Actualizado hace 5 minutos
Gainzuri ikastetxeak egutegi bat egiten du urtero. Ikastetxearen egitasmo garrantzitsuenetako bat da, 3 urtetik Lehen Hezkuntzako 6. mailara bitarteko haur guztiek parte hartzen baitute eta bere helburua euskal kulturaren transmisioa bermatzea baita. Aurtengo egutegia euskal kirolariei buruzkoa da.
Irailean eman zioten hasiera proiektuari. Kirolariak aukeratzea zaila izan dela azaldu dute, “Euskal Herrian maila handiko kirolariak” baitaude. 12 hilabetetan agertu behar ziren kirolariak aukeratzeko orduan, umeentzat ezagunak izateari garrantzia eman diote. Horretaz gain, euskal kulturari eta euskarari ekarpen garrantzitsuak egin dizkiotenak ere aipatu nahi izan dituzte. Genero ikuspegia eta kirol aniztasuna ere kontuan izan dituzte. Urretxu eta Zumarragako kirolariak ere hautatu dituzte, noski.
Aurtengo egutegiaren leloa Kirola bultzatu eta euskaraz mintzatu da. Hilabete bakoitzean kirolari baten ibilbidea jaso dute. Urtarrileko kirolaria Iñaki Artola pilotaria da, otsailekoa Manex Ansorregi saskibaloi jokalaria, martxokoa Malen Osa mendiko korrikalaria, apirilekoa Maitane Etxeberria eskubaloi jokalaria, maiatzekoa Jagoba Arrasate futbol entrenatzailea, ekainekoa Patxi Usobiaga eskalatzailea, uztailekoa Maialen Chourraut piraguista, abuztukoa Nadia Erostarbe surflaria, irailekoa Ainhoa Sanz korrikalari urretxuarra, urrikoa Alex Txikon alpinista, azarokoa Lur Errekondo harri jasotzailea eta abendukoa Nicolas Alustiza txirrindulari zumarragarra.
Artola pilotaria Alegin jaio zen eta aurten 12 urte beteko ditu profesional mailan. Binakako txapelketa jokatzen ari da Imazekin. Pilotari indartsua da eta euskara ere indarrez defendatzen duelako da ezagun: bertsolaria da eta komunikabideetan euskaraz hitz egiten du beti.
Ansorregi, berriz, saskibaloi jokalaria da. Azkoitian jaio zen 2002an. FEBko lehen mailan jokatzen du, Inveready Gipuzkoa taldearekin. Osa oñatiarra da eta 23 urte ditu. Munduko mendi lasterketa garrantzitsuenetan parte hartu du. 2024an bigarren egin zuen Zegama-Aizkorri maratoian.
Etxeberria eskubaloi jokalaria Lezokoa da. Makina bat urte daramatza Bera Bera taldean. Hamar Liga eta zazpi Kopa irabazi ditu. Arrasate Bizkaiko Berriatua herrikoa da. Lehen mailako hiru talde entrenatu ditu: Reala, Osasuna eta Mallorca. Artola bezala, bertsozalea da eta bere euskaltzaletasuna ezaguna da.
Usobiaga eskalatzailea eibartarra da. Munduko Kopa eta Munduko Txapelketa irabazi ditu. Chourraut lasartearrak ere mundu mailako lorpenak ditu. Olinpiar Jokoetan hiru domina lortu ditu: urrezkoa 2016an, zilarrezkoa 2021ean eta brontzezkoa 2012an.
Erostarbe surflaria da. 2024an, laugarren egin zuen Munduko Txapelketan eta Parisko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen. Sanz urretxuarrari dagokionez, makina bat aldiz irabazi ditu Euskadiko eta Gipuzkoako kros txapelketak. Horretaz gain, Munduko Txapelketan parte hartu du.
Txikon lemoarra ere aski ezaguna da. Zortzimilakoak neguan igotzeagatik nabarmendu da, batez ere. Errekondo usurbildarra harri jasotzailea da eta eskubaloian ere aritu zen. Bukatzeko, Alustiza zumarragarra Euskaltel-Euskadi txirrindulari taldeko kidea da.