Gipuzkoa

Urretxu eta Zumarragako Goierri xake taldeak egoitza berria inauguratu du

Xakea kalera atera nahi dute eta horretarako Mendiaratz plazara joan dira
Inaugurazioan parte hartu zuten lagunetako batzuk. / Asier Zaldua

Goierri xake taldeak bere egoitza berria inauguratu du. Urretxuko Labeaga kaleko 54an dago (etxe laranjetan). Ekitaldian Miguel Angel Muela Euskal Xake Federakuntzako presidenteak, Jon Luqui Urretxuko alkateak eta Iñaki Mendiluze Zumarragako zinegotziak parte hartu zuten. Goierri xake taldeko Ketxus Amenabarrek beraien egitasmoaren berri eman zuen. Helburu nagusietako bat haur eta gazteekin lan egitea da eta, horretarako, xake eskola martxan jarriko dute.

Amenabar izan zen hitza hartzen lehena. Eskerrak eman zizkien lagundu dieten guztiei. “Hasteko, Urretxuko eta Zumarragako udal ordezkariei eman nahi dizkiet eskerrak: kultura, kirol eta gaztedia teknikariei, zinegotziei eta alkateei. Udaletxeetara joan ginenean, harrera oso ona izan zen. Gizarte eta hezkuntza arloan egin behar dugun ekarpena ikusita, inbertsioak merezi zuela esan zeniguten. Zuen konfiantzari behar bezala erantzutea espero dugu. Bestalde, arau asko bete behar dira eta ardura handia dugu. Udalen babesa izatea ezinbestekoa da”.

Ikastetxeei ere eskerrak eman zizkien. “Gure proiektua familiei transmititzeaz gain, gure proiektuari forma ematen lagundu diguzue. Hiru xake irakasle ditugu, baina ez gara hezitzaile profesionalak. Zuek emandako lau ideiek gure lan sistema osatuko dute. Haurrak pantailen mundutik atera eta hona ekarriko ditugu, toki seguru batetara. Hemen ondo pasako dute eta integratu egingo dira. Xakea oso integratzailea da: neskek eta mutikoek elkarrekin jokatzen dute. Baita adineko pertsonekin, gutxitu fisikoekin, itsuekin eta beste hizkuntza bat hitz egiten dutenekin ere. Horretaz gain, hemen frustrazioa kontrolatzen ikasiko dute. Xakean batzuetan irabazi egiten da eta besteetan ikasi egiten da. Hirugarren ideia PISA txostenarekin lotuta dago: haurrei kontzentratzea kostatzen zaie eta xakeak horretan laguntzen du. Bukatzeko, haurren mentalitate kritikoa eraikitzen lagunduko dugu”.

Amenabarrek inguruko klubetako kideei, Muelari, komunikabideei, Goierri elkarteari eta xake saileko kideei ere eskerrak eman zizkien. Lokaleko obra xake saileko kideek eta beraien senitartekoek egin dutela gogoratu zuen.

Muelak Goierri xake taldeko kideak egiten ari diren lana goraipatu zuen. “Xake eskola honek etorkizun oparoa izango du. Gure babesa izango du». Xakearen onurez ere hitz egin zuen. «Xakeak alzheimerrari aurre egiteko balio du, xakean jokatzen duten gazteek beraien ikasketetan emaitza hobeak lortzen dituzte...”.

Luquik ere Goierri xake taldekoen lana txalotu zuen. “Komunitatearentzat lan egiten ari den talde bat guregana etortzea eta egitasmo berri bat aurkeztea sekulakoa da. Oso erraz jarri digute. Gure lana paperekin eta diruarekin laguntzea izan da. Emaitza lokal hau da. Kultur etxetik kalera atera nahi zenuten eta lortu duzue. Eskerrak eman nahi dizkizuegu egiten duzuen lanagatik”.

Mendiluze izan zen hitza hartzen azkena. “Gizartea gero eta indibidualistagoa da. Hori dela eta, hau bezalako espazioak oso baliotsuak dira. Horrelako tokietan helduak gazteekin elkartzen gara. Eskerrak eman nahi dizkizuegu. Ziur ondo joango dela. Senecak norabiderik ez duenarentzat ez dagoela aldeko haizerik esaten zuen, baina zuek oso norabide zehatza duzue”.

13/10/2026