Actualizado hace 6 minutos
Usurbilgo Udalak 14,35 milioi euroko aurrekontua izango du 2026an, 2025eko kontuen aldean 787.091 euro gutxiago. Azkeneko osoko bilkuran onartu zuten dokumentua, EH Bilduren udal Gobernuaren eta PSE-EEren botoekin; EAJk aurka egin zuen. Gobernu taldeak aurrekontuen izaera “anbiziotsua eta arduratsua” nabarmendu zuen, legealdiko konpromiso nagusiak bideratzeko aukera emango dutela iritzita.
Diru-sarrera arruntak gora egin duten arren, Udalak aurrekontu txikiagoa izango du datorren urtean. Foru funtsek 6,16 milioi euroko ekarpena egingo dute, 2025ean baino 460.000 euro gehiago. Hala ere, iaz jasotako ezohiko sarrerarik ez da aurreikusi 2026rako. 2025ean, Zapategi eremuko garapen industrialarekin eta Gauzatu Energia programako maileguarekin lotutako 1,16 milioi euro jaso zituen Udalak.
Hala ere, Gobernuak aurreratu zuenez litekeena da 2026an diru-sarrera bereziren bat egotea, baina ez dutela aurrekontuan sartu, HAPOa indarrean sartzearekin lotuta egongo delako.
Bestalde, Usurbilgo eta Lasarte-Oriako Udalek 411.000 euroko hitzarmena dute Atsobakarreko partzela saltzeko. Horrez gain, kanpo finantziazioa lortzen saiatuko dela adierazi du Udalak, jada aurreratuta dauden proiektuetarako.
Helburuak
Helburuei dagokienez, Gobernuak bost ardatz nagusi azpimarratu ditu aurrekontuetan: gizarte babesa indartzea, etxez etxeko laguntza eta zaintza lanak duintzeko baliabideak handituta; trantsizio ekosoziala eta mugikortasun iraunkorra bultzatzea, Santuenea eta Zubieta arteko bidegorrirako 150.000 euro aurreikusita eta landa eremuak indartzeko partidak handituta; auzoetako bizi kalitatea hobetzea, bereziki Santuenean irisgarritasuna eta espazioen bizigarritasuna hobetzeko 200.000 euroko partida zehaztuta; haur eskolaren eraikina berritzeko 400.000 euro bideratzea; eta euskararen sustapena indartzea, herriko euskalgintzarekin batera plan estrategikoa garatzeko helburuarekin.
Gainera, auzoz auzo egindako aurkezpenetan jasotako iradokizunak eta oposizioaren ekarpen gehienak txertatu direla azaldu zuen udal Gobernuak. Azaroko bilkuran defendatu zutenez, “anbiziotsuak eta arduratsuak” dira aurrekontuak, eta kreditu aldaketen bidez herritarrekin hartutako konpromisoak betetzera bideratuko dituzte.
Emendakinak
Oposizioak aurkeztutako emendakinei dagokienez, alkateak, Agurtzane Solaberrieta Mesak, azaldu zuen oposizioaren ekarpenak entzuteko eta txertatzeko borondatea izan dutela. EAJk zortzi emendakin aurkeztu zituen, eta lau onartu ziren, 200.000 euroko zenbatekoa mobilizatuz (360.000 euro proposatu zituen hasiera batean). Gainerakoak baztertu zituzten, besteak beste, dagoeneko aurrekontuan jasota dauden partiden bikoiztasunagatik edo udal Gobernuak bestelako alternatibak lantzen ari delako. PSE-EEk proposatutako lau emendakinak osorik onartu ziren, herriko auzoetako inbertsioak 40.000 eurotan handituz.
EAJk aurka bozkatu zuen, emendakinei emandako tratuarekin desadostuta. PSE-EEk, berriz, aldeko botoa eman zuen, aurrekontuaren hainbat alderdi positibo baloratu eta bere ekarpenak kontuetan txertatu direlako.