Política

Extremadurako gobernuan sartzerari ez dio uko egingo Voxek

Santiago Abascal eskuin muturreko buruzagia Salamancako Plaza Nagusian izan zen atzo. | ARGAZKIA: EFE
Santiago Abascal eskuin muturreko buruzagia Salamancako Plaza Nagusian izan zen atzo. | ARGAZKIA: EFE

Balear Uharteetan PPk eta Voxek lortutako akordioaren arabera, Santiago Abascalen alderdia ez da Gobernuan sartuko; baina hitzarmen hori ez da aurrekari izango alderdi ultrak beste autonomia erkidego batzuetan gobernatzeari uko egiteko, esate baterako Extremaduran edo Aragoin.

Hala adierazi zuen atzo Abascalek berak, uharteko komunitatean gertatutakoa beste lurraldeetako egoeratik bereizi ondoren. PPren eta Voxen artean tirabira gehien eragin dituen Extremaduraren kasuan, Maria Guardiola popularra dagoeneko ultraeskuinarekin negoziatzen ari da, azken aste honetan bere irizpidea aldatu behar izan ostean.

“Balear Uharteetakoak ez du beste leku batzuetarako balioko”, ohartarazi zuen atzo Salamancan Voxeko presidenteak komunikabideen aurrean, eta gainerako eskualdeetako gobernuetan presentzia izateko asmoa dutela berretsi zuen.

Balear Uharteetako akordioa “desberdina dela” azaldu zuen Abascalek,

autonomia horretan “separatismoa sartzeko eta katalana ikasgeletan inposatzeko arrisku handia dagoelako”. Bere ustez, egoera ez da batere antzekoa Aragoin, Extremaduran edo Murtzian.

Gainera, Voxeko presidenteak nabarmendu zuenez, Marga Prohens Balearretako PPko buruak, “errespetuz jokatu du” alderdi ultraren hautesleekin, Maria Guardiola Extremadurako PPko buruak ez bezala: “Berak ez gaituelako iraindu, Extremaduran gertatu bezala”.

Abascalen esanetan, Balear Uharteetako itunaren eta gainerakoen arteko beste ezberdintasunetako bat, PPk Voxekin inbestidurarako akordioa “urratu ez izana” omen da; salatu zuenez, adibidez Murtzian erabat bestela gertatu zelako.

“Balear Uharteetakoak ez du balioko beste leku batzuetarako”, azpimarratu zuen.

Bien bitartean, Extremaduran bizi-bizi jarraitzen du popularren eta eskuin muturraren arteko tira-birak, eta Voxekin kabinetean sartzeko negoziaziorik ez egiteko hasierako irizpidea aldatu egin behar izan du Maria guardiolak.

Hala ere, itxura batean bi alderdien arteko elkarrizketak ez doaz batere bide onetik, eta Abascalen alderdiko ordezkariek atzo bertan Guardiolarekin eta Extremadurako PPrekin haserre zeudela adierazi zuten.

Zuzendaritza orokorrak

Horren harira, Gobernuan parte hartzeari buruz Extremadurako PPko buruak berriz ere “ezezkoa esan dio Voxi, zuzendaritzak eskainiz, ez ordea, kontseilaritzak”, salatu zuen Santiago Abascalen alderdiko diputatu Magdalena Nevadok.

Bere Twitterreko profilean zabaldutako mezu batean jakinarazi zuen Nevadok, “Vox gobernuan izatea baztertu egin duela” Guardiolak, soilik zuzendaritza nagusi batzuk eskainiz. Voxeko diputatuaren mezu horiez gain, ez da beste berririk zabaldu inon, Extremaduran gobernua osatzen saiatzeko elkarrizketa horietaz.

2023-07-01T06:45:03+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo