Gipuzkoa

Usurbilgo Emakumeon Etxeak urte erdiko egitaraua prest du

Hileko azken ostiraletan zaintzaile profesionalei arreta eta aholkularitza zerbitzu berria eskainiko die Maitelanek
Emakumeon Etxeko ikastaro bat
Emakumeon Etxeko ikastaro bat / N.G.

Usurbilgo Emakumeon Etxeak 2026ko otsailetik uztailera arteko egitaraua argitaratu du, eta informazio-liburuxka etxez etxe banatu du, herritar guztiengana iristeko asmoz. Datozen hilabeteetan, Jabetza Eskolako ikastaroak, liburu aurkezpen bat, kultur ekitaldi bat eta hainbat aholkularitza zerbitzu eskainiko dira. Ikastaroetan izena emateko epea urtarrilaren 28tik otsailaren 5era bitartean izango da.

Egitarauak ikuspegi integrala du, emakumeen ahalduntzea, zaintza, jakintza feminista eta kultura ardatz hartuta. Antolatzaileen arabera, eskaintzak jarraipena ematen dio azken urteotan landutako ildoari, baina berrikuntza nabarmenak ere txertatu dira.

Berrikuntzak

Guztira, datozen sei hilabetetan hiru aholkularitza zerbitzu eskainiko dira. Horietako bat berria da: Maitelan zaintza kooperatibak zaintzaile profesionalentzako arreta eta aholkularitza eskainiko du, hileko azken ostiraletan. Zerbitzu horren bidez, zaintzan diharduten emakumeen behar espezifikoei erantzun nahi zaie.

Horrez gain, aurreko urteetan eskaini izan diren bi aholkularitza zerbitzuek jarraipena izango dute. Alde batetik, aholkularitza psikologikoa, Sortzeneko Sheila Melconen eskutik, bi astetik behin, astelehenetan. Bestetik, aholkularitza juridikoa eta psikosoziala, Irule Abokatuak taldeak eskainiko du, hilean behin, asteazkenetan.

Prestakuntza arloan, Jabetza Eskolako eskaintza indartu egin da, orain arteko zenbait ikastarori eutsiz eta bi ikastaro berri gehituz. Berrien artean daude Euskal damak Erdi Aroan. Generoaren eta gizarte klasearen arteko elkargunea eta Gure arbasoak: gure leinu femeninoaren lanketa, ikuspegi historikoa eta genealogia feminista uztartzen dituzten proposamenak.

Lehendik eskaini izan diren ikastaroen artean dira, besteak beste, twerk saioa, batukada feminista, zoru pelbikoari buruzko ikastaroa, etxeko konponketak eta mendi orientazioa. Antolatzaileen esanetan, helburua da formatu eta gai anitzak eskaintzea, interes eta adin desberdinetako emakumeentzat.

Lilatoia eta Martxoak 8

Bigarren urtez jarraian, Lilatoian talde gisa parte hartzeko proposamena egin du Emakumeon Etxeko talde sustatzaileak. Lilatoia martxoaren 1ean izango da aurten, eta emakumeen arteko elkartasuna eta ikusgarritasuna indartzea du xede.

Bestalde, Martxoaren 8aren, Emakumeen Nazioarteko Egunaren, harira, autodefentsa feminista hastapen tailerra eskainiko du Maitena Monroyk, martxoaren 6an eta 7an. Tailerrak egunerokoan emakumeek jasaten duten matxismoari buruzko eduki teorikoak eta indarkeria ikusezinak zein ikusgarriak lantzeko ariketa praktikoak uztartuko ditu.

Egitarauaren barruan, liburu aurkezpen bat ere aurreikusi da. Arantxa Urretabizkaiak Zahartzaroaren maparen bila saiakera aurkeztuko du martxoaren 12an, zahartzaroari eta bizi-ibilbideei begirada kritiko eta pertsonala eskainiz.

Kultur alorrean, Bea Larrañagak Filipa Balbina: klown emakumeak historian izeneko ikuskizun-dokumentala eskainiko du apirilaren 18an. Emanaldian irudiak, zuzeneko ikuskizuna eta ikusleen parte-har-tzea uztartuko dira, klown emakumeek historian izan duten presen-tzia azaleratzeko.

Azkenik, Emakumeon Etxeak liburutegi feminista ere baduela gogorarazi dute.

2026-01-22T21:30:27+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo