Gipuzkoa

Urretxuko Iota gimnasiotik munduko powerlifting txapelketara

Jone Maguregik hiru aldiz irabazi du Espainiako txapelketa
Jone Maguregi, Europako txapelketan.
Jone Maguregi, Europako txapelketan. / N.G.

Jone Maguregi Rodriguez Urretxuko Iota gimnasioko entrenatzaileak munduko powerlifting txapelketan parte hartuko du. Txapelketa ekainaren 16an jokatuko du, Lituanian.

Maguregi Markina-Xemeingoa da eta 26 urte ditu. Publizitatea eta Harreman Publikoak ikasi zuen EHUn eta ondoren goi mailako kirol gradua egin zuen. Dena den, ez da beti kirolzalea izan. “Umetan ez nuen batere kirolik egin. 18-19 urte nituenean hasi nintzen kirola egiten. Gimnasiora joaten hasi nintzen, zerbait egiteagatik, eta pixkanaka eboluzionatu egin dut”, azaldu du.

Egun powerliftinga egiten du. “Hasieran gimnasioko ariketa arruntak egiten nituen, ondoren gorputza lantzeko kirola egin nuen eta duela bost urte powerlifting egiten hasi nintzen. Ahalik eta pisu gehien altxatzean datza, hiru mugimendutan: sentadilla, aulki sakakada eta pisu hila”.

Powerliftingean hasi eta berehala hasi zen txapelketetan parte hartzen. “2021eko amaieran hasi nintzen powerliftinga egiten eta nire lehen txapelketa ofiziala 2022ko otsailean izan zen. Dagoeneko hamabi txapelketetan parte hartu dut”. Oso emaitza onak lortu ditu. “Espainiako txapelketa hiru aldiz irabazi dut eta Europako txapelketan bigarren postuan sailkatu nintzen. Europako txapelketa Maltan jokatu zen, martxoan”. 63 kilotik beherakoen mailan parte hartu du beti.

Bere marka onena Europako txapelketan egin zuen. 490 kilo altxatu zituen: 175 kilo sentadillan, 117,5 aulki sakakadan eta 197,5 pisu hilean.

Bere helburua munduko txapelketan hamar lehenengoen artean sailkatzea da. “Hamar lehenengoen artean sailkatzea lortzen badut, urtea borobilduko dut. Nire helburua munduko txapelketan 500 kilo altxatzea da”.

Bera izango da euskal herritar bakarra, nahiz eta powerliftingak geroz eta jarraitzaile gehiago dituen gure artean. “Pandemiaren ondorengo urteetan gorakada nabarmena izan du. Lehiaketetan geroz eta jende gehiagok parte hartzen du eta horrek asko pozten nau”.

Afizioa zuena ofizio bilakatu da. “Bilboko Fitness Park gimnasioan hasi nintzen mundu honetan lanean. Bi urte eman nituen bertan. Ondoren Murtziara joan nintzen. Fitness Parkek Murtzian ere gimnasioa du eta beraientzat lan egiten jarraitu nuen. Egun, crossfit entrenatzailea eta entrenatzaile pertsonala naiz”, aipatu du.

Publizitatea eta Harreman Publikoak ere ikasi zuen, baina ez du sekula alor horretan lan egin. “18 urterekin ez nekien zer ikasi eta hori ikastea erabaki nuen, baina ondoren kirol mundua nahiago nuela ikusi nuen eta kirol munduan lan egiteko ikasi nuen. Online ikasi nuen”.

Irailetik Urretxun lan egiten du. “Murtziatik iaz itzuli ginen. Nire mutila gasteiztarra da eta ni markinarra. Etxea aurkitzea ez da erraza eta Bergaran aukera bikaina suertatu zitzaigun. Online ere lan egiten dut, baina aurrez aurre lan egitea gustatzen zait eta inguruko gimnasioetan lan bila hasi nin-tzen”.

2026-05-07T06:56:14+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo