Buscar
Gipuzkoa

Urretxu eta Zumarragako udalak, haur eta nerabeen ongizatearen alde

Heziz Hazi programa eta udaleku irekiak aurkeztu dituzte
Luqui eta Mendiluze, udaleku irekien aurkezpenean.
Luqui eta Mendiluze, udaleku irekien aurkezpenean. / Asier Zaldua

Urretxuko eta Zumarragako udalek haur eta nerabeen ongizatea helburu duten bi egitasmo aurkeztu dituzte: Heziz Hazi programa, haur eta nerabeen ongizate digitala eta gurasotasun positiboa sustatzeko, eta udaleku irekiak.

Heziz Hazi programan hiru ekitaldi egingo dituzte, Zumarragako kultur etxean. Maiatzaren 14an pantailen eraginari buruzko hitzaldia egingo dute. Mirene Beriain pediatra eta Maitane Laskurain optometrista pantailek haurtzaroan ikusmenean eta ahozkotasunean duten eraginaz arituko dira. Hitzaldi hori Altxa Buruak taldeak proposatu du.

Maiatzaren 21erako beste hitzaldi bat antolatu dute. Haurren garapenari buruzkoa izango da. Arauak eta mugak lantzea da helburua. Hitzaldia Alvaro Beñaranek egingo du. Europako psikomotrizitate eskolen erakundeko presidentea eta Luzaro psikomotrizitate eskolako kidea da.

Maiatzaren 28an eta ekainaren 4an, berriz, lehen sorospen ikastaro bat emango dute, 0-6 urte bitarteko haurren gurasoentzako. Helburua familiei eguneroko egoeren aurrean segurtasuna eta tresnak ematea da. Ikastaro horretan parte hartu nahi dutenek labur.eus/UZSOROSPEN-era jo behar dute. 40 lagunentzako tokia dago. Bai hitzaldiak eta bai ikastaroa, 18.00etan hasiko dira.

Urretxuko eta Zumarragako udalek 2026ko udaleku irekiak ere aurkeztu dituzte. Aurtengo berrikuntza nagusia 10.00etatik 14.00etara izango direla da: egunero orain arte baino ordu bat beranduago amaituko dira, gurasoek eskatuta. Udaleku irekiak uztailaren 6tik 22ra izango dira, astelehenetik ostiralera. Topalekua izena emandako familiei jakinaraziko zaie.

HH5 eta LH5 bitarteko ikasleek parte har dezakete, bi mailak barne. 310 haurrentzako tokia dago. Plazak izen-emate ordenaren arabera esleituko dira. Izena emateko epea maiatzaren 11n irekiko da eta epea maiatzaren 29an amaituko da.

Bi udalen webguneetan eman ahal izango da izena, baina ezinbestekoa izango da ondoren kultur etxeetako batera joatea formalizatzera. Zumarragako Zelai Arizti kultur etxera 15.00etatik 17.30era joan ahal izango da eta Urretxuko Aizpurunean kultur etxera 17.30etik 20.00etara. Izena emateko orria bete eta Osakidetzako txartelaren fotokopia bat entregatu beharko da.

Parte hartze kuota 47 eurokoa da. Familiek iaz baino 11 euro gehiago ordainduko dute, baina egunero ordu bat gehiago izango dute. Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren onuradun diren familiek ez dute ordaindu beharrik izango.

Heziz Hazi programa eta udaleku irekiak asteartean aurkeztu zituzten. Ekitaldian Jon Luqui Urretxuko alkateak eta Iñaki Mendiluze Zumarragako zinegotziak parte hartu zuten. Udalekuen helburua haurrek beraien denbora librea modu hezitzailean, balioz beteta eta euskaraz gozatzea dela esan zuten. “Udaleku irekiek kontziliazioa ahalbidetzen dute eta ikastetxe ezberdinetako haurren arteko hartu-emana sustatzen dute. Herria egiten laguntzen dute. Gainera, gazte askori lana ematen diete”, esan zuen Mendiluzek.

Luqui ados azaldu zen. “Komunitatea egiten dute, gurasoei laguntzen diete, adin ezberdinetako haurren arteko harremana sustatzen dute, 20 bat gazteri lana ematen diete…”.

Etiquetas
2026-05-08T10:50:06+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo