Gipuzkoa

Usurbilen Euskararen adierazkortasuna izango da hizpide

UEUk, Jakinek eta Udalak antolatutako topaketa ekainaren 18an eta 19an egingo da
UEUko ikastaraoaren aurkezpena. / N.G.

Euskara esanindartzeko bidean: adierazkortasuna euskaraz lantzeko eztabaidak, gakoak eta hautuak izenburupean egingo da topaketa Usurbilen, ekainaren 18an eta 19an. Izan ere, euskararen adierazkortasuna eta esanindarra izango dira aurtengo Jakin Jardunaldiaren ardatz nagusiak. Hamabigarren aldia izango da jardunaldia antolatzen dutena, eta hamargarren urtez jarraian elkarlanean arituko dira Jakin, UEU eta Usurbilgo Udala.

Ekitaldiaren aurkezpenean Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak, Aitor Bengoetxea UEUko zuzendariak eta Haritz Azurmendi Jakineko kideak hartu dute parte. Izena emateko epea ekainaren 16ra arte egongo da zabalik, UEUren webgunearen bidez.

Hizkuntza aberasten

Jardunaldian zehar, hainbat ikuspegitatik helduko diote gaiari. Besteak beste, literatura eta ahozkotasunaren arteko harremana, sexu eta genero disidenteen hizkera, adierazpen askatasuna, hizkuntza-teknologien ekarpena edo ahozkotasuna lantzeko esperientzia praktikoak izango dira hizpide lehen egunean. Horretarako, Miren Amuriza, Amaia Alvarez, June Fernandez, Kike Amonarriz, Naiara Perez, Aitzol Astigarraga, Leire Lison eta Julia Marin izango dira hizlariak.

Bigarren egunean, berriz, kulturgintzako hautu linguistiko eta ideologikoak, euskarazko idazkeraren adierazkortasuna eta ikus-entzunezko formatu berriek eskaintzen dituzten aukerak aztertuko dituzte. Iratxe Retolaza, Garazi Arrula, Gorka Bereziartua, Danele Sarriugarte, Lander Arretxea, Ana Sarria eta Martin Ziarrusta izango dira mahai-inguru eta hitzaldietako protagonistak. Jardunaldia Jose Luis Otamendiren emanaldi batekin amaituko da.

Antolatzaileen arabera, euskararen etorkizunari begira ezinbestekoa da hizkuntzaren erabilera ez ezik, haren adierazkortasuna, aberastasuna eta sormen gaitasuna ere lantzea. Helburu horrekin, bi egunetan zehar gogoeta, eztabaida eta esperientzia trukea uztartuko ditu Jakin Jardunaldiaren aurtengo edizioak.

Gogoeta kolektibo bat

Aurkezpenean, Aitor Bengoetxeak, UEUko zuzendariak azaldu zuenez, UEUk duela lau urte erabaki zuen Udako Ikastaroak ezagutza partekatzeko ez ezik, gogoeta kolektiborako gune ere bihurtzea. Horren harira kokatu du Jakin Jardunaldia ere, euskararen inguruko kezka eta erronkei ikuspegi akademiko eta sozialetik heltzeko espazio gisa. Haren hitzetan, aurten aztertuko duten gaiak interes handia pizten du: euskararen adierazkortasuna eta hiztunen esanindarra indartzeko bideak.

Agurtzane Solaberrietak, berriz, nabarmendu du Usurbil berriro ere ezagutzaren eta kulturaren topaleku bihurtuko dela jardunaldiei esker. Alkatearen esanetan, gaur egungo testuinguru soziolinguistikoan bereziki garrantzitsua da hizkuntzaren aberastasuna lantzea eta belaunaldi berriei transmititzea. Horretarako, hizkera aberastea, erabilera-esparru berriak euskaratik izendatzea eta hiztunen konfiantza indartzea ezinbestekotzat jo ditu.

Haritz Azurmendik azaldu duenez, aurten abiapuntuko galdera nagusia da ea euskara bere adierazkortasuna galtzen ari den edo, behintzat, gero eta zailagoa egiten zaigun errealitate sozial berriak euskaratik izendatzea. Jakinen ustez, egoera horren atzean hizkuntzaren normalizazio falta eta mendeetako minorizazio prozesua daude, baina aldi berean badira egoerari aurre egiteko tresnak, esperientziak eta irizpideak ere.

16/06/2026