Usurbilgo Udalak auzo-zaintza proiektua abiatu nahi du Santuenean, auzoaren baldintzak horretarako ezin hobeak direla pentsatuta. Horiek horrela, Udalak Hurbilduz proiektua aurkeztuko du auzoan bertan azaroaren 20an.
Ekitaldia frontoi ondoko lokalean izango da, goiko solairuan, 18.00etan. Horren ostean, lokala inauguratuko dute, beheko solairuan, Udalak auzotarren erabilerarako egindako egokitzapenak ezagutzeko.
Hurbilduz auzo-zaintza proiektuari dagokionez, Udaleko eta Zabalduz kooperatibako ordezkariek azalduko dituzte programaren nondik norakoak eta datozen aste eta hilabeteetan eman nahi dituzten pausoak.
Auzo-zaintza
Gogora ekarri dutenez, Udala Usurbil herri zaintzailea izateko lanean ari da, eta norabide horretan sustatu nahi ditu Hurbilduz auzo-zaintza proiektuak herriko eremu desberdinetan.
Aginagan hasi zen proiektu pilotu hori probatzen, eta orain, Santuenean jarri nahi da martxan, duen kokapena eta ezaugarriak kontuan hartuz, leku ezin hobea dela iritzita. Santuenearen kasuan, 80 urtetik gorako auzotarrak elkarrizketatu nahi dira, euren egoera ezagutzeko: azaroaren 20ko aurkezpenaz gain, gutun bana bidaliko zaie etxera, proiektuaren berri eman eta parte hartzera gonbidatzeko.
Bi lan-ildo izango ditu proiektuak. Batetik, bakardade egoera hauskorrean egon daitezkeen pertsonekin Bizi Planak egingo dituzte, akonpainamenduarekin batera: pertsonaren nahiak erdigunean jartzen dituen plan pertsonalizatuak dira, euren ongizatea eta gizarteratzea bultzatzeko, bakardadeak pertsonengan sortzen duen narriadura fisikoa zein psikologikoa atzeratzea helburu.
Bestetik, sentsibilizazioan eta aktibazioan oinarrituko den lanketa komunitarioa egingo da: zaintza sare komunitarioak indartzea izango da helburua, eta zenbait kasutan, berriak sortzea.
Udala Zabalduz kooperatibarekin batera ari da lanean: lau urterako hitzarmena sinatua dute, proiektua garatzeko, eta kooperatibako bi kide ari dira lanean. Proiektu honek Aldundiaren dirulaguntza jaso du, Adinberri fundazioaren bidez, Hariak programaren barruan.
Lokalaren inaugurazioa
Arestian aipatu bezala, auzo-zaintza proiektuaren aurkezpenaren ostean, frontoi ondoko lokala inauguratuko dute, beheko solairuan.
Lokala, batez ere, biltegi gisa erabili izan da orain arte, eta espazio horri etekin gehiago ateratzeko proposamenak adostu ditu Udalak Auzo Planeko talde motorrarekin eta Santuenea kultur elkartearekin.
Hala, hainbat egokitzapen egin dira, bi solairuetan: guztira, 20.000 euro inguru inbertitu dira. Goiko solairuan, kirola egiteko bi makina eta billarreko mahaia jarri dira. Beheko solairuan, berriz, lurra berritu eta paretak margotzearekin batera, sukalde bat jarri da. Sukaldeko hainbat elementu berrerabiliak dira, Eguneko Zentroa haur eskolaren eraikinean zegoenekoak baitira. Zentroa Egurtzegira pasatu zenean ere, hango zenbait mahai, aulki eta butaka ere Santueneko lokal horretara eraman ziren.