Bihar arratsaldean Zumarraga-Urretxu futbol txapelketa jokatuko da Argixaon. Lehenago, eguerdian, Urola Kirol Elkarteak Antioko Amari ohiko lore eskaintza egingo dio. Denboraldi berrian 20 talde federatu izango ditu klubak, 490 futbolari ingururekin eta 67 entrenatzailerekin.
Txapelketako lehen partida 15.30ean jokatuko dute emakumezkoek. Urolak Debagoiena Bailara izango du aurkari. Ondoren, 17.30ean, gizonezkoen txanda izango da, eta Urolak Ilintxaren aurka jokatuko du.
Partiden aurretik, 13.00etan, Antioko Amari lore eskaintza egingo dio Urola Kirol Elkarteak. Ekitaldian bi talde nagusietako jokalariek, zuzendaritzako kideek eta Zumarragako Udaleko ordezkariek hartuko dute parte.
Bestalde, gaur eta hilaren 12an bazkide txartelak banatuko dira Zumarragako Euskadi plazan, 10.30etatik 13.00etara. Klubak bazkideei bi egun horietan txartelak jasotzeko aukera eskainiko die.
Lehen taldeei dagokienez, gizonezkoen Ohorezko Erregional Mailako taldeak irailaren 13an hasiko du 2026-2027 denboraldia, Ondartzan, Hondarribiaren aurka. Denboraldi honetan, Valen Tenak hartu du gizonezkoen lehen taldea gidatzeko ardura, Markel Babarro, Julio Pastrian eta Aitor Moreno laguntzaile dituela.
Emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailako taldeak, berriz, astebete geroago ekingo dio lehiaketari. Urolak Elgoibarren aurka jokatuko du Mintxetan. Beste urte batez, Aitor Irizar, Juanlu Elizondo eta Mikel Irizar dira taldearen entrenatzaileak.
Bi talde nagusiek abuztuan ekin zieten entrenamenduei, eta klubeko gainerako taldeak ere martxan dira dagoeneko. 2026-2027 denboraldian, Urolak 20 talde federatu izango ditu (14 gizonezkoenak eta sei emakumezkoenak), Futbol Eskolaz gain. Guztira, 490 futbolari inguruk eta 67 entrenatzailek osatuko dute klubaren egitura.
Denboraldi berriari begira, Urola Kirol Elkartearen zuzendaritzak egungo proiektua sendotu eta aurrerapauso berriak ematea izango du helburu, bai kirol arloan, bai klubaren kudeaketan eta etorkizuneko proiektuan.
Kirol arloan, emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailako taldearen lehiakortasuna handitzea izango da erronka nagusietako bat. Gizonezkoen taldean, berriz, staff tekniko berriarekin eta etxeko jokalarien aldeko apustuarekin etorkizuneko proiektua eraikitzen jarraitzea izango da helburua. Gazte eta kadete mailetan, berriz, kategoriari eustea izango da lehentasuna.
Era berean, klubaren eguneroko kudeaketa hobetzeko neurriak indartuko dira. Besteak beste, Joko OK protokoloa, jokalarien itzulerarako irizpide bateratuak, Urola-Real metodologia eta entrenatzaileen egitura landuko dira.
Kirol helburuez harago, klubaren etorkizuneko sendotasuna eta nortasuna indartzea izango dira zuzendaritzaren ardatz nagusietako batzuk. Ekonomia arloan, gastuen kontrolari eta baliabideen kudeaketa arduratsuari eutsiko zaio, eta, aldi berean, babesle berriak erakartzea eta aliantzak indartzea sustatuko da.