Gipuzkoa

Urretxuko Udalak nerabeen sormen lanak saritu ditu

Sari banaketa ekitaldian Amaiur eta Olaiak, June Fontesek eta Mugan taldeko Pablo Zurutuzak jo dute
Parte hartzaileak, udal ordezkariekin. / Asier Zaldua

Urretxuko Udalak Sormonak lehiaketa antolatzen du urtero, herriko nerabeen sormena sustatzeko eta beraien sormen lanak ezagutzera emateko. Aurtengo edizioan 25 lan aurkeztu dira. 63 nerabek parte hartu dute.

Sari banaketa ekitaldia Pagoeta gune soziokulturalean izan zen. Bakarkako lan onenari saria Meerab Iqbalek irabazi du eta bigarren saria Arai Poncek. Taldekako lan onenari saria, berriz, Joar Muñoz, Aratz Adrados, Jokin Mungia eta Juan Tabuyok irabazi dute. Taldekako bigarren lan onenari saria Yosef Larraza Villar, Sofian Smie Rhouni eta Rayan Reghif Abarak irabazi dute.

Ekitaldia Maren Tenak aurkeztu zuen eta Amaiur eta Olaia bikoteak, June Fontesek eta Mugan taldeko Pablo Zurutuzak abesti batzuk jo zituzten. Sari banaketa ekitaldiaren ondoren, parte hartzaileei diplomak banatu zizkieten eta aurkeztutako lanak ikusteko aukera izan zen.

Epaimahaia Uxue Rey kazetariak, Uxue Kerejeta musikariak, Iñaki Mendizabal arkitektoak, Aitor Hidalgo ile-apaintzaileak, Maddi Iraeta artistak, Itziar Etxaniz moda-diseinatzaileak, Josu Landa sukaldariak eta Ane Errarte ingeniariak osatu dute.

Epaimahaiko kideek, sarituak aukeratzeaz gain, sarituen lanei buruzko iritzia eman dute. Iqbalen Urdinaren isiltasuna lanari buruzko iritzia Iraetak eman du. “Mezua zuzena da. Aurrerago eta atzerago kolokatzen ditu figurak planoan zehar, eta eman nahi duen mezuarekin bat dator horrela egin izana. Izan ere, literalki harrapatuta daude animaliak, zaborrak zeharkatzen ditu. Beheko aldeko landareek sakontasuna ematen diote irudiari, eta atzeko margoak oso ondo laguntzen du honetan ere, itsasoaren argitasuna oso ondo harrapatu du. Lan handia dago animalia bakoitzean, eta oso ondo irudikatuta azaltzen dira. Gainera, aldi berean objektu errealekin nahastuta daude. Sareak, poltsak, ontziak eta plastikoak. Kontzientzia pizteko elementu argiak erabili ditu, guztiok ikusi baititugu hauek itsasoan”.

Taldekako lan onenaren izenburua Kate industrialen maketa da eta horri buruzko iritzia Errartek eman du. “Inguruko industria kontuan hartuta garatutako proiektua da, eskalan egina, maketa batean, baina prozesu osoa erakusten duena. Sarritan, ideia bat buruan daukagunean ez dakigu zenbat pauso eman behar ditugun azken produktura iritsi arte. Diseinua egin duzue, hiru dimentsiotan inprimatu, alde elektronikoa garatu, muntaketa egin eta martxan jarri. Gainera, hori guztia egunerokoan erabiltzen ditugun produktuetan oinarrituta”.

Bakarkako bigarren lan onenari buruzko iritzia Etxanizek eman du. “Kimotxu proiektuak sormena eta originaltasuna erakusten ditu. Material birziklatuen erabilerak proposamenari zentzua ematen dio, eta egunkari zaharren testurak jantziari izaera berezia ematen dio. Atzealdeko brodatuak herriko identitatearekin lotura sortzen du. Gainera, proiektuaren azalpena fitxa tekniko baten antzera aurkeztea oso puntu positiboa da, ikuspegi profesionala erakusten duelako. Paparrekoa osagarri interesgarria da, pieza osatzen laguntzen du. Oro har, proiektuak ideia baten garapena eta sormenarekiko interesa erakusten ditu”.

Bukatzeko, taldekako bigarren lan onenari buruzko iritzia Hidalgok eman du. “Barber chop oso lan txukuna da. Badirudi ikasketaren bat ere egon dela tarteko, eta ikusten da euren buruetan lan ona egin dutela”.

16/02/2026