Gipuzkoa

Usurbilek Sagardo Eguna ospatuko du datorren igandean

Indarkeria matxistarik gabeko gunea izango da 18.00etatik 23.00etara, Mikel Laboa plazan.
Aurreko urte bateko Usurbilgo Sagardo Eguna. / Javi Colmenero

Usurbilgo Sagardo Eguna ospatuko dute igandean, datorren maiatzaren 24an, Usurbilen, eta sagardoaren kulturaren bueltan egun osoko egitaraua prestatu dute herriko erdigunean. Sagardo Egunaren lagunak taldeak antolatuta, sagardo dastaketak, musika, bazkaria eta jai giroa uztartuko ditu egunak, eta aurten ere herriko kaleak sagardoaren inguruko topagune bihurtzea izango du helburu.

Goizeko 11.00etan emango diote hasiera egunari, botatzaileen ohiko argazkiarekin. Ondoren, 11.30ean egingo dute Sagardo Egunaren irekiera ofiziala. Handik aurrera, egun osoan zehar, herriko erdigunean jarriko diren postuetan baserriko zein sagardotegietako sagardoa dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Edariez gain, pintxo eskaintza zabala ere izango da, giro gastronomikoa osatzeko.

Sagardoaren kulturak protagonismo berezia izango duen arren, antolatzaileek azpimarratu dute helburua dela kaleak elkargune eta ospakizun gune bihurtzea. Horren barruan, 15.00etan botatzaileen bazkaria egingo dute Udarregi ikastolan.

Arratsaldean ere jai giroak jarraipena izango du. 17.30etik 20.00etara, Joseto ta Alayak taldeak girotuko ditu herriko kaleak, kalez kale egingo duten emanaldiarekin.

Erasoen aurkako protokoloa

Bestalde, jai giro seguru eta askea bermatzeko helburuz, gune morea ere jarriko dute aurten. Zerbitzua 18.00etatik 23.00etara egongo da martxan Mikel Laboa plazan, eta Emaginek kudeatuko du. Ekimen horren bidez, jai eta aisialdi eremuetan indarkeria matxistaren aurrean prebentzioa, arreta eta erantzun koordinatua indartu nahi dituzte.

Horren harira, azken egunotan herriko hainbat eragilek formazio saio batean parte hartu dute, jai eta aisialdi guneetan eraso matxistei aurre egiteko protokoloaren inguruan. Saioa Sheila Melconekk gidatu zuen, Sortzen elkartearen izenean. Bertan, protokoloaren edukia azaldu, iazko esperientziaren balorazioa egin eta hobekuntzak lantzeko aukera izan zuten.

Udalak gogorazi du protokoloa iaz eguneratu zela, erakunde arteko koordinazioa indartzeko. Izan ere, jai eta aisialdi guneak askotan ez seguruak izaten dira emakumeentzat eta LGTBIQA+ kolektiboko pertsonentzat, bereziki gaueko orduetan. Horren aurrean, protokoloaren helburua da erasoak prebenitzea, gertatzen direnean modu koordinatuan jardutea eta biktimei arreta eta babesa bermatzea.

Protokoloak hainbat atal jasotzen ditu: indarkeria mota desberdinen definizioak, prebentzio eta sentsibilizazio neurriak, esku hartzeko jarraibideak eta baliabideak. Horrez gain, herritarrei zuzendutako kartelak ere prestatu dituzte, oinarrizko mezu batekin: “Eraso matxista baten lekuko bazara, ez epaitu, entzun, babestu”. Kartel horietan laguntza eskatzeko telefono zenbakiak ere ageri dira.

Iaz ezarritako berrikuntzetako bat Leku seguruak izan ziren, eta aurten ere mantendu egingo dituzte. Jai eremutik gertu egongo diren espazio horiek biktimak babestuta senti daitezen prestatuko dituzte, shock egoera gainditzen eta gertatutakoa kontatzen hasteko aukera izan dezaten. Leku horietara sartzeko giltzak kutxa berezietan egongo dira, eta kodeak txosnetan eta tabernetan eskatu ahal izango dira.

Antolatzaileek eta Udalak herritarrei arduraz jokatzeko deia egin diete, baliabide horiek benetan behar dituztenentzat direlako.

19/05/2026