeko erabiliko ditugun hainbat kontzeptu. Izan ere, teknologia erabiltzea ez da nahikoa; nola funtzionatzen duen eta, batez ere, gure burua nola babestu behar dugun jakin behar dugu. Hitz hauek ezagutzeak zibersegurtasunaren oinarriak menderatzen eta sarean konfiantzaz nabigatzen lagunduko digu.
Adwarea
Pantailan iragarkiak erakusteko diseinatutako softwarea da, normalean web-nabigatzailearen bidez. Batzuk kaltegabeak dira eta publizitatearen bidez diru-sarrerak lortzea dute helburu; beste batzuk, berriz, oso inbaditzaileak izan daitezke, ordenagailua moteldu, leiho gainerakorrak etengabe ireki edo nabigazio-ohiturak erabiltzailearen baimenik gabe jarraitu.
Albiste faltsuak / fake news
Egia ez den edo nahita manipulatuta dagoen informazioa da, benetako albiste baten itxurarekin zabaltzen dena. Helburua jendea engainatzea da eta hauek identifikatzeko gaitasuna oso garrantzitsua da.
Antibirusa
Ordenagailua edo mugikorra mehatxu informatikoetatik babesteko programa da. Fitxategiak eta sistemaren jarduera aztertzen ditu malwarea, hala nola birusak, harrak edo troiarrak, detektatu, blokeatu eta ezabatzeko.
Autentifikazio-faktore bikoitza
Kontu batean sartzeko bi egiaztapen eskatzen dituen segurtasun-sistema da. Pasahitzaz gain, bigarren urrats bat behar da, adibidez, mugikorrera SMS bidez bidalitako kode bat sartzea.
Backdoor / atzeko atea
Sistema batean ezkutuan uzten den sarbide bat da. Erasotzaileek sistema barrura berriro sartzeko erabil dezakete, ohiko segurtasun-neurriak saihestuz. Horrela, ordenagailura edo sarera sar daitezke erabiltzailearen baimenik gabe.
Baiting
Erabiltzaileari amu erakargarri bat eskaintzean datzan engainu-teknika da, jakin-minagatik edo interesagatik bertan eror dadin. Adibidez, erasotzaile batek USB memoria bat utz dezake nahita bulego baten sarreran, norbaitek ordenagailura konekta dezan, edo doako deskarga bat eskaini malwarea instalatzeko helburuarekin.
Birus informatikoa
Ordenagailuaren ohiko funtzionamendua aldatzen duen programa kaltegarria da. Birus biologiko batek bezala, ostalari bat behar du bertan kokatzeko, adibidez, fitxategi, dokumentu edo programa legitimo bat. Gainera, exekutatu eta sisteman zabaltzeko, erabiltzailearen esku-hartzea behar izaten du, esaterako, kutsatutako eranskin batean klik egitea.
Bot
Interneten zeregin automatiko eta errepikakorrak gizaki batek baino askoz azkarrago egiten dituen programa informatikoa da. Bot guztiak ez dira kaltegarriak; izan ere, egunero erabiltzen ditugu mota askotako zerbitzu digitaletan.
Botnet
Infektatutako ordenagailu edo mugikorrez osatutako sare bat da. Erasotzaile batek milaka gailu kontrola ditzake urrutitik, jabeak konturatu gabe, eta guztiak batera erabil ditzake. Adibidez, webgune bat erorarazteko edo spam-mezu ugari bidaltzeko erabil daitezke.
Clickbait
Erabiltzailearen jakin-mina pizteko eta estekan klik eginarazteko erabiltzen den titular edo irudi deigarria eta gehiegizkoa da. Askotan, titularrak zerbait harrigarria iragartzen du, baina edukia irekitzean ez du agindutako informazioa eskaintzen.
Cookieak
Webguneek nabigatzailean gordetzen dituzten fitxategi txikiak dira, erabiltzailea eta haren jarduera gogoratzeko. Adibidez, online denda batean zapatila batzuk saskian sartzen badituzu eta orria ixten baduzu, berriro sartzean bertan jarrai dezakete, webguneak aurretik gordetako informazioa irakurri duelako.
Datu pertsonalen babesa
Enpresek eta erakundeek pertsonen datuak behar bezala babesteko bete behar dituzten arau eta neurriak dira. Helburua da datuak baimenik gabe ez erabiltzea, ez partekatzea eta lapurreta edo filtrazio baten aurrean babestuta egotea.
Datu pertsonalen segurtasunaren urraketa
Datu pertsonalak babesteko segurtasun-neurriek huts egiten dutenean gertatzen da, eta baimenik gabeko norbaitek informazioa eskuratu, aldatu, galdu edo suntsitu dezake. Adibidez, erasotzaile batek klinika baten zerbitzarietan sartu eta pazienteen datuak ikusten dituenean.
Datuen filtrazioa
Babestuta egon beharko lukeen informazioa baimenik gabe kanpora ateratzen denean gertatzen da. Adibidez, online denda bateko milioika erabiltzaileren pasahitzak eta helbide elektronikoak lapurtu eta Interneten argitaratzen direnean.
Deepfake edo ultrafaltsua
Adimen artifizialren bidez egindako muntai oso errealista da. Norbaiti aurpegia edo ahotsa aldatzen diote bideo edo audio batean, pertsona horrek benetan gertatu ez den zerbait egin edo esan duela eman dezan. Oso teknika aurreratua da, eta gero eta zailagoa da erreala zer den eta zer ez bereiztea.
Desinformazioa
Informazio faltsua edo manipulatua nahita sortu eta zabaltzea da, pertsonak engainatzeko, nahasteko edo haien iritzian eragiteko helburuarekin. Sare sozialen, komunikabideen edo mezularitza-aplikazioen bidez zabal daiteke.
Gizarte-ingeniaritza
Pertsonak manipulatzea edo engainatzea helburu duen teknika da, haiek beren kabuz pasahitzak, bankuko datuak edo bestelako informazio konfidentziala eman dezaten. Adibidez, banku-kontua berehala blokeatu dela esaten duen mezu urgente bat bidal dezakete, beldurra eraginez, erabiltzaileak esteka batean klik egin dezan.
Groominga
Heldu batek sare sozialetan edo bideojokoetan profil faltsu bat sortzen duenean gertatzen da, adingabe baten konfiantza irabazteko. Bere adineko gazte bat dela esanez, oso atsegin eta hurbila dela erakusten du, gero argazki intimoak eskatzeko edo aurrez aurre geratzeko.
Har informatikoa
Birus informatikoa ez bezala, har informatikoa programa independentea da. Ez du ostalari gisa beste fitxategirik behar, eta ez da beharrezkoa erabiltzaileak exekutatzea zabaltzeko. Bere ezaugarri nagusia oso azkar bere burua erreplikatzeko gaitasuna da, sare informatikoak erabiliz, ordenagailu batetik bestera hedatzen baita. Horrek sarearen banda-zabalera saturatu eta sistemak kolapsatu ditzake.
Infoxikazioa
Informazio gehiegi jasotzearen ondorioz sortzen den gainkarga edo blokeoa da. Adibidez, sare sozialetan edo Interneten hainbeste datu, albiste eta iritzi irakurtzen dituzunean, azkenean ezin duzula ezer argi atera edo informazio garrantzitsua eta zaborra bereizi.
IP helbidea
Internetera konektatutako gailu edo sare bat identifikatzeko erabiltzen den helbidea da. Zerbitzariek informazioa nora bidali behar duten jakiteko balio du, adibidez, webgune batean sartzean eskatutako edukia zure gailura bidaltzeko.
Jazarpena
Pertsona batek, bakarka edo taldean, beste bat etengabe eta gehiegikeriaz birrintzen duenean, irainak, erasoak edo ezikusiarena eginez, normalean ikastetxean edo institutuan. Horrek kalbarioa eragiten dio pertsona horri, eta ez da borroka edo eztabaida puntual batean geratzen.
Keylogger
Gailuan instalatzen den programa espioi mota bat da, eta erabiltzaileak sakatzen duen tekla bakoitza erregistratu eta gordetzen du. Horri esker, erasotzaileek pasahitzak, bankuko PIN kodeak edo txatetan idatzitako mezuak lor ditzakete.
Kredentzialak
Sistema batean erabiltzailea identifikatzeko erabiltzen diren datuak dira. Normalean, erabiltzaile-izenak edo posta elektronikoak eta pasahitzak osatzen dituzte.
Malwarea
Programa edo kode informatiko kaltegarri mota guztiak biltzen dituen terminoa da, normalean ‘birus’ deitu izan diegunak. Ordenagailuan edo mugikorrean baimenik gabe sartzeko diseinatuta daude, datuak lapurtzeko, erabiltzailea zelatatzeko edo sistema kaltetzeko.
Nortasun digitala
Pertsona batek Interneten duen identitatea da. Sare sozialetako profilek, argitaratutako argazkiek, iruzkinek eta beste pertsona batzuek hari buruz Interneten argitaratzen duten informazioak osatzen dute. Azken batean, sarean pertsona bati buruz dagoen informazio guztiaren multzoa da.
Nortasun-ordezpena
Norbaitek Interneten beste pertsona baten identitatea erabiltzen duenean gertatzen da. Adibidez, haren argazkiekin eta izenarekin profil faltsu bat sor dezake, edo WhatsApp kontua lapurtu eta haren izenean beste pertsona batzuei dirua eskatu, gaur egun ohiko gauza bat dena.
Pasahitza
Kontu edo zerbitzu digital batean sartzeko erabiltzen den gako sekretua da. Erabiltzailearen identitatea egiaztatzeko balio du eta beste pertsona batzuk baimenik gabe sartzea eragozten laguntzen du.
Pasahitz sendoa
Asmatzen zaila den pasahitza da. Ez da komeni jaiotze-data edo ‘123456’ bezalako aukera errazak erabiltzea; hobe da letra larriak eta xeheak, zenbakiak eta ikurrak konbinatzen dituen pasahitz luze eta bakarra erabiltzea.
Phishinga
Iruzurgileek erabiltzen duten teknika bat da. Zure bankuaren, Correosen, Ogasunaren edo beste erakunde baten izenean jartzen dira, eta posta elektroiko bat bidaltzen dizute, normalean esteka batekin. Estekan klik eginez gero, zure datu pertsonalak edo dirua lapurtu diezazukete.
Pretexting
Erasotzaileak istorio edo aitzakia faltsu bat asmatzen duenean gertatzen da, erabiltzailearen konfiantza lortzeko eta informazio sentikorra eskuratzeko. Adibidez, enpresa bateko laguntza teknikoko langilea dela esan dezake, ustezko arazo urgente bat konpontzen ari dela azalduz, erabiltzaileak pasahitzak edo datu pertsonalak eman diezazkion.
Pribatutasuna
Pertsona bakoitzak bere bizitzari eta informazioari buruz zer partekatu eta zer pribatuan mantendu erabakitzeko duen eskubidea da. Adibidez, Instagram kontua pribatu jartzea, argazkiak lagunek bakarrik ikus ditzaten.
Ransomwarea
Malware mota zehatz bat da. Ordenagailuan sartzen da eta fitxategiak blokeatzen ditu, ezin izan ditzazun ireki. Ondoren, dirua edo kriptomonetak ordaintzea eskatzen dizu fitxategietara berriro sartzeko. Enpresa eta udalen aurkako erasoetan ere askotan erabiltzen da, haien jarduera geldiarazteko.
Sextinga
Mugikorraren bidez beste pertsona bati sexu-edukiko argazkiak, bideoak edo mezuak borondatez bidaltzea da. Berez, ez da delitua eta ez da iruzurra, baina arriskua dago: beste pertsonak zure konfiantza hausten badu edo haren mugikorra hackeatzen badute, eduki intimo hori Interneten zabal daiteke zure baimenik gabe.
Sextortsioa
Xantaia mota bat da. Norbaitek zure argazki edo bideo intimo eta sexualak publiko egingo dituela mehatxatzen zaitu, dirua ordaintzen ez badiozu edo eduki gehiago bidaltzen ez badiozu. Irudi horiek engainuen, hackeoen edo aurretik sexting bidez partekatu izanaren bidez lor ditzakete.
Smishinga
Phishingaren antzeko teknika bat da, baina posta elektronikoa erabili beharrean, iruzurgileek SMS bat bidaltzen dizute mugikorrera. Adibidez, jasotzeko pakete bat duzula edo zure banku-kontuan ezohiko kobrantza bat egin dela esaten dizute. Helburua estekan klik egitea da, zure datuak lapurtu ahal izateko.
Spama
Eskatu gabe jasotzen diren mezu masibo eta gogaikarriak dira, normalean publizitatea, iruzurrak edo bestelako eduki interesgabeak zabaltzeko erabiltzen direnak. Askotan posta elektronikoz iristen dira, baina SMS, sare sozial edo beste kanal batzuen bidez ere bidal daitezke.
Spoofing
Iruzurgile batek bere identitate teknikoa faltsutzen duenean gertatzen da, konfiantzazko pertsona edo erakunde baten itxura hartzeko. Adibidez, deia jasotzean pantailan zure bankuaren benetako telefono-zenbakia ager daiteke, edo zure nagusiaren helbide elektronikoaren antzeko batetik mezua iritsi. Helburua erabiltzailearen konfiantza lortzea da, erasotzailearen benetako nortasuna ezkutatuz.
Spywarea
Gailuan ezkutuan instalatzen den programa espioia da. Erabiltzaileak egiten duen jarduera kontrolatu eta erregistratzen du, adibidez, bisitatzen dituen webguneak, idazten dituen pasahitzak edo bidaltzen dituen mezuak. Ondoren, informazio pribatu hori erasotzaileari bidaltzen dio, erabiltzailea konturatu gabe.
Suebakia
Ordenagailu edo sare baten eta Interneten arteko konexioak kontrolatzen dituen segurtasun-sistema da. Sartzen eta ateratzen den trafikoa aztertzen du, eta susmagarriak edo baimendu gabeko konexioak blokeatzen ditu, erasotzaileak sisteman sar ez daitezen.
Troiarra
Troiako zaldi mitikotik datorkio izena. Software legitimo, erabilgarri edo entretenigarri baten itxura hartzen du, adibidez, doako aplikazio edo joko batena, erabiltzailea engainatu eta instalatu dezan. Sisteman sartuta dagoenean, normalean ez da bere kabuz zabaltzen, baina ‘atzeko ate’ bat ireki dezake, erasotzaileei ordenagailua urrutitik kontrolatzeko, pasahitzak lapurtzeko edo beste malware mota batzuk instalatzeko aukera emanez.
Vishinga
Phishingaren telefono bidezko bertsioa da. Mugikorrera deitzen dizute, zure bankuko edo argindar-konpainiako langileak direla esanez, gezurrezko arazo batekin beldurtzeko eta zure pasahitzak edo txartelaren datuak lortzeko.
VPN
Interneteko konexioa babesten duen sare pribatu birtuala da. Erabiltzailearen trafikoa zifratu eta haren benetako IP helbidea ezkutatzen laguntzen du. Adibidez, WiFi publiko batera modu seguruagoan konektatzeko edo beste herrialde batean zaudela emateko erabil daiteke.
Ziberdelitua
Interneten edo teknologia erabiliz egiten den eta legeak zigortzen duen delitua da. Adibidez, dirua lapurtzea, iruzurrak egitea, norbait estortsionatzea edo sarean jazartzea. Beraz, ez da Interneten gaizki jokatzea bakarrik, legez zigortu daitekeen delitua baizik.
Zibererasoa
Norbaitek ordenagailu, enpresa baten sare edo webgune batean baimenik gabe sartzen saiatzen denean gertatzen da, indarrez edo engainu bidez. Helburua informazioa lapurtzea edo sistemak kaltetzea izan daiteke, besteak beste.
Zibergaizkilea
Ziberdelituak egiten dituen pertsona da. Iruzurgile batek SMS faltsuak bidal ditzake dirua lapurtzeko, edo erasotzaile profesional batek erakunde baten ordenagailuak blokeatu eta erreskate bat eskatu dezake.
Ziberjazarpena
Sare sozialen, txaten, bideojokoen edo bitarteko digitalen bidez egindako jazarpena da. Kontzeptu hori teknologiaren gorakadarekin sortu da, eta gaur egun sortzen den jazarpenaren zati handi bat da.
Zibermaula
Internet edo teknologia erabiliz egiten den iruzurra da, normalean dirua edo datu pertsonalak lortzeko helburuarekin. Adibidez, sare sozialetan produktu merke baten iragarki faltsu bat ikusi, ordaindu eta produktua inoiz ez jasotzea.
Zibersegurtasuna
Gure datu pertsonalak, ordenagailu, mugikor edo edoizein bitarte digitaletik, babesteko erabiltzen ditugun erremintak dira.
Zifratzea
Informazioa irakurgaitza bihurtzeko prozesua da, baimenik gabeko pertsonek ulertu ezin dezaten. Informazioa jasotzeko baimena duen pertsonak bakarrik bihur dezake berriro irakurgarri, dagokion gakoa erabiliz.